Naufragoarena

Anjel Lertxundi / 2012-03-09 / 122 hitz

Terrazak zituen aireportu, plaza, geltokietako toki preziatuenak, eta atsegin zuen tartetxo mortuak baliatzea terrazaren batean eseri, garagardotxo bat eskatu eta jendearen ibilerei begira entretenitzeko. Gauza bera egin zuen joan zen asteburuan ere zentro komertzial batean: zerrenda batean idatzita zeuzkan produktu guztiak eta zerrendan ez zeuden gutizia batzuk hartu eta ordaindu ondoren, terraza batera joan, erosketen poltsak lurrean utzi eta kaña bat eskatu zuen. Jendeari begira hasi zenean, ordea, ikuskizunak guztiz deskontzertatu zuen: jende guztia buruz behera zegoen, nor ordenagailu batean idazten, nor telefonoko zenbakia markatzen, nor IPad batekin jolasean. Inork ez zion inori begiratzen, denak zeuden buruak makur, bakoitza berean.

Isolatuta, bakarrik, jendearen artean guztiz naufrago, Nokia xahar bat atera zuen patrikatik eta, begirada galdu batez, nori deitu bilatzen hasi zen telefono-zerrendan…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.