Xabier Martin / 2012-03-07 / 691 hitz
Konposatu Toxiko Iraunkorrak giza organismoan pilatzen dira bizitza osoan, elikaduraren bidez. Gorputzak ezin ditu metabolizatu, eta substantzia arriskutsuok metatuz doaz, giza gorputza zabortegia balitz bezala.
Konposatu toxiko iraunkorrek (KTI) giza organismoan zein modutan eragiten duten ikertzeke dago. Urteak dira KTIen kutsaduraren inguruko azterketak egin zirela Katalunian. Miquel Porta Serra (Bartzelona, 1957) Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko (UAB) mediku ikertzaileak hiritarren artean KTIen kontzentrazioa zenbatekoa zen jakin izan nahi zuen orain urte batzuk, eta emaitzek alarma guztiak piztu zituzten.
Porta da Europako aditu handienetakoa gaiaren inguruan. Ez du ulertzen osasun agintaritzak, hau da gobernuek, dagoeneko neurriak hartu ez izana KTIen uholde arriskutsuaren aurka. «Harrigarria da osasunari hainbesteko kaltea egin diezaioketen konposatu hauei buruz gehiago ez hitz egitea, baina badira zio batzuk; kasurako, ikusezinak dira, hirietako kutsadura baino ikusezinago, eta ez dute usainik. Hala ere, hiritarren eta osasun agintarien kontzientziarik ezagatik batez ere dira ikusezin».
Miquel Portak argi dauka osasun arazo larri bati buruz ari dela, eta arazoak merezi duen arreta eskatzen du. «Zientzian beti daude mekanismoak hobeto ulertzeko, gehiago sakontzeko, baina honetan jadanik ez dago zalantzarik: konposatu hauen ondorio toxikoak izugarriak dira gorputzean, eta askotarikoak, gainera. Batzuk neurotoxikoak dira, nerbio sistemari erasotzen diote, baina, aldi berean, immunitate sistemari ere bai. Minbizia sortzen laguntzen dute, eta hormonen oreka nahastu, emankortasunean arazo larriak sortuz, esaterako».
Nola barneratzen ditugu KTI partikula horiek? Zein modutan kutsatzen gara? Elikadura da konposatu horien autobidea. Janarian datoz gehien-gehienak. Gantzetan disolbagarriak dira, eta, batik bat, animalien gantzak jatean barneratzen ditugu partikula kaltegarri horiek. «Animalien gantzek substantzia horiek pilatzen dituzte. Kate bat da: pentsuan jaten dituzte konposatuak animaliek; ia mundu osoan erabiltzen diren pentsuek animalia gantzak dituzte, KTI substantziekin». Beste bide bat ere bada, haatik. «Langile kopuru txiki bat toxikoekin batera lan egitean kutsatu ahal da, lindanoarekin edo amiantoarekin adibidez». Baina, osasun publikoaren ikuspegitik, elikadura da arazorik larriena konposatu toxiko iraunkorrez hitz egitean. Eta frutak eta barazkiak KTI substantzietatik libre al dira? «Normalean bai, konposatu horien arazoa kontzentrazioa baita, neurriz kanpo egotea, eta horretarako disolbatu egin behar dira, adibidez animalien gantzetan».
KTI substantzien arriskua iraunkortasunarekin dago lotua zuzenean. Halako gaiak gorputzean sartu, eta organismoa ez da gai haiek botatzeko, ezin ditu metabolizatu. Ondorioz, urtea joan urtea etorri gorputzaren barruan geratzen dira, gero eta kopuru handiagoan, gainera». DDTak, hexaklorobenzenoa, lindanoa, poriklorobifelinoak, beta-HCH, dioxinak… Asko dira metatzen diren toxikoak, gehienak jatorri industrialekoak.
Dieta egoki bat
«Ez dago argi KTI kontzentrazio horiek behera egin dezaketen edo ez, kutsatu gabeko dieta bat egitearen ondorioz, adibidez. Beharbada, hala da, agian dieta egoki batek lagundu dezake. Segurua dena da elikadura egoki batekin KTI substantzien maila ez dela igoko». Aldiz, litekeena da bizitza osoan animalia gantzak jan dituen banakoetan konposatu toxikoen kontzentrazioak oso handiak izatea, eta horrek, azkenean, kalte bat sortzea. «Ni ez naiz harritzen jende gaztea gaixo ikustean; garrantzitsuena da galderak egitea, kontzientzia hartzea: zergatik dauka giltzurrun, bular edo gibeleko minbizia 52 urteko pertsona batek? Zergatik geratzen da 65 urteko emakume osasuntsu bat alzheimer oldarkor batek jota oso urte gutxian?».
Gaixotasun larriak direla eta, gero eta gizarteratuagoa dagoen normaltasunaren aurka dago Miquel Porta, finean. «Zergatik izaten dituzte gaixotasun larriak osasuntsu beharko luketen pertsona ez adinduek. Hori da benetako galdera. Konposatu toxiko horiek zerikusia dute horretan, eta oinarri zientifikoa badago hori esateko».
Ekoizpen ekologikoaren alde
Kataluniako hiritarren artean ikerketa handia egin zuten orain urte batzuk Portak eta haren lankideek, eta emaitza kezkagarriak azaleratu zituzten. «Kontzentrazio handiak aurkitu genituen, eta soilik 19 konposatu aztertuz, aurrekontu arazoak zirela eta. Itxura batean gazte eta osasuntsu dauden pertsonek KTI gai ugari izan ditzaketela ohartu ginen, eta hori ikusezina denez, gero ez dugu lotura egiten gaixotasuna datorrenean. Haurrek ikasteko dituzten zailtasunak, asma… askotarikoak dira konposatu horiekin lotutako arazoak».
Bizitza eredua dago osasunari eragiten dion arazoaren atzean. Halaxe uste du Portak, eta esperantza ere badu «hainbat talde txikik» hasitako bide berria zabaldu dadin. «Ekoizpen ekologikoarekin lotutako egitasmoa bide onetik doa konposatu toxikoak ahalik eta gehien alboratzeko». Aurrerapausoak eskatzen ditu: «Ez daitezela soilik aldagai kulturalean geratu, atal sinbolikoan; joan daitezela atal praktikora, benetako elikadura ekologiko baterantz».
Katalunian ikertu da hiritarren artean KTIei dagokien kutsadura; Euskal Herrian ez. Miquel Portak dio emaitzak ez direla zertan berdinak izan, baina antzekoak izango direla seguruenera. «Ulertezina da Euskadik oraindik halako ikerketa bat egin ez izana. KTI substantzien argazkia ateratzea behar-beharrezkoa da».