Jateaz

Onintza Enbeita / 2012-03-17 / 180 hitz

Halako eta holako marroiak jaten ditugula esaten dugu askotan. Gustatzen zaigu kontatzea zein gaizki pasatzen dugun lanean, zein estresatuta gauden, zein pozik aldatuko genukeen. Ez dakit benetan esaten ditugun halakoak, hala Gabonetan loteria kontzientzia garbiz erosi ahal izateko geure burua konbentzitzen ibiltzen ote garen. Nik pentsatzen dut laneko marroiak direla jaten ditugun gauzarik gozoenetarikoa. Garratzagoak dira jaten ditugun hitzak. Ez sutsuki eztabaidatu ostean arrazoirik ez dugula ohartzean, edo bizitza osoan ezetz esan diogunari baietz esatean jaten ditugunak; ez. Esaten ez ditugun gauzek ixten digute urdailaren atea. Gainera, sinestezina dirudien arren, sentimendu onak dira gehien isiltzen ditugunak. Txarra beti ateratzen dugu, nola edo hala; besterik ez bada leher egiten dugunean. Ona ordea ez. Gutxitan aitortzen diogu norbaiti maite dugula, gutxitan esaten diogu lagun bati haren falta dugula… ez dut ulertzen zergatik. Desioa gorde egiten dugu beldurragatik, edo ezetzik esan ez diezaguten, edo nork jakin zergatik. Harrigarria da nola jaten ditugun berba politak inork pentsatu ez dezan harekin zerbait gehiago nahi dugula, edo inork pentsatu ez dezan tuntunak garela, edo inork pentsatu ez dezan ahulak garela. Zelan ez dugu, bada, bihotzerrerik izango?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.