Okerrak: *urtarrila bukaeran, *ekaina hasieran, *iraila amaieran…
Zuzenak: urtarril bukaeran, ekain hasieran, irail amaieran…
Hiztun askok uste dute urtarrila, otsaila, apirila, maiatza, ekaina, uztaila, iraila direla hilabeteen izenak, hau da, -a itsatsia dutela. Uste okerra da hori. Urtarril, otsail, apiril, maiatz, ekain, uztail, irail dira hilabete horien izenak; beraz, hitz elkarketa egitean ez dute amaieran -a bokala hartu behar.
Hortaz, okerrak dira, adibidez, Interneten topatu ditudan adibideok:
a) *Hil honen bukaeran edota urtarrila hasieran jarriko dute.
b) *Udalak dio otsaila bukaeran erabili ahal izango dela.
c) *Negu giroa *apirila amaieran.
Beste era honetara beharko lukete:
a) Hil honen bukaeran edota urtarril hasieran jarriko dute.
b) Udalak dio otsail bukaeran erabili ahal izango dela.
c) Negu giroa apiril amaieran.
OHARRA. Adibide hauetan guztietan zuzena da, jakina, hilabetearen izenari genitiboa eranstea: urtarrilaren bukaeran, ekainaren hasieran, irailaren amaieran, otsailaren bukaeran…
Gai honi lotuta, ikus blog honetan bertan argitaratutako beste bi sarrera hauek: