Askoren ustez, bi puntuen ondoren maiuskulaz idatzi behar da. Salbuespenak salbuespen, uste okerra da hori. Bi puntuen ondoren minuskulaz idatzi behar da, kontrako arrazoirik ez bada behintzat. Adibidez:
- Oso garbi du urteak bete aurretik zer egin nahi duen: marka ezarri.
- Hauek dira lau urtaroak: udaberria, uda, udazkena eta negua.
- Ordubetean bukatu zituen etxeko lanak: hautsa kendu, lisatu eta otordua prestatu.
Ikus dezagun noiz idatzi behar den maiuskulaz:
a) Bi puntuen ondoren datorren hitza maiuskulaz idazten dena denean (izen berezia, sigla…). Honatx adibide batzuk:
- Ipar Europako herrialdeak ezagutu zituzten: Norvegia, Suedia, Finlandia, Islandia eta Danimarka.
- Bi irakasgai irakasten ditu: Fisika eta Matematika.
- Iruñera joan aurretik, herrian bertan egin nituen nire lehen ikasketak: HH, LH eta DBH hain zuzen ere.
b) Bi puntuen ondoren hitzez hitzeko aipamena txertatzen denean (norbaiten hitzak). Honatx adibide batzuk:
- Valverde: “Sinestezina iruditzen zait partida hau galdu izana”.
Oharra: letra larrien, hots, maiuskulen erabilera zehazturik dago Letra larriak erabiltzeko irizpideak liburuxkan.