Jatorriaren formula

Xabier Martin / 2012-03-17 / 816 hitz

Europarren ezaugarri genetikoen eredutik banatutako lerro batzuk dituzte euskaldunek; hizkuntza indoeuroparrak iritsi aurretik jazo zen banaketa hori, orain 7.000 urte inguru

Euskal Herriak hartzen duen lur eremuan duela 7.000 urte inguru bizi izan zirenen ezaugarri genetiko hainbat erakusten dute gaur egungo euskaldunek. Nekazaritza iritsi aurretik ere baziren Euskal Herrian egungo euskaldunen DNA laginetan aurki daitezkeen zenbait ezaugarri genetiko. Lerro horiek bakarrak dira Europan; hots, euskaldunek dituzte soilik, Pirinioetako bi aldeetako euskaldunek. Ezaugarri genetiko desberdin horiek DNA mitokondrialean (mtDNA) aurki daitezke; DNA mitokondriala da, izan ere, Proiektu Genografikoan baliatzen duten aldagaia, eta egitasmo horretako ikerketek azaleratu dituzte euskaldunen genetikaren ezaugarriak.

Hala ere, euskaldunen gene gordailuan —geneen zati handiena jasotzen duen eredua—, salbuespen dira bakarrik euskaldunenak diren lerro genetiko horiek. Hau da, euskaldunek europarrekin partekatzen dute euren genetikaren gehiengoa. Horrek ez du ezkutatu, ordea, Paleolito eta Mesolito garaietako Euskal Herriko populazioen eta egungo euskaldunen arteko jarraitutasun genetikoa (zati batekoa).

Frantziako Zientzia Ikerketen Zentro Nazionalak (CNRS) egindako azterketak dioenez, Pirinioetako bi aldeetako gizakiek birpopulatu zuten Europa izotz aroan eta haren ondoren ere; eta, hortaz, gizaki horien genetikak rol garrantzitsua izan du Europako populazioen arkitektura genetikoan. Horregatik zegoen interesa euskaldunen genetikaz gehiago jakiteko, Pirinio inguruetako beste herrialde hainbatekin batera garrantzia izango zutelako Europako birpopulatzean. Ikerketa genetikoa American Journal of Human Genetics aldizkariak eman du argitara, Lluis Quintana-Murci irakaslearen zuzendaritzapean.

Proiektu Genografikoa

National Geographic eta IBM etxeena da Proiektu Genografikoa. 2005ean abiatu zuten; hortaz, udaberri honetan zortzigarren urtea beteko du. Mila herrialde indigenetako 75.000 banakok parte hartu dute, orain arte, munduko migrazioen historia azaleratu nahi duen egitasmoan. Horrez gain, beste 440.000 laguntzailek probatarako gaiak erosi eta euren DNA laginak bidali dituzte laborategietara.

Azken finean, gizateriaren historia ezagutzeko aurrerapauso bat emateko saioa da Proiektu Genografikoa. DNA mitokondriala dute lanabes nagusia, bitarteko bat gizateriaren ama edo Eva mitokondriala aurkitzeko. Afrikan, duela 200.000 urte bizi izan ziren Homo sapiens-en aurrekoa litzateke hura.

———————————————

Luis Quintana-Murci, Proiektu Genografikoaren zuzendaria Europako mendebaldean:«Bakarra da euskaldunen genetikaren zati txiki bat, euskaldunena bakarrik»

Gizakiek mundua nola populatu zuten, zer-nolakoak izan ziren migrazioak: hori ikertzen dute Proiektu Genografikoan jarduten dutenek. Azken urteotan, lan horretan buru-belarri dabil Lluis Quintana-Murci (Palma, Herrialde Katalanak, 1970). National Geographic eta IBM etxeen proiektuaren zuzendaria da Quintana-Murci, Europako mendebaldeari dagokionez. «Gizakien jatorria eta nola nahastu ziren jakitea dugu helburu», dio Paristik, Pasteur Institutuko bere bulegotik. Quintana-Murcik zuzendutako ikerketa da euskaldunen genetikari buruzko azken egunotako albisteen jatorria.Euskaldunen geneei erreparatzen dieten hainbat informazio azaldu dira prentsan berriki. Itxura batean albiste kontrajarriak izan direla ere esan dezake inork; nork idazten duen, uler daiteke euskaldunek beste herrietatik bereizten dituen genetika dutela, edo justu aurkakoa. Zer ondorioztatu duzue zuen ikerketan?

Euskaldunek, Frantzia zein Espainiako estatuetan bizi diren euskaldunek, Europako beste herrien genetikaren ezaugarriak partekatzen dituzte; horixe erakusten du gure ikerketak. Hau da, euskaldunen genetikaren zatirik handiena Europako gainontzeko herrien genetika bera da.

Zatirik handiena?

Bai, gehien-gehiena, baina ez dena. Euskaldunen genetikaren ezaugarrien zati txiki bat bakarra baita, euskaldunena bakarrik. Hau da, oro har, euskaldunen genetikan aurkitu duguna Europako beste herrien genetikan ere aurkitzen dugu, baina herri bakoitzak bere-berea duen zati bat dauka, bakarrik berea dena.

Nola ulertu behar da hori?

Europako historiak erakusten digun moduan, familia handi bat gara; geneen gehiengoa partekatzen du sendi handi horrek, baina Europako herri bakoitzak soilik berea den zerbait dauka, bere-berea egiten duena, izaera ematen diona, bai genetika arloan, bai kultura arloan ere. Eta, horretaz gain, euskaldunek beste zerbait daukazue: zuen hizkuntza bakarra da, beste halakorik ez dago. Horrek aberastasun izugarria ematen dizue, eta ez zenukete galdu beharko.

Euskal Herriko biztanleen artean gehien azaltzen diren lerro genetikoak duela 7.000 urte inguru banatu ziren gene gordailuko paneuroparretik. Azal dezakezu hori?

Horrek esan nahi du garai horretan banatu zela euskaldunek soilik duten zati genetikoa Europako beste lerroetatik. Gene gordailu paneuroparra da europar guztietan aurkitzen ditugun ezaugarri genetikoak. Banatze hori Neolitoaren aurretik gertatu zen, hizkuntza indoeuroparrak iritsi aurretik.

Esan daiteke hortaz, Paleolitoko aroetan Euskal Herrian bizi izan ziren gizakien eta oraingo euskaldunen artean jarraitutasun genetiko bat dagoela?

Bai, hori zuzena da, baina jarraitutasun hori ez da euskaldunen ezaugarri bat soilik. Europako beste hainbat herriri buruzko ikerketa egingo bagenu, jarraitutasun bera ikusiko genuke seguruena.

Euskaldunen genetikaz hainbat albiste ezagutu ditugu azken urteotan. Kasurako, 2010ean, Pompeu Fabra unibertsitateko ikertzaile batzuek esan zuten euskaldunen geneak ez zirela bereizten penintsulako beste edozein herritarren geneetatik; «bakartuta egon baziren, horrek ez zuen arrasto genetikorik utzi», esan zuten. Zuzena al da hori? Ados al zara horrekin?

Nukleoaren genoma kontuan hartuz, zuzena da, eta ados nago. Haatik, DNA mitokondrialaren azterketa sakonak euskaldunek soilik dituzten hainbat ezaugarri genetiko azaleratu ditu. Hori bai, euskaldunen gene gordailuaren gehiengoa beste europarrena bezalakoa da; %10 besterik ez da soilik euskaldunena den zatia.

Proiektu Genografikoa asmo handiko egitasmoa da zinez. Urteak daramatzazue gizakiaren migrazioak aztertzen. Zer moduz doa lan hori?

Mantso doa, baina ezin da beste modu batera izan, informazio izugarria pilatzen baita, eta hura interpretatu egin behar dugu gero. Giza populazioen historia ulertzea da honen guztiaren helburua: migrazioak, nola nahastu ziren gizakiak, eta zeintzuk izan ziren haien jatorriak.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.