Desberdinak: “ordenagailua apurtu” eta “ordenagailua hondatu”

Zenbait hiztunek ez dute “hondatu” edo “matxuratu” erabiltzeko ohiturarik, eta horien ordez “apurtu”, “hautsi” edo “puskatu” aditzak erabili ohi dituzte. Ez dira, ordea, sinonimoak. Ikus dezagun, bi adibide hauen bitartez, zein den aldea:

1. Ordenagailua apurtu zitzaigunetik, tableta erabiltzen dugu informazioa bilatzeko.

2. Ordenagailua matxuratu zitzaigunetik, tableta erabiltzen dugu informazioa bilatzeko.

Lehendabiziko adibidean esaten ari gara ordenagailua hautsi egin zitzaigula, zenbait zatitan puskatu zela, istripu edota kolpe baten ondorioz esate baterako. Beste kontu bat da, ordea, ordenagailuak matxura bat izatea nahiz eta puska edo zatietan hautsita egon ez. Ideia hori adierazteko, bigarren adibideaz baliatuko gara, eta testuinguru horretan ez litzateke zuzena “apurtu” erabiltzea.

Besteak beste modu hauetan adieraz daitezke bi adiera ezberdin horiek:

1. Ordenagailua apurtu zaigu = Ordenagailua puskatu zaigu = Ordenagailua hautsi zaigu…

2. Ordenagailua hondatu zaigu = Ordenagailua matxuratu zaigu = Ordenagailuak matxura du

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.