Nagore Rodriguez / 2012-09-12 / 419 hitz
Urteetan egiptoarren hizkuntza eta hieroglifikoak aztertzen aritu eta gero, egiptoera ezagutzeko jolasa asmatu du Karlos Almorzak, hizkuntza landu eta haren sekretuak aireratzeko.
Sekretuz betetako hizkuntza da egiptoera. Konplexua. Baina ederra, Karlos Almorza historialariaren arabera. Urteak igaro ditu egiptoera aztertzen eta, batez ere, haiek erabiltzen zituzten hieroglifikoak ikertzen. Horien sekretuak argitu daitezkeela erakutsi du.
Andoaingo Aita Larramendi ikastolako Marian Lekuona andereñoaren eskaera kontuan hartuta, sekretua aireratu egin nahi du orain, eta egiptoeraren zailtasunaren irudia alboratu. Horretarako, joko bat prestatu du hieroglifikoen hizkuntza erabiltzaileei hurbiltzeko: Egiptoar hieroglifikoen sekretua? Nik ezagutzen dut hieroglifikoen sekretua.
Garai helenistikora bitartean Antzinako Egipton hitz egin zen hizkuntza ofiziala da egiptoera. Hieroglifikoa zuten idazteko moduetako bat. Kristo aurreko 3100. urtean hasi ziren idazten hieroglifikoen bidez, eta Kristo ondorengo 394 urtekoak dira ezagutzen diren azkeneko inskripzioak. Egiptoko hizkuntzaren letrak marrazkiak ziren. Baina, egiptoar guztiek ezagutzen zituzten irudiekin idatzita egon arren, oso jende gutxi zen gai irakurri eta idazteko. Biztanleen %1 bakarrik.
Beste ezaugarri berezi bat ere badu egiptoerak, hizkuntza zailtzen duena: idazten eta irakurtzen diren irudiak eta idatzi bai baina irakurtzen ez direnak biltzen ditu —laguntzaile fonetikoak eta determinatzaileak—. Hain zuzen ere, ezaugarri hori kontuan hartuta, sistema berri bat asmatu du Almorzak, koloreak erabilita —berdea eta gorria—.
Berdez identifikatu ditu determinatzaileak. Egiptoar hitzen bukaera zehazteko erabiltzen dira; izan ere, hieroglifikoan idatzitako hitzen artean ez dago tarterik, eta, beraz, funtzio hori determinatzaileek betetzen dute. Hitzen kategoria semantikoa finkatzen ere laguntzen dute. Gorriz marraztu ditu, berriz, laguntzaile fonetikoak: bi letraz edo hiru letraz osatutako zeinuak laguntzeko erabiliko dira. Izan ere, jokoan badira bi edo hiru letrako silabak ordezkatzen dituzten marrazkiak.
Jokoak 60 kubo biltzen ditu, eta kuboaren alde bakoitzean marrazki bat dago. Irudi horiekin euskarazko hitzak osatu beharko dituzte erabiltzaileek. «Helburua euskal hitzak idaztea da, baina Antzinako Egiptoko eskribek egiten zuten bezalaxe». Izan ere, egiptoera ikasteko ez ezik, euskara lantzeko joko egokia dela uste du egileak. Kuboak erabilita, euskarazko hitz guztiak osa daitezke.
Irudi beltzekin idatzi beharko dira lerro batean hitzak —determinatzaile eta laguntzaile fonetikoekin—. Baina bigarren lerroan, laguntzaileak eta determinatzaileak koloretan ezarri beharko dira. Hala, egiptoarrek hitzak haien hizkuntzan nola osatzen zituzten ikasiko dute jokoaren erabiltzaileek. Gainera, Egiptoko kulturara sartzeko ate egokia izatea espero du egileak. «Eskoletan Egipto lantzen dute, eta, joko honen bidez, hango hizkuntza ezagut dezakete. Zer esanik ez hieroglifiko idazkera mota hau, beharbada munduan ezagutu den estetikoena».
Jokoa 11 eta 15 urte bitarteko gaztetxoentzat da, eta lehen saioa Andoaingo ikastolako ikasleekin egingo dute: «Gauza bat baita jokoa asmatzea, eta beste bat haurrek ulertu eta jolastea». Gaztetxoen esku geratuko da, beraz, egiptoeraren sekretua argitzea.