Lorea Agirre / 2012-03-02 / 625 hitz
Euskara bizi behar da euskaraz bizitzeko. Horrelaxe da, boutade bat eta guzti dirudien arren. Eta euskalduna euskaldun izango bada, aldiro aztertu behar du bere burua laborategiko xagu bat bailitzan. Euskaldunak bere buruaren objektu izan behar du subjektu izango bada. Horrelaxe azaldu zuen Eduardo Apodakak Soziolinguistika Klusterrak gaur zortzi antolatutako jardunaldietan eman zuen hitzaldi argigarrian. Boutade bat dirudien hori entzun orduko, baietz egin genuen geure baitarako bertan ginenok. Euskaldun izatea bizitzaren ia egoera gehienetan hautu bat da, kontzientea, pentsatua, kasik aurrez planifikatua. Oso eremu, adin eta une gutxitan gertatzen da erabat inkontzienteki jardutea.
Eta pentsatzen duzu, hau da hau gai berari bueltaka ibili beharra. Kaka esplikatzen, azkoitiarrek esan ohi duten legez. Nik ere nahiago nuke arnasa hartu behar dudala pentsatu gabe arnasa hartu, oxigenoa sobera dudala indarrak beste kontu batzuetan jarri, baina oxigenoa eskas denean lehentasuna da oxigenoa bilatzea, arnasa hartzea, ito gabe bizitzea. Eta horretan konturatzen zara esaten duzun hitz bakoitzeko oxigenoa hartzen ari zarela, eta aldi berean oxigenoa sortzen. Horrelako lanak ematen dizkiozu zure buruari. Minorizazioaren ajeak dira, bistan da.
Minorizazio linguistikoa sekula bizi izan ez duenak horrelako kezka eta obsesiorik ez du. Erdaldunak, demagun, ez ingelesdunak, ez frantsesdunak ez espainoldunak sentitzen du horrelako katramilarik. Bere hizkuntzan bizi da, eta kitto. Oxigenoa lepo du, hainbeste ezen baduen edo ez duen sekula pentsatu beharrik ere ez duela. Horretan zaude.
«(…) Logikoa denez, elebitasun hori (ingelesa eta espainolaren artekoa) bereziki hezkuntza sistemaren bitartez bultzatu beharko da, eta hezkuntza osoa ingelesez izan dadin inork zalantzan jarriko ez duen dogma bat izan beharko du eta ez da batere gomendagarria izango horren inguruko zalantza txikiena ere agertzea: ingelesa eskolako hizkuntza izatera iristen bada, gure lehiakortasunak eta bikaintasunak urrats erraldoia emango dute, denok baitakigu berrikuntzaren, teknologiaren, globalizazioaren eta orokorrean etorkizunaren hizkuntza zein den. Inongo eskolak ez unibertsitatek ezin du benetan lehiatu elebidun ez bada, eta horrek esan nahi du ingelesa izango dela herritarrek ikasiko duten gutxi edo asko horren hizkuntza, eta edozein jakintza mota seriotasunez transmititzeko hizkuntza ingelesa izango dela. Horra iritsita, beharbada, gerta liteke gaztelera familia hizkuntza izatera murriztea (edota kasurik onenean, baita literatur hizkuntza izatea ere), eta beharbada ez dago ezer txarrik horretan. Egia da, azaldu dugun honek diglosiaren antz handiagoa duela elebitasunarena baino, baina ez dago zertan sutilkerietan sartu edo jarrera apokaliptikoak agertu, ze dakigunez, etorkizunarekin ezin da jolasean ibili».
Antonio Valdecantos filosofo katedradunak ironia handiz agertzen dituen kezkak zein ezagun egiten zaizkigun, hizkuntzak gora behera. Espero ez genuen ahotan (eta hizkuntzan) entzutea da berriena, agian. Izan ere, gazteleradun aditu askoren diskurtsoa (ez guztiena, baina bai zabalkunde gehien ematen zaienena) elebitasunaren aurkakoa da eurek periferietako hizkuntz politikak deitzen duten horren kasuan, alegia euskara, katalana eta galiziera normalizatzeko politikenean. Eta berebizi tematuak daude hezkuntzarekin.
Sutilkeriarik ez eta jarrera apokaliptikorik ere ez, mesedez. Hori ere gurean behin eta berriz entzuten duguna da. Ez da hainbestekoa euskararena, hizkuntza ofiziala da, normalduxea dago, gizartea elebiduna da. Hautua librea da, ezin da inposatu. Zertara hainbeste espantu.
Zertara hainbeste espantu Valdecantos jauna ingelesarekin, ñabarduretan sartu behar hori. Espainolak minorizazio arriskua izan badezake, zer izango ote dugu periferiako hizkuntzok. Egia da, Europan ingeles ezagutza gutxien dutenak espainiarrak direla, hala diote estatistikek. Euskal Herrian horretan ere hobexeagoak omen gara, eta puntaren puntan ez bagabiltza ere, ingelesez gero eta hobeto moldatzen gara eta gero eta umeago garela hasten gara ingelesean murgiltzen. Ez alferrik ari gara indarrak jartzen hezkuntza hiru eledunean. Ezin da ukatu gero eta hizkuntza gehiago jakitea eta gero eta ezagutza gehiago izatea ona dela, oso ona. Galdera da nola egiten den hori hizkuntza minorizatua kaltetu gabe, eta posible ote den kaltea ekiditea elebitasunera iritsi ez eta oraindik diglosian gaudenean, baita euskara nagusi den hezkuntza ereduan ere. Zer esanik ez hortik kanpo. Euskaraz bizitzeko euskara bizi behar dela dioen boutade-an sinesten duen baten kezka da lagunduriko arnasketan dagoenari oxigeno pixka bat kentzea ez ote den.