Lander Muñagorri Garmendia / 2012-03-08 / 983 hitz
Santa Maria la Real fundazioak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako arte erromanikoaren entziklopedia osatu du. XII. eta XIII. mendeetan eraikitako elizen bereizgarriak eta katalogazio lana biltzen ditu argitalpenak.
XII. eta XIII. mendeen artean, Euskal Herri osoan zehar eliza berri ugari eraikitzen hasi ziren. Kanpotik iritsi berri zen joera baten ondorioz, kristautasuna irudikatzeko arte berri bat sortu baitzen: erromanikoa. Europan mende bat lehenago hasi zen hedatzen estilo hori, eta geroago iritsi zen euskal lurraldera. Baina kontinente osoan zabaldu berri zen eraikuntzaren sukarra Euskal Herrira ere iritsi zen. Mende horietan, klima aldetik baldintza egokiak zeuden eraikuntzarako, eta asko eraiki zen. XIV. gizaldian erraztasun horiek zaildu egin ziren, eta izurritea, hotza eta izozteak ugaritu. Era horretan, eraikuntzaren sukarra apaldu egin zen, eta bolada batez ez zen ezer berririk eraiki. Etenaldiaren ondoren, berriz ere erromanikoko joerak ezarri ziren, baina une horretan Europan gotikoa zeritzon estilo berri bat hedatzen hasi zen. Ondorioz, eraikin berrietan bi estiloak uztartzen hasi ziren Euskal Herrian.
Garai historiko horretan eraikuntza ugari egin ziren, eta horietako askok egundaino iraun dute: eraiki ziren gisan, edo gizaldiz gizaldi egindako aldaketekin. Ziren bezala, edo ondoren egindako esku sartzeekin, erromaniko estiloko eraikin horiek guztiak ikerketa lan batean bildu dituzte. Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian inoiz erromanikoaren inguruan egin den ikerketarik «sakonena» egin baitu Santa Maria la Real fundazioak. Erromaniko garai osoa hartu dute ardatz, XII. mendetik hasi eta XIV.era arte. Atzo aurkeztu zuten Bilbon EAEko erromanikoaren entziklopedia, eta arte horrek duen presentziaren argazki osatu bat irudikatu nahi izan du fundazioak.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erromanikoaren entziklopedia hori, Santa Maria la Real fundazioa Iberiar penintsula osoan zehar egiten ari den entziklopedia sailaren barruan ulertu behar da. Orain arte Nafarroa eta Espainiako hainbat autonomia erkidegotako ikerketak argitaratu dituzte, eta etorkizunean Herrialde Katalanak eta Galiziako erromanikoko ikerketek amaituko dute entziklopedia saila.
Bien bitartean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan zehar egindako ikerketa aurkeztu dute. Erromanikoko 292 ondare bildu ditu entziklopediak hiru lurraldeetan. Horietatik gehienak, Araban topatu dituzte ikertzaileek, 227; Bizkaian, 33, eta Gipuzkoan, berriz 32. Baina kopuru horiek lekukotasunak dira, ez du esan nahi eraikin guztiak osorik daudenik. Izan ere, 65 eliza oso katalogatu dituzte, horietatik 62 Araban, eta gainerakoak Bizkaian. Lekukotasun horiek lau urtetako lanaren ondoren bildu dituzte, eta, ikerketa horren ondorioz, atera da hiru tomoko entziklopedia. Lekukotasun horiek kokatzeko, 183 plano eta 1.100 argazki bildu dituzte.
Aztarna geologikoak
Ikerketa lanean, bildutako aztarna bakoitzarekin fitxa bat osatu du Jose Javier Lopez de Okariz historialariak koordinatutako taldeak. Baina katalogazioaz gain, hainbat analisi ere bildu ditu EAEko erromanikoaren entziklopediak. Lopez de Okarizek berak, Erdi Aroko Arabaren inguruko ikerketa plazaratu du, eta Miren Eukene Martinezek, Bizkai eta Gipuzkoako erromanikoan sakondu du. Luis M. Martinez Torres geologoak, ordea, beste ikuspuntu bat eskaini die orain arte erromanikoko ikerketa lanak egiten zituzten ikerlariei.
Martinez Torresen ikerketan, Arabako lautadako garaiko harrobiak topatu ditu, erromaniko garaian eraikinak egiteko erabili zirenak, hain justu. Harri mota bereizgarria da Arabako elizetan topatu dutena; emaitza onak lortzen dituen materiala dela argitzen du ikerketak. Eta ondorioa ere plazaratzen dute: harrobi horiengatik, eta materialak zuen kalitateagatik, Arabako lautadako hauspo gisa uler daitekeela harria lantzea. Eta agian, erromanikoa horregatik hedatu zela horrenbeste Araban.
Ikerketa hori ez da eraikitako arrastoetan bakarrik oinarritu. EAEko erromanikoaren entziklopediak, material horien jatorrira jauzi egin baitu ikerketa geologiko horren bidez.
—————————————————
«Euskal erromanikoan giza buruen irudiek garrantzi handia zuten»
2008an ekin zion Jose Javier Lopez de Okarizek EAEko erromanikoaren entziklopedia egiten hasteko lanari, beste hainbat teknikorekin batera. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, denetara 255 herritan egin dituzte ikerketak, eta lau urteko lanaren emaitza da atzo aurkeztutako entziklopedia.
Ikerketa lanean erromanikoko 292 lekukotasun bildu dituzue. Horietatik 227 Araban daude. Lurralde horretan zergatik gorde dira ondare gehiago?
Ingurunearen historiak, geografiak eta garapenak zerikusi zuzena du horretan. Duela mila urte Araban 350 herri zeuden, San Millanen topatutako dokumentazio baten arabera. Herri horien %60 leku berean daude oraindik, eta antzeko biztanle kopuruarekin, gainera. Herritarren egonkortasun horrekin, ez da eliza gehiagorik behar izan, eta, orduan, zeuzkaten eliza erromanikoek bere horretan iraun dute. Eraikin sendoak ziren, gainera, harrizkoak, eta, ondorioz, ez dute askorik aldatu behar izan.
Gipuzkoan eta Bizkaian arrasto gutxiago ikertu izanaren arrazoia, beraz, hori izan daiteke?
Bai. Bertan elizak handitu egin zituzten, herriak ere asko hazi zirelako. Edozein modutan, erromaniko garaiko hainbat elementu gorde dituzte eliza horietan, ataria edo batailarriak. Erromaniko garaiko eliza gutxi geratzen dira, denak ere Bizkaian. Garai hartako hiru elizak bere horretan iraun dute, baina ermitak dira, mendi inguruan daudenak.
Zuen ikerketatik kanpo dago, baina zein da Nafarroako eta Iparraldeko erromanikoaren egoera?
Europako erromanikoan Nafarroa erreferentzia bat da. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian ez bezala, hemen monasterio erromanikoak daude, katedralak… Lizarra edo Zangoza, esaterako, sekulakoak dira erromanikoaren ikuspuntutik. Eraikin kopuruan txiki uzten ditu guk ikertutako datuak. Baina bakoitzak bere historia dauka. Iparraldean, berriz, barnealdeko herrietan topa daitezke erromanikoko adibideak, Zuberoan, batez ere, baina ez da oso ugaria.
Euskal erromanikoak, zein bereizgarri dauzka?
Arkitektura elementuak oso sinpleak dira, leku guztietan errepikatzen direnak. Habearte luze bat dauka, eta ondoren absidea. Normalean absideek forma kurbatuak izan ohi dituzte, baina guk ikertutakoen bi herenak lauak ziren, erraztasunagatik edo merkeagoa zelako horrela egitea. Elizetan topa daitezkeen irudien aldetik bestalde, elementu bereizgarriak topa daitezke euskal erromanikoan. Giza buruak eta bustoak oso ugariak dira, baina uropar erromanikoan ez da ageri horrenbesteko maiztasunez. Pentsa, aztertu ditugun 1.600 irudietatik 700 giza buruak ziren.
Zergatik izan daiteke hori?
Ez dakigu, zehazki, zergatik. Askotan atarietan topatu ohi dira, eta izkinak dekoratzeko ere erabiltzen ziren. Hortik ondorioztatu dezakegu eurentzat garrantzi handia zeukatela. Buru horiek, gainera, nahiko bereziak dira, oso sinpleak eta definizio handirik gabekoak baitira.
Erromanikoko elizak nola zaindu dira gaur egunera arte?
Kontuan hartu behar da elizak ez direla elementu arkeologikoak, oraindik bizirik daude. Herritarrentzat oraindik oinarrizko lekuak ziren, eta bizitzako unerik garrantzitsuenak bertan bizi izan dituzte. Hala nola bataioa, ezkontza eta lurperaketak elizan egiten ziren. Hori dela eta, elizak ongi zaindu dira, oro har. Hasierako egiturarekin batzuetan, eta handitu egin dira besteetan, zaharra aberasteko asmoarekin. Atari eta bataiarriak izan dira eliza zaharretatik gorde zituzten elementuak, batez ere.