Arantza Quecedo Urrutia / 2012-02-28 / 302 hitz
Adimena zer den definitzea ez da gauza erraza: gure lankideen artean edota senitartekoen artean galdetzen badugu, hamaika definizio irtengo da. Profesionalek ere askotariko irizpideak ditugu, eta zientziak ere oraindik ez du definizio eta azalpen bakarra aurkitu. Hori dela eta, aspaldian psikologoen artean hainbat teoria, ikerketa eta neurketa egin dira adimena bere osotasunean, edo hainbat egitura, modu desberdinean aztertzeko.
Adimena, alde batetik, ulertzeko ahalmena dugu, pentsamendu bidez nor bere buruaz jabetzeko ahalmena. Beste alde batetik, arazo bati edo egoera bati aurre egiteko irtenbidea bilatzeko ahalmena da, logika, arrazoinamendua eta planifikazioa erabiliz. Halaber, arin ulertzen eta azkar ikasten dutenentzat erabiltzen dugun ezaugarria da, ezagutza akademikoa baino gehiago, gainera. Dakigunez, genetika eta ingurunea, biak dira oso garrantzitsuak adimena hobetzeko: herentziak ematen digun ahalmena aberastu edo txirotu egin dezakegu, bizitako inguruaren, entzundakoaren, ikasitakoaren eta beste kontu askoren arabera.
Lehen aipatu dugun moduan, psikologoen artean adimena modu ugarietan hartzen dugu. XX. mendearen hasieran, adimena neurtzeko lehengo probak eta, haiei lotuta, hasierako teoriak sortu ziren: Catellen adimen fluidikatua eta kristalizatutako adimena; Stenbergen hiru inteligentzi amota —analitikoa, sormenezkoa eta praktikoa—; Wechslerren adimen linguistikoa eta maienatzeko adimena eta bere sorreratik gaur egunera oso erabiliak diren adimena neurtzeko bateriak. Adimena hain konplexua denez, eta ahalmen bakarra baino gehiago izan ei denez, teoria bakoitzak ikuspuntu desberdina ematen du, eta aztergai eta guztien baturak ulertzen laguntzen du.
Ildo horretatik, azken urteetan Gardner psikologo amerikarraren adimen anitzen teoria kaleratu da, eta, herri eta hezkuntza mailan, nahikotxo entzuten da egun hauetan. Psikologo horren helburua 1983an ez zen inteligentzia bera neurtzea, ikertzea eta hazteko bideak bilatzea baizik. Gardnerren ustez, zazpi adimen mota daude, eta gizaki bakoitzak adimen horien nahasketa dauka. Ondokoa da psikologo amerikarrak eginiko adimenen sailkapena: hizkuntza adimena; adimen logiko-matematikoa; musika adimena; espazio hutsean murgiltzeko adimena, eta gorputza mugimenduen adimena; nor bere burua ulertzeko adimena, eta besteak ulertzeko adimena; naturarekiko adimena; eta adimen filosofikoa.