Jabier Agirre / 2012-03-27 / 707 hitz
Irritazioa, etengabeko malko jarioa, bekatxoak, aparteko sentikortasuna… Begiak gorputz-atalik delikatuenetakoa dira, eta aski normala da sarritan osasun-arazoak agertzea. Arreta-neurriak zaintzea da irtenbiderik onena.
Neurri batean edo bestean, gutako gehienok —guztiok ez esateagatik— izango genituen molestiak edo gaitzak begietan. Hasi konjuntibitis kasuetatik, eta bekatxoak, alergiak edo kisteak bezalakoetaraino. Begietako higiene egokiarekin eta, behar izanez gero, medikuaren aholkuekin, horiek guztiak konpontzeko modua izango dugu.
Konjuntibitisa
Betazalen barruko aldea eta begi-globoaren zati zuria estaltzen dituen mintzaren, konjuntibaren, inflamazioari esaten zaio konjuntibitisa. Hainbat arrazoi direla medio gerta daiteke:
• Substantzia narritagarriekin (tabako-kea, piszinako kloroa, makillajea eta abar) izandako kontaktuagatik.
• Erreakzio alergiko baten ondorioz.
• Birus edo bakterio batek eragindako infekzio moduan.
Sintomak
Usuenak begietako gorritasuna, eta betazaletako inflamazioa dira, azkura-sentsazioa —begi barruan hondarra edo hautsa sartu izan balitzaigu bezala—, begietako negarra —begi bustien etengabeko sentsazioa—, argiarekiko sentikortasuna eta malkoak baino lodixeagoa den likido seroso baten jariaketa.
Zer egin?
• Kasurik gehienetan, irritazioagatik edo birusengatik sortutako konjuntibitisak inolako tratamendurik gabe desagertzen dira. Dena den, sintomak arintzeko medikuak kolirioren bat errezeta dezake, kongestioa edo hantura gutxitzeko.
• Konjuntibitis bakterianoa bada, aldiz, espezialistak antibiotikoa duen kolirio edo pomadaren bat aginduko dio gaixotasuna duenari.
• Konjuntibitisa alergikoa baldin bada, azkenik, antihistaminiko bat aplikatzea da neurririk egokiena, tanta bidez edo agian pomada berezia erabiliz.
Bekatxoak
Bekatxoak edo begitxindorrak betazalen barruko aldean, betileak sortzen diren lekuan hain zuzen ere, kokatuak dauden guruinen infekzioa besterik ez dira.
Sintomak
Betazalaren ertzean koskor moduko bat agertzen da, mina eta astuntasun-sentsazioa eragiten dituena. Kasu batzuetan koskor edo bulto hori hautsi eta zornea agertuko da.
Zer egin?
Normalean bekatxoak bere kasa desagertzen dira. Baina gaur egun ezer egin gabe egoteko pazientziarik ez dugunez, medikuak kolirio antibiotiko bat errezetatuko du, tanta batzuk alegia. Zornea kanporatzea errazteko, ur berotan bustitako —edo hobe oraindik, kamamila-infusioan ondo blaitutako— gaza bat jar daiteke bekatxoaren gainean.
Begi lehorra
Begiek lubrifikazio egokia lortzeko adina malko sortzen ez dutenean egoera horri begi lehorra esaten zaio. Hainbat arrazoi direla medio gerta daiteke, baina ohizkoena zahartze-prozesu naturala da —65 urtetik gorakoen %75 inguruk trastorno hori jasaten dute—. Lentillak erabiltzeak, haurdunaldia edo menopausia bitartean gertatzen diren aldaketa hormonalek, edo ingurugiroko faktoreek —haizeak, eguzkiak…— ere sintomak areagotu ditzakete.
Sintomak
Lubrifikazio faltak irritazioa, azkura, gorritzea eta begi barruan zerbait edukitzearen sentsazioa bezalako sintomak eta trastornoak eragiten ditu.
Zer egin?
Molestiak ez badira oso gogorrak, egunero malko artifizialak erabiltzearekin nahikoa izaten da. Dena den, kasu serioagoetan kortikosteroideak bezalako farmakoak erabili beharko dira, modu topikoan, sintomak gutxitu eta inflamazioari aurrea hartzeko. Trastornoaren arrazoia betazalen posizio desegokia baldin bada, zenbait kasutan ebakuntza kirurgikoa gomendatzera iritsiko da espezialista.
Kisteak begietan
Betazaletan agertzen diren koskorrak dira, betazal-barrualdeko sebo-guruinen hodiak, guruinen jarioa kanpora atera ohi dutenak, itxi edo buxatu egiten direlako. Gehienbat akneak edo dermatitis seborreikoak jota dauden pertsonetan azaltzen dira era horretako kisteak begietan.
Sintomak
Hantura agertzen da betazalaren ertzean, pixkanaka tamainaz gehituz doana. Betazala zanpatuz kornea ere presionatzen badugu, ikusmen-arazoak eragin ditzake.
Zer egin?
Kistea ez bada bere kasa, tratamendurik gabe alegia, desagertzen, guruinaren buxadura konpontzen saia gaitezke, ur berotan bustitako gazak erabiliz. Molestiak arintzeko, medikuak antibiotikoak edo kortikoideak dauzkaten pomadak errezetatuko ditu begietarako. Hala ere, denborak aurrera eginda ere kisteak ez badira desagertzen, horiek drainatu eta behar bezala husteko ebakuntza kirurgikoaren premia baloratuko du espezialistak.
———————————-
Begiak sano mantentzeko aholkuak
• Ez partekatu gauza pertsonalik. Begietako makillajea, toallak… infekzioak saihesteko horrelakoak bakoitzak bereak erabili beharko lituzke.
• Saihestu automedikazioa. Ez erabili sekula kolirioak edo begietako pomadak aurrez medikuari kontsultatu gabe. Zenbait kasutan, botika horien erabilera desegokiak zure arazoak larriagotu edo kronifikatu ditzake.
• Zaindu zure lentillak. Oso garrantzitsua da lentillen higienea egokia izatea, beharrezko ardura-neurriak hartuz. Begietako molestiaren bat sentituz gero, ez erabili lentillak denbora puska batean, eta zoaz medikuarengana.
• Babestu eguzkitik. Eguzki-izpiek zure begiei eraso egiten diete, baita neguan ere. Eguzkiak gogor jotzen badu, babestu itzazu begiak, kristal homologatuak dauzkaten eguzkitako anteojoak erabiliz.
• Gutxitu begiko nekea. Lanean edo ikasketetan ikusmena ordu luzetan behartzen baduzu, saia zaitez 20 minutuz behin atseden hartzen —begirada ordenagailutik erretiratuz, adibidez— segundo batzuetan, eta begira iezaiozu urrutira dagoen puntu bati —aski duzu horretarako leihotik begiratzea—.