Imanol Mercero / 2012-03-25 / 392 hitz
- Izenburua: Nuvolari plaza
- Egilea: Karlos Linazasoro
- Ilustratzailea: Antton Olariaga
- Argitaletxea: Erein
Liburu honen protagonista Frantisek Abravanel Klee da; Franti, lagunentzat. Orain dela hamar urte agertu zen Euskal Letretan izen bereko obran, Franti, eta oraintsu berragertu da, haren herriko plaza garrantzitsuenaren izena dakarren alean, Nuvolari plazan.
Itxuraz aldatua dator; ez dira alferrik bi marrazkilari pasatu ordudanik: hastapeneko Mitxelena hura, egungo Olariaga hau.
Olariagaren Franti ximurra da, burusoila eta bufandaduna, oso urruti Mitxelenak 2002an egin zuen gizon bizarzuri ilekizkur hartatik —kapela ere galdu du bidean gizajoak—; hala ere, pertsonaia bera da, Matteomigliako funtzionariorik onena —besterik ba al da?—, Jurasek eraikineko bere bulegotik herritarren arazoak konpontzeko beti prest dagoen behargin arduratsua.
Funtsean denak igual jarraitzen du Matteomiglian. Aita Ripellinok meza telefono kabinan ematen du, oraindik ere. Kanpus eskaleak ez du utzi bere bizilekua, banketxeko ate birakaria. Frantiren bulegoa eskaeraz betetzen jarraitzen dute herritarrek; kalez kale ibiltzeko zabuak nahi dituzte; aurrekoan Anjelok esperantza galdu zuen gisan, oraingoan iparra galdu du norbaitek, eta abar.
Aurreko liburua eta hau ordea desberdinak dira puntu batean: hartan, unibertso berezi honen aurkezpena egiten liburu osoa ematen zuen, eta ez zegoen «gertaerarik». Oraingoan, aldiz, gertaera bat dago; agian, ez Frantiren eguneroko harrigarria narrazioaren ardatzetik mugiaraziko duena, baina bai fokuan jartzen dena: postariak Nuvolari plazako postontzian patera bat topatu du hamabi pertsonarekin. Hamabi naufrago, «denak beltzak».
Eta horrek nahitaez baldintzatzen du liburuaren ildoa. Baldintzatu egiten du bestela darion magikotasun xaloa, gure egunerokoarekin loturarik ez duen mundu baten irudia. Hain zuzen, egunerokotasunaren alderdi larrienari begira jartzera behartzen gaituelako.
Istorioak, berez, bazekarren kritika sozial fina, umorez bezainbat ironiaz jositako kritika, ezen nola ulertu bestela funtzionario saiatuaren figura, nola ulertu jendeak galtzen dituen esperantza edota logika, nola ulertu alferrik esaten diren hitzekin antolatzen duten birziklapen negozioa, nola ulertu, azken finean, Matteomiglia osoa, gure gizartearekin oposizioan ez bada? Eta, halere, kritika hori dena azpitik zihoan, lizentzia literario onargarria zen beste alde batera begiratu nahi zuen irakurlearentzat. Baina beltzez betetako patera bati ezin zaio izkin egin…
Esanak esan, nire ustez, magia ez da galtzen, Matteomigliak jarraitzen du izaten 8 urtetik aurrerako irakurleek ezagutu beharreko mundu bat. Eta niri, bederen, hirugarren alea irakurtzeko irrika piztu zait bigarren hau bukatu orduko. Gainera, jakiteko gaude zer gertatu den herriko gainerako postontzietan, jakiteko gaude non enplegatuko dituzten hamabi etorri berriak. Eta galdera gehiago, Franti liburutik hona argitu ez direnak. Zeren, Urzidil jaunak irabazi ote zuen igeriketa dominarik olinpiadetan? Meritua bai baitzuen, Plaza Nagusian edota Parte Zaharrean entrenatzen baitzen, urik gabe, noski.