Mezu, ohar, gutun eta abarretan, ez da zuzena despeditzeko *agurtzen naiz, *agurrak edo *agur bat erabiltzea . Gaztelaniako me despido, saludos eta un saludo esapideen kalkoak dira hurrenez hurren.
Hona hemen, adibide zuzen batzuk “agur” hitzean oinarrituak:
- Esker mila eta agur
- Begirunez, agur
- Agur, adiskide
- Besterik gabe, agur bero bat
- Adeitasunez agurtzen zaitut
- Jaso ezazu nire agurra
Formula gehiago ere badaude, jakina: besarkada bat, ez adiorik, muxu handi bat, laster arte, hurren arte, nahi duzun arte… Hainbat kontu aintzat hartuta aukeratuko dugu formula edota konbinazio bat edo beste: zein den mezuaren gai edo mamia, zer eragin lortu nahi dugun hartzailearengan agur horrekin, zer konfiantza dugun, etab.
‘Agur bero bat’ ondo legoke ezta? Horrela bada, zergatik es ‘Agur bat’?
Oso galdera logikoa egin duzu. “Agur bero bat” ontzat ematen badugu, zergatik ez “Agur bat”?
“Agur bero bat” oso erabilia da eta oso ohituta gaude agur hori irakurtzera. Gainera, euskara-kontuetan “autoritatetzat” jotzen ditugun hainbat erakundek euren testu-eredu eta gomendioetan txertatua dute eta bultzatzen dute —”Agur bat” ez bezala—. Honatx, hori frogatzeko, lotura batzuk:
– IVAPeko estilo-liburuan, 249. orrialdean: http://www.ivap.euskadi.eus/contenidos/informacion/euskalduntze_argit/eu_def/adjuntos/estilo_liburua.pdf
– Eusko Jaurlaritzak: http://www.euskara.euskadi.eus/r59-11632/eu/contenidos/informacion/agiri_ereduak_23_kalitate/eu_kali/agiri_ereduak_b3_kalitate9.html
– IRALEk: a) http://iralekz.blogspot.com.es/2015/05/agur-bero-bat-agur-bero-beroa-aitor.html
b) http://www.irale.hezkuntza.net/web/guest/532
– Debagoieneko udaletako euskara zerbitzuek, Idatziak liburuxkako 7. orrialdean: http://www.debagoiena.eus/sites/default/files/documents/idatziak1.pdf
Bakar batean ere ez da “Agur bat” agertzen. Antza denez, ez du tradiziorik eta, nire irudiko, erdal kutsua du guztiz. Irakurri dudan apurretan, “Un saludo” agurra etorri izan zait beti burura; ez zait naturala egiten.