“askoetan”, “askoekin”, “askoek”… zuzenak dira?

Gero eta maizago entzuten eta irakurtzen dira Internet saretik jaso ditugun hauen tankerakoak:

*Bilbon, leku askoetan bezala, kaleetan egon gara indarkeria matxista salatzeko.

* Esaten dituzun gauza askoekin ados nago.

* “Falta dena!”, esango dute askoek.

*Askoentzat uda garaia liburu bat edo beste lasai irakurtzeko unea izan ohi da.

* Okerrena da mezu hori euskal herritar askoengana ere iristen dela.

Honatx nola behar duten modu zuzenean:

Bilbon, beste leku askotan bezala, kaleetan egon gara indarkeria matxista salatzeko.

Esaten dituzun gauza askorekin ados nago.

“Falta dena!”, esango dute askok.

Askorentzat uda garaia liburu bat edo beste lasai irakurtzeko unea izan ohi da.

Okerrena da mezu hori euskal herritar askorengana ere iristen dela.


“asko” zenbatzailea mugagabean deklinatzen da. Baina, adieraz plurala denez, zenbait hiztunek pluralean deklinatzen dute mugagabean deklinatu beharrean.


Hala ere, izenondo baten eskuinean doalarik mugatuan deklina daiteke, eta esaten denari enfasia ematen zaio modu horretan. Hona hemen zenbait adibide:

Elkarrizketa polit askoa gure hiru txirrindulariei eginikoa.

Bistan da makina bat aldiz jokabide bitxi askoekin topo egiten dugula.

Gazta bolak, azkar egiten diren pintxo eder askoak.

Euskaltzaindiaren Hiztegian asko hitza kontsultatuz gero, 6. adieran dator erabilera horren berri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.