Bi egitura hauek zuzenak dira eta esanahi bera dute, zenbait hiztunek besterik uste badute ere. Hala ondorioztatzen da Euskaltzaindiaren Hiztegian joan aditzari dagokion sarrera kontsultatuta. Hauxe diote 7. adieran:
joan, joan, joaten 7 da ad. (Egintzaren jarraitutasuna adierazteko, osagarritzat beste aditz baten era burutua -z atzizkiaz edo era burutugabea hartzen duela). Harrabotsa areagotuz doa. Herri xehea galduz omen doa euskara. Zorrak gehitu ahala, dirutza urritzen zihoakigun.
Hortaz, ondoko adibideetan, egintzaren jarraitutasuna adierazteko, zuzenak dira bi esaldiak. Lehen esaldia Internet saretik jasoa da, eta bigarrena guk erantsia.
a) Azken urte hauetan herria handituz joan da eta plaza haurrez beteta dago. = Azken urte hauetan herria handitzen joan da eta plaza haurrez beteta dago.
b) 10 eta 20 galtzen joan ondoren, partidari buelta eman dio 12 tanto jarraian eginda. = 10 eta 20 galduz joan ondoren, partidari buelta eman dio 12 tanto jarraian eginda.
c) Hamabost bat minutuz irakiten eduki behar da, saltsa goxatzen eta loditzen joan dadin. = Hamabost bat minutuz irakiten eduki behar da, saltsa goxatuz eta loditzen joan dadin.
d) XVII. mendetik aurrera sagastiak murriztuz joan ziren, baita sagardoaren kontsumoa ere. = XVII. mendetik aurrera sagastiak murrizten joan ziren, baita sagardoaren kontsumoa ere.