Idoia Etxeberria / 2012-09-13 / hitz
Apenas geratzen den euskaldun elebakarrik. Baina erdaldunberriak asko. Ikusezinak diren arren. Ezezagunak.
Euskaraz pentsatzen duena da erdaldunberria. Erdaraz hitz egitean hitzak falta zaizkiona. Ama hizkuntza euskara du. Erdara ikasi du. Entzuten du. Baina euskaraz bizi da. Euskaraz sentitzen du.
Euskaldunberriaren ahalegina kontuan hartu ohi da. Lagundu egiten zaio. Bizkarrean kolpetxoa eman. Animoak.
Erdaldunberriaren ahalegina ez da aintzat hartzen. Burla egiten zaio. Ipurdian ostikoa eman. Asko jota, errukia.
Koitadua. Ala gizajoa. Nahi eta ezin. Erdaldunberria. Erdara gaztelania edo frantsesa denean, noski. Erdara hori ingelesa baldin bada, ez. Ingelesa herdoildua duela? Hori normala da. Ulergarria. Erabiltzen ez bada, horixe gertatzen da. Herdoila.
Euskararen erabilera jaitsi egin da. Baina euskara herdoildua duena ez daukagu ezjakintzat. Gaztelania herdoildua duena bai. Azentua duelako lotsatzen da. Eta ha habido trumones eta era horretako euskarakadak esaten dituelako atzerritar sentitzen da bere herrian.
Okerrena da erdaldunberri batzuek euskararekin ere arazoak dituztela. Araututako euskararekin. Badira EGA gainditu ez duten erdaldunberriak. Mordoxka. Ezagutzen ditut bi ahozkoan joan zirenak zulora. Batuan egin nahian hasi eta… dena nahastu. Urduritasuna, konplexuak. Kaka zaharra.
Eta nola sentitzen da EGA ateratzeko gai ez den erdaldunberria? Euskaldun eskasa, dudarik gabe. Ez erdara eta ez euskara. Zer demontre… erabat konplexuz betea.
Berriki aldatu dute legea. Orain, 2008tik aurrera karrera euskaraz egin dutenek ez dute EGA atera beharrik. Horrexegatik bakarrik, euskaraz ikasteagatik. Berdin da erabiltzen ez badute. Normalizazioaren izenean. Eta erdaldunberriek jarraituko dute anormalak izaten.