Testuinguru bakar batean ere ez dira zuzenak izango sarrera honen izenburuko formak zein horien parekoak.
Zuzenak: egosita, zuzenduta, erabilita, itxita, lotsatuta…
Horiek guztiak adberbioak dira eta forma aldetik aldagaitzak. Hortaz, forma bera erabili behar da bai singularrean bai pluralean:
- JokalariA nekatuTA dago.
- JokalariAK nekatuTA daude. (Inoiz ez *nekatuTAK)
OHARRA. Beste forma hauek ere zuzenak dira:
- JokalariA nekatuA dago.
- JokalariA nekatuRIK dago.
- JokalariAK nekatuAK daude.
- JokalariAK nekatuRIK daude.
Hona hemen Internet sarean topatutako oker batzuk:
a) *Egositak daudenean atera eta utzi hozten.
b) *Kurba Konikoak_ Ariketa Zuzendutak.
c) *Horrelakoak oso erabilitak dauzkazue.
d) *Fetuak nahiz eta begiak itxitak izan, alde batera eta bestera mugitzeko gaitasuna du.
e) *Batzuk pixka bat lotsatutak zeuden.
Modu honetan behar dute zuzenak izateko:
a) Egosita daudenean atera eta utzi hozten.
b) Kurba Konikoak_ Ariketak zuzenduta.
c) Horrelakoak oso erabilita dauzkazue.
d) Fetuak nahiz eta begiak itxita izan, alde batera eta bestera mugitzeko gaitasuna du.
e) Batzuk pixka bat lotsatuta zeuden.