Zuzenak: Unaik, Unairekin, Unairentzat, Unairen…
Unai, pertsona-izena, bokalez amaitutako beste edozein izen bezalaxe deklinatu behar dugu euskara batuan, nahiz eta zenbait hiztunek uste duten diptongoz bukatutako hitzak kontsonantez bukatutakoak bezala deklinatu behar direla. Uste okerra da hori.
Honatx Internet sarean aurkitutako zenbait oker:
- *Unaiek anaia bat zeukan Patxi izenekoa.
- *Jonek aspaldian markatua zuen gaurko eguna Unaiekin igarotzeko.
- *Unaien urtebetetzea azaroaren 23an izanen da eta familia eta lagunekin ospatuko du.
Euskara batuan, zuzenak izateko, honela behar dute:
- Unaik Patxi izeneko anaia bat zeukan.
- Jonek aspaldian markatua zuen gaurko eguna Unairekin igarotzeko.
- Unairen urtebetetzea azaroaren 23an izanen da eta familia eta lagunekin ospatuko du.
Esan bezala, diptongoz bukatutako hitzak bokalez bukatutako beste edozein bezala deklinatu behar dira. Hala dio Euskaltzaindiaren 29. arauak: Diptongoz bukatzen diren izenen deklinabidea.
Diptongoen gaiari lotuta, irakurri blog honetan bertan argitaratutako beste hiru sarrera hauek ere:
a) Okerrak: *2014ean, *2014eko, *2014etik, *2014era…
b) Okerrak: *otsailaren 20ean, *otsailaren 20etik, *otsailaren 20era, *otsailaren 20eko…
c) Okerrak: *martxoaren 24ean, *martxoaren 24eko, *martxoaren 24etik…