Iñigo Astiz / 2012-09-16 / 1.063 hitz
Asko izan dira Ameriketara artzain joandako euskal herritarrak. Han urte batzuk egin, eta itzuli egin ziren gehienak, baina bada han gelditzea erabaki zuenik ere. Hori da Beñardo Igantzi eta Jose Alemanen kasua, adibidez.
Hangoak dira, baina baita hemengoak ere. Asko dira Euskal Herria atzean utzi eta Amerikara artzain joandako euskaldunak. Urte batzuk egin, eta itzuli egin ziren haietariko asko, baina han gelditzea erabaki zuten beste batzuek. Zabala da kasuistika, baina garrantzitsua. Kasuz kasu baino ezin da osatu AEBetara joandako euskal artzainen historiaren argazki osoa. Beñardo Igantzi eta Jose Aleman dira han bizimodua egin eta han gelditu zirenetariko bi. Han izanik, hona dira, ordea. Bost urte dela itzuli zen Nafarroara Aleman, eta orain egun batzuk bueltatu da Igantzi. Iruñean atzo egindako euskal artzainen omenezko festa izan da aitzakia oraingoan.
«Lehenbiziko bost urteetan, ez da egunik pasatzen etxeko pentsamendurik gabe. Gero ere oroitzen zara, baina diferentea da. Bizitza han egiten duzu, eta ohitzen zara». Hala kontatzen du Igantzik bere hemendik harako jauzia. 86 urte ditu orain, eta 24 zituenean joan zen Lesakatik (Nafarroa) Kaliforniara artzain, bere osabaren rantxora. AEBetan bizi izan da geroztik. «Ez zait damutu», dio. Akordeoiarekin aritzen zen Euskal Herrian, eta akordeoia hartuta egin zuen Amerikarako bidaia ere. Horrek laguntzen zuen ardiekin zegoenean. «Niretzat jotzen nuen, baina ardiek ere entzuten zuten», kontatzen du irri artean. Handia zen orduan artzain joandakoen euskal komunitatea, eta antolatzen zituzten euskal festetara ere eramaten zuen bere musika tresna. Horrek egin zuen ezagun. Oraindik ere jotzen omen du pixka bat. Euskal doinuak, baita Amerikan ikasitakoak ere.
Ez zen luzez aritu rantxoan artzain. Herrian diru gehiago egiten zela eta, tabernari lanetan hasi zen. Ez zen familiaren gustuko erabakia izan, ordea. «Osabak ez joateko esaten zidan. Jokoan aritzen da jendea Nevadan, eta badira beste bizio batzuk ere, eta batzuentzat galera izaten da hori». Ez zuen berak arazorik izan horrekin. Hainbat urtez aritu zen barraren atzean, eta Boiseko Star izeneko hotelaren ardura hartu zuen gero. Euskaldunen biltokia zen orduan gune hura, eta han ezagutu zuen emaztea. Mundakatik heldu zen hura (Bizkaia). Elkarrekin hasi, ezkondu eta Euskal Herrira bueltatu ziren. Baina denboraldi bat egin, eta bere baitan irauli egin zitzaion herrimina. Euskal Herrian, AEBetan ezagututako bizimoduaren falta sumatzen zuen. Hemen izan, baina han nahi.
Urtero egiten du geroztik Lesakarako buelta, baina Elkon (Nevada, AEB) eman du bizitza Igantzik, eta Boisera joan da orain (Idahoo, AEB). Familiak eraman du hara, hein batean, baina baita euskal giroak ere. «Hilean behin izaten dugu afaria elkartean. Han juntatzen gara euskaldunok, eta euskaldunekin ezkondutakoak eta…». Hori maite du berak. Hori da AEBetan faltan duena, eta hori da Amerikako euskal giroan aurkitzen duena. «Ohitzen joan naiz, baina hasieran hemengo besten falta sumatzen nuen. Beste bizimodu bat da hangoa. Etxeko bizitza egiten da han, eta ez dago kalean hemengo mugimendurik».
Horrek sentiarazten omen zion AEBetara joandako lehen egunetan herriminik handiena. «Hemengo festa giroa utzita, rantxoko isiltasuna handia zen». Garrantzitsuak ziren horregatik euskal festak harentzat orduan, eta antzera orain ere hilean behin egiten dituzten afariarekin. Afari eta festa horiek dira han izanik hemen egoteko modua Igantzirentzat.
Dioenez, ordea, jaitsi egin da euskaldunen kopurua azken urteetan. «Lehen hogei lagun baginen Lesakakoak, eta orain pentsatzen dut hiru edo lau lagun direla. Euskal Herrira etorriak dira batzuk, eta hil egin dira gehienak». Desagerpen hori da, hain zuzen ere, orain bi urte Gorka Bilbaok eta Nacho Reigek Elkon grabatutako Amerikanuak izeneko filmaren ardatza, eta Igantzi da pelikulan agertzen diren artzain horietariko bat.
Lurralde arrotzean
Kasualitatez heldu zen kasik Jose Aleman AEBetara. Anaia zen berez hara joatekoa; ez bera. Hegazkineko txartela ere erosia zuten gurasoek anaiarentzat, baina AEBetako legeak aldatu, eta urte pare batez geldi samar gelditu zen euskal artzainen emigrazioa. Nahikoak anaia hark soldaduska egin eta beste bide bat hartzeko. Kezkatuta entzun zituen gurasoak Arizkungo mendialdeko beren etxeko sukaldean hizketan Leonek, hegazkinerako jarritako dirua galduko zutela eta. «Ni joanen naiz!», esan zien berak, eta bizitza osoa markatu dio esaldi horrek. Hamasei urte zituen orduan, 72 orain. 50 urtez Kalifornian eman du bizitza, eta orain bost urte itzuli zen Nafarroara, Iruñera.
Hizkeran igartzen zaizkio AEBetan emandako urteak. Natural-natural nahasten zaizkio Arizkungo euskara eta kaliforniar doinuko oh yeah eta gisako esapideak. Miliak aipatzen ditu kilometroen ordez, galoiak litroen ordez eta Fahrenheit graduak Celsiusen ordez. Irribarrez mintzo da orain, baina, aitortu duenez, ez zen erraza izan hasiera 16 urteko mutil harentzat. «Tokatu zitzaidan bai lehenengo urteetan etxekoekin eta herriarekin akordatu eta begiak arraskatzea». Artzain hasi zen, Mojaveko desertuan (Nevada). «Etxean ere ardiekin usatua zara, baina joaten zara hain urrun, eta toki berri batera… Izugarri arrotz da. Eta bada hemengo jendea ere, baina toki handiak dira haiek, eta zurekin 2.000 ardi dituzu».
Bederatzi bat urtez aritu zen artzaintzan; artzain lehenik, eta garraiolari gero. Menditik herrira jo zuen gero, «sos gehiago egiten zelako». Lorezaintzan hasi zen, Etxalarko gizon bati negozioa erosita, eta ongi atera zitzaion apustua. Mendiko garai gogorrak ere aipatzen ditu, ordea. Gogor lan egin beharra, lautadetako bakardadea eta Mojave desertuko beroa, adibidez. «Udan bero ikaragarria egiten du han. 120 gradutik gora bai [50 Celsius gradu]. Goizeko hamarretan zutik jarri, ubeletik behera poxpoloa bota, eta harea jotzean su hartzen zuen! Eta egia da hori. Proba egina dut nik neuk. Ikaragarrizko beroa». Eta han ibiltzen zen bera bi bat mila bururekin. Gar artean, kasik. Ihes ere egiten saiatzen omen ziren artzain batzuk lehen egunetan.
Tiro hotsak desertuan
Ingurua latza izan, eta latza zen han bizi zen jendea ere, Alemanek kontatzen duenez. Errifle batekin mehatxu egin zioten aldia gogoratzen du. «Jendeak hazi berriak ditu, igual, eta 2.000 bururekin kontuz ibili behar du artzainak. Terrenoak batenak eta bestearenak izaten ziren, eta hala pasatzen ziren kasuak. Niri minero batek jarri zidan erriflea bularrean. Ardiak sartzen dira gari larre batean, eta aditzen dut tiro bat. Joaten naiz lasterka haiek ateratzera batere gaizki pentsatu gabe, eta etortzen zait gizon ihar bat eta jartzen dit erriflea bularraren kontra: ‘Ez badituzu ardiak zaintzen, tiro emanen dizut’. Afera serioa zen han!». Pasadizo bat da, baina ematen du inguruaren laztasunaren berri.
Laztasunak gorabehera, ongi eman zuen artzain denbora. «Beti izan nuen jan eta edan nahikoa. Nagusi onak izan nituen». Euskaldunak haiek ere: mendiburutarrak. Azpilkuetakoak (Nafarroa). «Lur handiak zituzten. 45.000 ardi inguru, eta 10.000 behi alde-alde. Rantxoak handi-handiak ziren, eta dotoreak. Abionetekin botatzen zituzten larretarako haziak!». Izan ere, asko ziren euskaldunak inguru hartan Alemanen garaian. Elkartu egiten ziren, gainera, eta taldea osatzen zuten. San Frantziskoko euskal etxea nola eraiki zuten gogoratzen du, adibidez. «Guk geuk egin genuen dena».
Han izanik ere, hemengo baitzen Aleman. Hemengo, baina hango. Hango, baina hemengo.