BARKATU aditzak zalantza ugari sorrarazten digu jokatzeko garaian, eta maiz irakurtzen edota entzuten ditugu *barka nazazu, *barka gaitzazue, *barkatu ahal zaitu, *ez zaitut barkatuko… formen tankerakoak. Honela beharko lukete: barka iezadazu, barka iezaguzue, barkatu ahal dizu, ez dizut barkatuko…
Pertsona bati dagokionean, NOR-NORI-NORK motako laguntzailearekin jokatu behar da BARKATU aditza.
Hona hemen hitzez hitz Euskaltzaindiaren Hiztegian datorren sarrera:
barkatu, barka, barkatzen du ad. (Pertsona bati dagokionean, dio ad.). Huts, irain edo bekatu bat zigortzeari edo zor bat hartzeari utzi. Irain guztiak barkatu nizkion. Apaizak barka ditzake bekatu guztiak? Barka iezadazu. Barka, jauna. Etsaiei barkatzea. Aita, barka iezaiezu, ez baitakite zer ari diren. Irain guztiak barkatu nizkion. Hartzekodunak zorra barkatu. Ez duzu pagatu behar, baldin hartzekodunak berak barkatzen badizu. Erraz barkatzen dena. Ezin barkatuzkoa. Bihotzez barkatu.