Hausteko diseinatua

Xabier Martin / 2012-03-04 / hitz

Zaharkitze programatua aspaldiko kontzeptua da ekoizpena sailean egiten duen industrian; haatik, kontsumitzaile asko asaldaturik daude, berriki izan dutelako mozkinak handitzea helburu duen mekanismoaren berri; besteak beste, ‘The Light Bulb Conspiracy’ dokumentalari esker. Gailuak erabilera kalkulatu baten ostean apurtzeko edo matxuratzeko diseinatzea da zaharkitze programatua, eta, hala, berriak etengabe erostera bultzatzen du. 

Gauzak ez direla lehen bezala egiten. Hozkailuak, berogailuak eta abar ia betiko zirela garai batean; zuri-beltzeko telebistarekin aspertu eta koloretakoa erosten zela, baina ez zaharra matxuratu zelako; autoak bezala: bat erosi eta urte askoan harekin. Sentipenak dira, kontsumitzaileen kexu ez arrazoituak, edo sena. Eta baita gehiago ere. Zaharkitze programatuak azal dezake egungo erabiltzaileak sentitzen duena lau-bost urte besterik ez duen etxetresna moderno bat matxuratzen zaionean. Aspaldiko kontzeptua da industria munduan, 1930eko hamarkadakoa.

Thomas Alba Edisonen asmakizunarekin hasi zen dena. Bonbillak 2.000 ordu inguru irauteko ekoizten zituzten, harik eta enpresari talde batek iraupen hori txikitu egin behar zela erabaki zuen arte. Bai eta txikitu ere, erdira hain zuzen. Zaharkitze programatuaren hasiera izan zen; erosleek etengabe erosteko teknika martxan zen. Halaxe kontatzen du The Light Bulb Conspiracy dokumentalak. Cosima Dannoritzer (Dortmund, Alemania, 1965) zinemagilearen lana Interneten ikus daiteke. Europako hainbat telebistatan ere eman dute, besteak beste, TVE katean Comprar, tirar, comprar izenburupean.

Egungo krisi ekonomikoa gainditzeko kontsumoa sustatzea ezinbestekoa dela dio politika ekonomikoari buruzko ildo jakin batek; bada, 1930eko krisi latza gainditzeko formula hori bera sustatu zuten hainbat enpresarik. Nola, ordea? Zaharkitze programatua arlo askotara zabalduta. Kontsumitzailearen adostasuna, haren ongizatea edo iritzia gutxienekoa zen, eta gaur egun ere hala dela dirudi. Izan ere, 1929ko crash ekonomikoaren ondoren hasitakoa XX. mende osoan gailendu zen askotariko produktuen serieko ekoizpenetan, baita gaur egun ere.

Erosi eta erosi, eta berriro ere erosi. Etengabeko kontsumoaren eredua gailendu da gaur arte, eta, horretarako, ezinbestekoa izan da kontsumitzaileari beharra sortzea. 1950eko hamarkadako emakumeak nylonezko galtzerdi iraunkorrekin gustura baziren edo ez berdin dio, ehun ahulekin egindako galtzerdiekin aldatu ziren nylonezkoak, nahi gabe ere hausten diren horiekin.

Sinestekoa al da inpresorak egiten dituen etxe ezagun batek bere gailuei txip bat jarri izana, hainbat orri kopuru inprimatu eta gero huts egin dezan? Hala kontatzen du Cosima Dannoritzer egileak bere dokumentalean, eta hainbat froga erakusten ditu. Dena den, hainbat enpresatan eta hainbat produkturen ekoizpenean jarrera horrekin jarduten dela argi zegoen orain baino lehen. Jakina da, kasurako, iPod gailuak iraupen gutxiko bateriarekin merkaturatu zituela Apple etxeak. Hura amaitzean iPod berria erosi behar zela esaten zien erabiltzaileei.

Baina zaharkitze programatua zabala da enpresa munduan, eta era askotara egin daiteke. Modaren bidez, esaterako. Gutxi dira orain dela 20 urteko jantzi zaharkitu bat jartzen dutenak, inauterietan ez bada, edo, modaren ikonoek soilik ulertzen dituzten arrazoiak direla medio, berriro ere modan jartzen ez bada. Batzuek ez dute jantzi nahi iaz modan zegoen oihala edo kolorea, aurten ez dagoelako modan. Edo ez dute nahi pantaila laua ez duen telebistarik. Berdin dio tripaduna ongi dabilen edo ez; «bada garaia LTD barneraturik duen telebista laua erosteko; LED teknologiakoa, gainera, USB eta Hdmirekin, eta 200 hertz edo gehiagorekin». Halako pentsamoldearekin bizi da kontsumitzailea, eta zaila da tentazioari ezetz esatea saltoki gune handi bateko sarreratik pasatzen den bakoitzean. Epe labur batean etxeko ordenagailua alboratu eta eramangarri bat erosi dutenak ez dira gutxi izango, ezta eramangarria eduki arren iPad edo antzeko tableta bat erosi dutenak ere. Azken-azkena edukitzea, alegia muturreko teknologiaren jabe izatea eta prestigioa lotzen baitute han eta hemen, telebistako iragarkietan eta filmetan; eta lagunen arteko elkarrizketetan eta laneko giroan.

Gauzak beste era batera egin daitezke, ordea; produktuak iraunkortasun handiagoa edukitzeko diseina daitezke. «Bonbillak askoz gehiago iraun dezaketela frogaturik dago», esan zion kazeta honi Cosima Dannoritzer dokumentalgileak elkarrizketa batean. Modaren aldagai psikologikoaz gain, informatikan erabiltzen den beste mekanismo bat ere azaldu zuen Dannoritzerrek. «Bateraezintasuna baliatzen dute informatikan: duzun softwareak ez du balio gailu berrirako, edo alderantziz. Orain, berriz, USBrik ez duten ordenagailuak egin dituzte, eta gailu askok soilik USBrekin dabiltza». Hamaika trikimailu berriak erosteko beti. Nork nahi du duela bost-sei urteko sakelako telefono zaharra? Zertarako, askoz handiagoa izan arren, hamaika megapixeleko kamera ez badu eta ukipenezkoa ez bada?

Finean, gizarte eredu jakin bat dago arazoaren atzean. Etengabe kontsumitzera eta gailu berriak erostera bultzatzen du eredu horrek, zaharrak tonaka eta tonaka pilatuz, zabor mundu bat sortuz.

——————————————————————-

Jose Luis Segura. Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolakundeko prentsa arduraduna: «Aspaldiko susmoari izena jarri diote ikerketek: zaharkitze programatua»
Kontsumitzaile asko asaldaturik daude azken boladan zaharkitze programatuaren berri izan ondoren. Kontzeptu hori aspaldikoa da, ordea, enpresa munduan. Labur azalduko zenuke zer esan nahi duen?Produktuak, batik bat etxetresnak eta gailu elektronikoak, garapen teknologikoak bidea ematen duen baino askoz denbora gutxiago iraun dezaten ekoizten dituzte; nolabait iraungitze edo hiltze egun jarrita sortzen dira. Zelan, baina? Ahal eta behar baino erresistentzia eta iraupen gutxiago duten materialak edo osagaiak erabiliz, konponketak asko zailtzen eta garestitzen dituen konplexutasuna erabiliz… Kontsumitzaileok aspalditik genuen susmoa azken boladan zabaldutako ikerketa eta kazetaritza lan eder batzuek erabat egiaztatu dute, eta baita izena jarri ere: zaharkitze programatua. Bistan da mekanismo horrek kaltea dakarkiola kontsumitzaileari; salaketa asko izan dituzue nolabaiteko iraungitze data horrekin lotuta?Kalte nabarmena dakarkio. Eta iruzurra ere bai. Hara adibide bat: oso marka ezagun baten inprimagailu batzuk inprimatze kontagailu bat daukate, eta inprimatze kopuru batera helduta, hondatu egiten dira. Izugarria da. Erreklamazio asko heltzen zaigu etxetresnak eta beste hainbat gailu elektronikok gutxi irauten dutelako eta haiek konpontzeko dauden oztopoengatik, gero eta gehiago. Egia al da orain gutxiago irauten dutela hozkailuek, bonbillek, sakelako telefonoek eta abar?

Egia da. «Lehengo garbigailuek edo hozkailuek egungoek baino askoz gehiago irauten zuten», dio adineko jende ugarik, eta zuzena da. Duela hamarkada batzuetako gailuak, oro har, azken urteetakoak baino sendoagoak ziren; akatsen bat izanez gero, errazago konpontzen ziren, eta, hortaz, gehiago irauten zuten. Okerrerako bilakaera hori garbi ikusten da erreklamazioen gorakadan.

Dena den, bost-sei urtean bere telebista hondaturik ikusten duen kontsumitzaile batek ezingo du askorik egin, baldin eta tresnaren bermea bukatu bada, ezta? Alegia, zaharkitze programatuaren susmoa egon daiteke, baina nola frogatu halakorik?

Produktu berri guztiek bi urteko bermea dute. Denbora hori beteta hondatzen badira, ez dago saltzaileari edo ekoizleari konponketa edo aldaketa eskatzerik. Eta kasualitatea da, gero: gailu asko bi urte eta erdirekin edota hirurekin hondatzen dira. Zaharkitze programatua? Seguruenik, bai, baina hori frogatzea ia ezinezkoa da kontsumitzaile arruntarentzat.

Bestalde, zenbat eta tresna berriagoak eta konplexuagoak asmatu, orduan eta aukera handiagoak daude matxurak gertatzeko, ezta?

Gero eta tresna elektroniko gehiago erabiltzen ditugu, eta gero eta funtzio gehiago eta konplexuagoak izaten dituzte. Gailuak honda ditzaketen erabiltzaileen okerrak edo hanka sartzeak gertatzea asko errazten du horrek. Askotan, beste tresna berri bat erostea bezain garestia izaten da konpontzea. Edo garestiagoa. Gailuak erosleen bizilekutik oso urrun ekoizten dira, ordezko piezak munduko beste puntatik ekarri behar omen dira…

Azkenean, kontsumitzailea da beti kaltetuena egungo salerosketa ereduan.

Kaltea kontsumitzaileentzat, hori horrela da. Baina ez gara kaltetu bakarrak. Naturak ere garesti ordaintzen du ekoizleen diru-gose aseezinak asmatutako iruzur nazkagarri hau. Zaharkitze programatua salatzen duen dokumental ezagun baten izenburua ezin esanguratsuagoa da: Erosi, bota, erosi. Zer dakarkio horrek naturari? Batetik, behar baino gehiagoko ekoizpenak sortzen duen kalte hazkorra: lehengaiak xahutzea, gehiegizko garraioaren ondorio larriak, langileen esplotazio bortitza… Eta, bestetik, denbora gutxian botatzen diren milioika produktu horiek desagerrarazteko beharrak dakarren kaltea: kutsadura itzela, batez ere Hirugarren Munduko hainbat herrialde behartsutan, hara bidaltzen baita burugabekeria honek sortzen duen zabor eta zikinkeria gehiena, askotan laguntza teknologikoz mozorrotuta. Eta, azkenik, hain larria izan gabe, gurean ere kaltea: dirutza kostatu duten eta oso erabilpen gutxi izan duten trasteen pilaketa etxeetan, trastelekuetan… Erokeria handia.

——————————————————————-

 
Ehun urtean baino gehiago etengabe argia eman duen mirarizko bonbillaLivermore herrian dago, Kalifornian, suhiltzaileen seigarren hangarrean. 1901ean piztu zuten, eta ordutik ez da itzali. Munduan ezagutzen den bonbillarik eraginkorrena da. Herritarrek haren mendeurrena ospatu zuten 2001ean, laster erreko zelakoan, baina gaur egun ere badabil. Internet sarean ikus daiteke, webcam baten bidez. Egungo bonbilla batekin alderatuta, zortzi aldiz lodiagoa den filamentua dauka, eta, gainera, filamentua erdi eroalea da; alegia, Livermoreko bonbillaren filamentua zenbat eta beroago izan, orduan eta eroale hobea da.Hainbeste urtean ez, baina urte askoan pizturik dirauten beste bonbilla batzuk badira AEBetan; adibidez, Fort Worthekoa (Texas). Stockyards museoan dago bonbilla hori, eta 1908an piztu zuten, eta han jarraitzen du oraindik ere argia ematen. New Yorkeko Gasnick dendan bada beste bat, 1912koa hura; eta Oklahomako Mangum herriko suhiltzaileen etxean beste bat, 1926koa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.