Arantxa Iturbe / 2012-02-26 / 242 hitz
Hitzordura garaiz iritsi ezean lagunik ez topatzeko arriskuan hazitakoak errespetu handiagoa diogu adostutako orduari, sakelakoa poltsikoan jaiotakoek baino. «Non zaude?» bat nahikoa dute belaunaldi berriek, orduari erreparatu gabe nahi dutenarekin elkartzeko. Edo beharbada ez da belaunaldi kontua, ze, denok ezagutzen dugu sakelakoaz gerora maitemindutakoren bat, hitzordua baino hamar minutu beranduago deitzen duena «hamar minutuan hor naiz» esateko, telefonoa eskura izateak hamar gehi hamar zenbat den jakiteko gaitasuna galarazi balio bezala.
Puntualtasuna garrantzitsua dela uste dutenen taldekoa naiz. Litekeena da ez izatea belaunaldiagatik. Litekeena da izaerarekin zerikusirik ez izatea. Izango da akaso deformazio profesionala: irratiak duen erlojupeko morrontzaren eragina. Albistegia bukatzen den unean han egon beharrak (ez segundo bat lehenago, ez geroago) behartu izango nau ordupera makurtzera.
Edo errespetua orduari ez, baizik eta, izatekotan, pertsonei zor zaiela uste izateak. Eta orduak denontzat hirurogei minutu dituela jakiteak. Eta minutu batean —gaitasunak gorabehera— gutako bakoitza zer eta zenbat egiteko gai den konturatzeak. Eta batez ere, zain egoteak ze ezinegon eragiten duen frogatua izateak.
Lagun batek esaten du zain dagoenari zain daukanaz pentsatzen jartzeko aitzakia ematen zaiola. Eta zain daukanak zenbat eta gehiago luzatu zain dagoenaren denbora, orduan eta handiago dela pentsamentu gaiztoak izateko aukera. Horrexegatik bakarrik ere, ez dela komeni inor zain edukitzea.
enok iritsi gara noizbait berandu. Iristen gara. Noizbait berandu iristen denarengatik kezkatu egiten gara. Beti berandu iristen denari errespetua galtzen diogu. Eta ez diogu sinisten iritsi ezinik dabilenik. Edo bai. Sinisten diogu. Baina ez lanez gainezka dabilelako; gaitasunez «azpika» dabilelako baizik.