Itxuraz antzekoak izan arren, esanahi ezberdina dute gutxiengo eta gutxieneko hitzek. Hiztun batzuek, ordea, “gutxiengo” bakarrik erabiltzen dute bi esanahietarako.
Gutxiengo hitzak zerbaiten azpimultzo txikia adierazten du, gaztelaniazko ´minoria` hitzaren ordaina da. Gutxieneko hitzak, berriz, kopuru edo neurri txikiena duena adierazten du, gaztelaniazko ´minimo`hitzaren euskal ordaina da.
Honatx, zer sarrera datozen Euskaltzaindiaren Hiztegian:
- gutxieneko 1 izlag. Gutxieneko ahalegintxo bat bederen. Bi urte markatu beharko genituzke gutxieneko kontuan: 1848 eta 1870.
2 Adlag. Gutxienez.
- gutxiengo iz. Gehiengoa osatzen ez duen taldea edo alderdia. Gutxiengoen ordezkaritza. Gutxiengoaren iritzia. Biztanleriaren gutxiengo txiki bat.
Hortaz, okerrak dira Internet sarean topatutako hauek:
a) *Kontseiluak 10eko eskalan 7a jotzen du gutxiengo notatzat.
b) *Gutxiengo hitz kopuru bat eskatzen da.
c) *Ez dute gutxiengo adostasuna lortu.
d) *Lehen Mailan urteko gutxiengo soldata 120.000 eurokoa da.
Beste modu honetan behar zuten:
a) Kontseiluak 10eko eskalan 7a jotzen du gutxieneko notatzat.
b) Gutxieneko hitz kopuru bat eskatzen da.
c) Ez dute gutxieneko adostasuna lortu.
d) Lehen Mailan urteko gutxieneko soldata 120.000 eurokoa da.
Ideiak gehiago argitze aldera, ikus Elhuyar hiztegian datozen sarrerak:
gutxieneko zerbitzuak: servicios mínimos
gutxieneko ahalegintxo bat bederen: al menos un esfuerzo mínimo