Anjel Lertxundi / 2012-09-14 / 122 hitz
Ikasturte berrian, deskontzertua. Zailtasunak nonahi eta nonahitik. Eskola askotako irakasle zaharrenek, revival nostalgiko bat egin, eta garai ez hain aspaldikoetan izan zituzten zailtasunen komeriak eta txapak kontatuko dizkiete gazteagoei. Kontatuko dute zenbat borroka egin zuten geletako haur kopurua humanoagoa izan zedin; zer nolako ardurarekin jardun zuten gela bereiziak sortze eta suspertze aldera; nola ekin zioten emigrazioaren —hau da, integrazioaren— auziari…
Nostalgiaz jardungo dute. Baita saminez ere. Beren egoera pertsonalagatik. Baina egoera pertsonalen oso zati inportantea da hain lorpen ederrak pikutara doazela ikustea: beren ibilbide profesionala oso lotuta joan da lortu nahi zuten eskola-ereduarekin.
Haietako irakasle asko jubilatzeko bidean da. Laster, atzera begiratu eta azken agurra emango diote bizi osoa eskaini dioten eskolari. Hainbeste urtetan eraikitakoa nola eraisten ari diren ikusiko dute.