Marian Iriarte /2012-09-27 / 421 hitz
Duela gutxi, gure bizitza modernoak eskatzen digunari jarraituz, egunoroko bazkaria, edo mokadutxoa, lanera eramateko gero eta gehiago erabiltzen ditugun ontziak erosteko bilera batean egon nintzen.
Nire ikasleei askotan esaten diet (garbi dago, eurak beti bezala gazteak izanik, ni naizela urteetan aurrera doana) ez direla ohartzen ze iraultza ekarri zuen betiko «frianbreak» erabili ordez plastikozko ontziak erabiltzeak. Zergatik dira hain erabiliak? Nagusiki bi arrazoirengatik: merkeak dira (metalezko, portzelanazko… beste materialen aurrean), baina oso erraza da nahi diegun itxura edo eitea ematea. Horregatik, modu sinple batean antzerako moldea tamaina ezberdinetan erabil daiteke, kolorea aldatu…
Eta hori guztia zergatik? Plastikoak direlako. A!, ez, barkatu polimeroak direlako. Askotan entzuten dugu material berri hori —normalean garestiagoa izan ohi dena— ez dela besteak bezalakoa. Besteak plastikoak dira, eta hau zer demontre ote da?
Kimikari batentzat, substantzia baten ezaugarriak ematerakoan, ezinbestekoa dena bere pisu molekularra da, hitz arruntetan esanda, molekula batek pisatuko lukeena (ez da zehatza, baina substantzia bat beste guztiekin alderatzeko baliagarria dena). Baina polimeroen, makromolekulen, plastikoen… munduan murgiltzen garenean, pisu molekularra ez da substantzia bakoitzaren ezaugarri edo bereizgarri. Edonork entzun du kalean poliuretano hitza, edo polietilenoa (lantokietara eramaten ditugun ontzi askoren konposizioa), edo… auskalo. Baina hitz horrek ez du substantzia jakin bat identifikatzen, substantzia horren ezaugarri bat besterik ez, hau da, egun, etengabe erabiltzen ditugun «plastikoetan» beti betetzen dena euren egitura errepikakorra da. Poli xxxxxxxx esandakoan, nagusiki etengabe x unitatea errepikatuz osatutako kate bati buruz ari gara hizketan.
Bainan badirudi badirela plastiko onak eta txarrak, edo ospe handiko material polimerikoak eta material traketsagoak. Eta bai, hori hala da. Polimeroek duten ezaugarrietako bat da; gutxi gorabehera unitate berbera errepikatuz osatutako materialak oso ezberdinak izan daitezke. Horregatik dira hain erabiliak, eta erabilgarriak. Gure beharretara egokitu daitezkeen materialak direlako.
Eta hori guztia zertara dator? Saltzen ari zitzaigun agenteak esan zigulako bere produktuaren propietate ezin hobeak azpimarratzeko (eta ez dut zalantza izpirik benetako produktu ona dela) merkatuko antzerako ontziak «plastikoak» zirela .
Plastikoak denak edo ia denak izango dira; plastiko hitzaren azpian, produktu horrek beroaren aurrean duen propietate bat ari gara adierazten; hau da, produktu hori beroaren eraginez bigundu egiten da, eta moldagarri bihurtzen da, eta horixe da material horien erabilgarritasunaren arrazoi nagusia. Oso erraza da nahi den itxura edo eitea ematea, erraz moldatzen baitira jarritako «molde»ra.
Beste batean, material hauei adjektiboak jarritakoan zertaz ari garen jarraituko dugu. «Eko-ontziak» ba omen dira, eta zer esan nahi du «eko» horrek? Botila ekoiztutakoan ingurumenari zor zaion errespetua izan zaiola edo «plastikoak» ez direla erabili.
Kontuz, askotan, gure mundu moderno honetan, hitz ponposoak, atzizki edo aurrizki bereziak erabilita informazio gutxi eskaintzen digute eta.