Dibulgaziotik orientaziora

Gorka Erostarbe / 2012-09-19 / 796 hitz

Euskal kultura ezagutarazteko eta zabaltzeko hamar liburuxka plazaratu ditu Etxepare Euskal Institutuak, gaika banaturik
Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez argitaratu dituzte lanak, eta ez daude salgai

Dibulgazio kontzeptua «kolokan» jartzeko. Horretarako balio izan dio Joxerra Garziari Etxepare Euskal Institutuaren enkarguz bertsolaritzari buruz egindako 100 orri pasatxoko liburuxkak: «Dibulgazioa orain dela hogei urte oso erraza zen. Zuk zenekien apurra eta besteek ez zekitena azaltzea. Gaur egun, Wikipedia eta gainerako tramankuluekin nahi adina informazio eta gehiago dago, eta nik konflikto handia izan dut liburu honetan; lehengo dibulgazioa egin edo orientazioa deituko nioken hori egin. Saiatu naiz bertsolaritza ezagutzen ez duenari klabe batzuk ematen berak topatuko dituen datu guztiak interpretatzeko». Hori egin behar izan dute, gutxi-asko, Etxepare Euskal Institutuaren eskariz euskal kulturaren inguruko hamabi liburuz osaturiko saila osatu duten egile guztiek.

Hamabi liburuz osaturikoa da Euskal Kultura saila, gaika sailkatua. Atzo, hamar liburu aurkeztu zituzten, arkitektura eta diseinuari buruzkoa (Pello Agirrek idatzia) eta antzerkiari buruzkoa (Pedro Bareak idatzia) dira plazaratzeke daudenak. 80tik 100 orrira bitarteko liburuak dira, argazkiz ongi hornituak. Mari Jose Olaziregi literatur aditu eta irakaslea izan da sailaren editore eta koordinatzailea. Bildumaren helburua «euskal sorkuntzari buruzko informazio eguneratu, erakargarri eta, aldi berean, sendoa eskaintzea da», haren hitzetan.

Euskara eta euskal kultura zabaltzeko asmoarekin osaturiko hamar liburuxka aurkeztu zituen atzo Etxepare Euskal Institutuak Donostian duen egoitzan. Liburuak ez dira salgai egongo, baina www.etxepareinstitutua.net webgunean irakurtzeko moduan jarriko dituzte PDF formatuan. Gai bakoitzaren inguruko 1.000 aleko argitaraldiak egingo dituzte, batez ere Etxepare Institutuak atzerrian egiten dituen ekitaldietan (azoka, jardunaldi, hitzaldi, jaialdi eta abarretan) aurkezpen txartel modura erabiltzeko. Halere, sustatzaileek eta antolatzaileek adierazi dutenez, «barrura begira ere» egokiak izan daitezke. Hona hemen hamar liburuak eta egileak, gaika banaturik:

Euskara
Ivan Igartuak eta Xabier Zabaltzak idatzi dute Euskararen historia laburra liburua. Euskararen historiari buruzko oharrekin hasten da liburua, eta jatorria, hizkuntza normalizazioa, morfologia, sintaxia, dialektologia, soziolinguistika eta gisa horretako arloak jorratzen ditu modu didaktiko eta erakargarri batean.

Literatura

XX. mendeko Euskal Herriko literaturaren historia laburra egiten du liburuan Estibaliz Ezkerra literatur adituak, eta bere bilakaera baldintzatu duten gertakari sozio-historikoen berri ematen. Euskarazko literaturak hartzen ditu liburuaren orri gehienak, eta azken atalean gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez idatzi duten Euskal Herriko idazle ezagunei buruzko argibideak ere eskaintzen ditu (Pio Barojatik hasita, Marie Darrieussecq eta Robert Laxalteraino).

Dantza
Tokian tokiko dantza tradizionalekin hasi eta abangoardiako antzerki fisikoraino, euskal dantzak nortasun bereziko eskaintza zabala duela dio Oier Araolaza dantzari eta kazetariak bildumarako atonduriko liburuxkan.

Ikusizko arteak
Euskal ikusizko arteen bilakaerari eta berezitasunei begirada originala botatzen dio Miren Jaio arte kritikariak Estanpa bilduma liburuan. Liburu itxuraz fragmentarioa da, eta unibertsaltasun-partikulartasun binomioak artean eragiten dituen talkei buruzko lan iradokitzailea.

Musika klasikoa
Karlos Sanchez Ekizak idatzi du euskal musika klasikoari buruzko lana. Haren bilakaeraren berri ematen du; tartean, konposizioan eta interpretazioan maisu izan diren musikari entzutetsuei buruzko aurkezpenak, eta abesbatza eta orfeoi famatuei buruzkoak. 2.000 aleko argitaraldia duen liburu bakarra da. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak euskal musikari ezagunen piezez osaturiko CDa eskaini baitio bildumari haiek beste 1.000 ale eskuratzearen truke.

Euskal kantagintza
Jon Eskisabel kazetariak euskal kantagintza modernoaren bilakaera eskaintzen du. Euskal folk, pop eta rock musikak gurean izan duen garrantzia azaltzen du, belaunaldiz belaunaldi eman den transmisioa azpimarratuz. Guztiaren osagarri, euskal sortzaile esanguratsuenetako batzuen ibilbidea laburbiltzen du katalogo modura, Mikel Laboarekin hasi eta Maddi Oihenartekin bukatzen den bidea.

Zinema
Euskal zinemaren historiara modu sintetikoan egindako hurbilketa da Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak egin duena. Euskal zinemaren hastapenetatik gaur egun arteko euskal zinemagile nagusienera arteko bidaia proposatzen du liburuak. Historiagilearen ikuspegiaren eta metodologiaren arabera egindako lana dela dio Fernandezek, eta, hortaz, euskal historia garaikidearen eta zinemaren historiaren arteko loturen bila abiatu dela.

Tradizioak
Joseba Zulaika antropologiako doktoreak tradizioen inguruko liburua galdera honetatik abiatzen du: «Nola eragin zion tradizioak euskal gizartearen parte zabal baten mundu ikuskerari lehenaldian?». Euskaldunei buruz iraun duten estereotipoen errepasoa egiten du Zulaikak, eta «hurbilpen esentzialista saihestuz» antropologia kulturalak eskaini dituen interpretazio eta hausnarketak ematen ditu.

Bertsolaritza
Joxerra Garzia irakasle eta bertsolaritzan adituak idatzi duen liburuak bertsolaritza zertan datzan ulertzeko argibideak eskaintzen ditu. Bertsolaritzak gaur egun duen egoera bere konplexutasun guztian azaltzen da, eta jarraian bertsolaritzaren historia aztertzen. Finean, informazio metaketa hutsa baino gehiago, bertsolaritza aztertu eta interpretatzeko giltzak eskaintzen ditu liburuak modu argi eta iradokitzailean.

Sukaldaritza
Hasier Etxeberria idazle eta gastronomia adituak idatzi du sukaldaritzari buruzko lana. Etxeberriak dioenez, euskal sukaldaritza kontzeptu lausoa da oraindik, behar den moduan teorizatu gabea. «Izan ere, zer da euskal sukaldaritza definitzen duen hori? Memoria? Produktua? Geografia? Euskal sukaldaritza determinatzen duten faktoreak identifikatzea eta, era berean, oro har, gaur eguneko egoeraren berri ematea da liburuaren helburu nagusia: euskal jaki eta jateko ohiturei buruzko informazioa, euskal sukaldari entzutetsuei buruzko argibideak, errezeta ezagunak…

                                    ———————————

Bilduma

‘EUSKAL KULTURA SAILA’

Sailaren editorea eta koordinatzailea: Mari Jose Olaziregi.
Editore laguntzailea: Mitxel Murua.
Diseinua: Tik-tak.
Itzultzaileak: Euskarara (Miren Ibarluzea, Mitxel Murua, Estibaliz Lizaso, Jose Antonio Sarasola); gaztelaniara (Oscar Gilella eta Estibaliz Lizaso); Ingelesera (Cameron Watson).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.