Egilea: Arrate Egaña
Ilustratzailea: Marimar Agirre
Argitaletxea: Elkar
Bilduma: Xaguxar
Urtea: 2008
ISBN: 978-84-9783-631-9
R: 4.790
Eskola batek gela berezi bat du: Barrakoia. Bertan munduko lau bazterretatik etorritako neska-mutilak sartu dituzte. Ikasle bihurriak, nota txarrekoak eta atzerritarrak biltzen dira han. Gela horri buruzko iritzi eta metodo kontrajarriak erakutsiko dituzte eskolako zuzendariak eta Felipe maisuak. Ikasleek hiztegi sekretu bat osatu dute norberaren herriko hitzekin. Horrek eman dio liburuari izenburua.
Protagonista Mei da eta gela horretan agertu denetik dena aldrebestuko da; gizakiekin komunikatzeko aukera gutxi izanik, zomorroekin hitz egiten du. Trebetasun horrek egoera harrigarriak sortuko ditu. Ikasturteak aurrera egin ahala Meik duen bilakaera da istorioaren muina.
Narratzailea Lukas da, Mei-ren lagun eta mireslea. Abenturaz jositako istorio dibertigarri eta interesgarri bat kontatzen du Arrate Egañak. Egungo eskolaz gogoeta eginarazten du. Alderdi pedagogikoari buruzko saiakera argiak azaltzen dira; beraz, hausnarketarako bide ematen du. Horrekin batera adiskidetasunaz, maitasunaz eta beldurraz ere hitz egiten du.