Emigrazio baten erretratua

Iñigo Astiz / 2012-09-12 / 579 hitz

Amerikara artzain joandako nafarrei eskainitako argazki erakusketa jarri dute ikusgai Iruñeko Konestable jauregian.
Erretratuak dira gehienak, baina bada prentsako albiste eta nortasun agiririk ere.

Lautada handi bat, eta milaka ardi buru, haien artean pertsona bat. Itxura txikia du giza figurak paisaiaren eta abere taldearen handitasunaren erdian, baina hor dago. AEBetan hartutakoa da irudia, baina Euskal Herriaz ere mintzo da. XIX. mende amaieraz geroztik asko izan dira ozeanoa gurutzatu, eta Amerikara artzain lanetan aritu diren euskaldunak. Haien memoria mantentzen saiatzen da Euskal Artzainak Ameriketan izeneko elkartea eta festa antolatzen du horregatik urtero. Larunbatean ospatuko dute aurtengoa Iruñean, baina argazki erakusketa bat ere antolatu dute Nafarroako hiriburuko Konestable jauregian. Ehunka nafar ageri ditu bildumak. Amerikara artzain joandakoak guztiak. Eta ostiralera arte egongo da bertan.

Herriz herri antolatu dute erakusketa. Izen eta abizenarekin batera, artzain joandakoen irudiak erakusten dituzte argazki gehienek. Ez dago azalpen testurik, baina irudi soilek ere balio dute beren bizimodua irudikatzeko. Ardi artean lanean ageri dira batzuk, beren etxe mugikorren barruan besteak, hartz bat edo puma bat ehizatu berritan, lurpean egositako ogia erakusten, artzain txakurrekin, festan… Bada gidabaimen eta bizileku baimenik ere, eta baita egunkarietatik hartutako albiste bat ere.

Frank Iparragirre artzainaren kasua da hori. Gizon zahar baten argazkia dakar periodikoak, eta ingelesez dator testua. Nevadako egunkari batekoa da. «Aspaldiko nevadatar bat hil da 103 urterekin», dio tituluak. Euskal artzainak bizitoki izan zuen AEBetako estatuak baino 3 urte gehiago zituela zehazten du gero egunkariak, Pablo anaiarekin heldu zela Nevadara, eta artzain aritu zela bertan.

Ez da hori, ordea, artzainen nondik norakoen berri jasotzeko bide bakarra. Bere izen-abizenak markatuta dauzkan lertxun baten alboan ageri da, adibidez, Jose Antonio Irigoien. Izan ere, zuhaitzak erabili zituzten artzainetariko askok Amerikako lurretan egindako pasaeraren lekukotasuna uzteko. Urteak eman ditu haiek ikertzen Joxe Mallea ikerlariak, esaterako. Dioenez, erregistro ederra eskaintzen dute.

Herri bakoitzean emigrazioak izan zuen garrantzia ere ikus daiteke erakusketan. 26 argazki baditu Erratzuri eskainitako atalak, adibidez, eta 56 Lesakakoak. Pertsona bat baino gehiago ageri da, gainera, irudietariko askotan, eta abizen berekoak dira asko; lehengusuak, anaiak…

Adi-adi dago Benita Dorregarai Iruritatik joandako mutilak ageri dituen panelaren aurrean. Han sortua da bera ere eta ezagunak zaizkio abizenak. Dioenez, haien sortetxeen izenak botatzen ditu faltan, nor den nor hobeki zehaztu ahal izateko. Gertutik ezagutzen du haien jatorria, eta baita haien bizimodua ere. Herrikide zituen. «Nire seniderik ez dago hemen», zehazten du. «Guretik ere joan ziren Amerikara, baina ez Ipar Amerikara, Hego Amerikara baizik, eta ez artzain, baizik eta okin». Hala ere, gertukoa du artzainen errealitatea. Propioa.

Ez dira asko argazkietan ageri diren emakumeak, baina badira gutxi batzuk. Txelo Mitxelena, Nati Telletxea, adibidez, baina Eugiko Angelines Cantero da argazkian artzain lanetan ageri den bakarra. Zakurra alboan, artaldea atzean.

Artzainen garrantzia

Artzain joandako pertsona haien guztien garrantzia azpimarratzen du Laura Igantzi Euskal Artzainak Ameriketan izeneko elkarteko zuzendariak. Dioenez, ardiz betetako lurralde haietatik ere pasatzen da gure nortasunaren parte bat. «Haiek izan zirelako gara gu. Joan egin zirelako eta gogor lan egin zutelako kontsideratzen gaituzte langile finak. Joan zirelako eta beren izaera erakutsi zutelako kontsideratzen gaituzte zintzo. Joan zirelako eta beren familiak lagundu ahal izan zituztelako gara gu. Joan zirelako eta lan teknikak ikasi zituztelako gara».

Euskal Herriko familia askok partekatutako historia da. Etxez etxe osatutakoa. Deigarria da, adibidez, egun Etxalekuko bere sortetxean egunaren zatirik handiena eserita ematen duen gizona Amerikatik bueltan Madrilen hegazkinetik nola jaitsi zen ikustea; hain zutik, hain dotore eta hain gazte. Zeren gertukoek Tio Jabier deitzen duten 87 urteko Jose Jabier Astiz Urriza ere AEBetako lautada haietan izan zen. Hori da argazkiak esan nahi duena.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.