Hegoaldeari eskumenak murriztuta, hezkuntza zentralizatzera jo du PPk

Garikoitz Goikoetxea / 2012-09-22 / 926 hitz

Espainiako Gobernuak Hego Euskal Herriko curriculumaren %65 ezarriko du hezkuntza erreformarekin; gaur egun, %55 agintzen du.
Hezkuntza sistema «homogeneoa» nahi du Wertek, «gutxieneko edukiak bermatzeko».

Zentralizatzeko apustua egin du Espainiako Gobernuak hezkuntza erreforma aprobetxatuta. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak zeresan gutxiago izango dute datorren urtetik aurrera curriculuma erabakitzean. Madrilek ezarriko du gehiena, eta orain baino gehiago: ikastetxeko edukien %65, orain baino hamar puntu gehiago, autonomia erkidegoetako gobernuen kaltetan. Madrilen jarrera zein izango den argi utzi du, gainera, Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak: «Estatuaren eskumena da oinarrizko legeak egitea eta ebaluazio irizpideak zehaztea, eta curriculumaren %65 ere ezarriko du». Kudeaketa geratu da erkidegoen esku. «Ez da zentralizazio prozesua, beraz, erkidegoek ere jarraituko baitute eskumen batzuk izaten».

Espainiako Gobernuak atzoko bileran onartu zuen aurreproiektua. Ministroaren bigarren pausoa da: mozketak lehen, eta erreforma orain. Onartu du murrizketek eragina izango dutela. «Badakigu garai zailean datorrela aldaketa, baina ezinbestekoa dugu».

ESKUMENAK
Curriculuma, Madrilen esku

Erkidegoek gaitegia moldatzea ez du ondo ikusten Wertek: «Ezin dugu onartu hamazazpi hezkuntza sistema egotea». Kalterako dela uste du: «Moldaezina da edukien sakabanaketa. Emaitza apalak izatea horrekin azaltzen da».

Erakunde bakoitzari zer lan dagokion zehaztuko dute, ministroaren hitzetan. «Urteetan legeak pilatzen joan dira, eta behingoz argitu beharko dugu zein diren bakoitzaren eskumenak». Estatuak jarraituko du izaten aginte zabalena, eta orain, zabalagoa. Erkidegoek kudeaketa lana izango dute batez ere, edukiak ezartzeko eskumena gutxitu baitiete. Ikastetxeek curriculumeko edukiak zehaztuko dituzte, eta metodologiaren ardura izango dute. Eskolen egituretan aldaketak egiteko asmoa ere iragarri du ministroak, baina ez du eman xehetasunik: zuzendariek ahalmen gehiago izango dute. Irakasleen Estatutua prestatzen ari da Wert.

Hezkuntza sistemak «homogeneoa» izan behar du, PPren gobernuaren iritzirako: «Gure ardura da erkidego guztietan gutxieneko ezagutza batzuk bermatzea». Areago, Europako Batzordearen txosten bat erabili du hori justifikatzeko; ranking bat egin du erkidegoz erkidego, eta alde handiak ikusi ditu batzuetatik besteetara.

IKASGAIAK
«Arreta galtzekoak», kanpora

Horiekin ere badu kezka ministroak, Espainiak nazioarteko probetan eta zerrendetan lortzen duen maila eskasaz. Irtenbidea: azterketa horietan kontuan hartzen dituzten ikasgaiei ordu gehiago ematea. Gaztelania (eta Euskara, ereduaren arabera), Ingelesa, Matematika eta Zientzia eskolak areagotu egingo dituzte.

Wertek esana du ikasleei «arreta galarazi» egiten dietela ikasgai batzuek. Orduak murriztuko dizkiete irakasgai horiei, edo kendu egingo dituzte zuzenean. Ez dute zehaztu zein izango diren. DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan hautazko ikasgaiak izaten dituzte ikasleek, norbere bidea hartzen hasteko. Horiek nabarmen gutxitzeko asmoa du PPren gobernuak. Indartuko dituzten horiek daukate garrantzia, Werten esanetan: «Bizitza guztian ikasteko zimendua horiekin edukiko dute ikasleek».

AMAIERAKO AZTERKETAK
Selektibitaterik ez da egongo

Nazioarteko probetako edukiekin batera, beste azterketa batzuk bultzatuko dituzte. Irakats-aldi bakoitzaren amaieran proba bat izango dute ikasle guztiek. Aldaketa bat egin du Wertek, hala ere: Lehen Hezkuntzan, 12 urterekin, ikasleek aldi osoan ikasitakoaren azterketa bat egitea nahi zuen, eta gainditu ezean errepikatu beharra izatea. Azkenean, bi aldiz egingo dute azterketa —3. mailan eta 6. mailan—, eta helburua izango da ikasleen maila zein den jakitea, aurrera segitzeko laguntzarik behar duen ikusteko. Azterketa ez gainditzeak ez du errepikatu beharra zuzenean eragingo: maisu-maistrek erabakiko dute hori. Hizkuntzei eta Matematikari buruzko ariketak izango dituzte ikasleek. Hego Euskal Herrian lehen ere egiten dituzte diagnosi erako azterketa horiek.

DBHn eta Batxilergoan, ordea, nahitaezkoa izango da amaierako azterketak gainditzea; bestela, ez dute titulurik emango. Notak honela kalkulatuko dituzte: DBHn, zazpi puntu izango dira eskolako irakasleek jarritakoak, eta hiru, amaierako probari dagozkionak; Batxilergoan, sei puntu eskolakoak, eta lau, azken azterketakoak.

Horren ondorio zuzen bat: selektibitatea desagertu egingo da. Itxura bereko proba izango da Batxilergo amaierakoa, diferentzia batekin: batez ere Madrilek jarriko du azterketa, ez unibertsitateek. Printzipioz, probaren ostean egindako emaitza hartuko dute kontuan unibertsitatean nor hartu erabakitzeko. Baina beste bide bat zabaldu du Wert ministroak: «Unibertsitateek aukera izango dute sarbiderako baldintza gehiago ere jartzeko». Gaur egun, zenbait ikasketatarako egiten dituzte proba bereziak eta elkarrizketak.

Amaierako proba horiek Madrilgo gobernuak erabakiko ditu gehienbat —guztian du zerikusia %65eko muga horrek—, eta «izaera nazionala» izango dute. Kontrolerako tresna izango dira, gobernuak esana baitu zer ikasten duten zaintzeko asmoa daukala.

Azterketen emaitzei buruzko ondorioak publiko egingo dituzte, eskolaz eskola eta erkidegoz erkidego. «Geure PISA izango da», azaldu du Wertek. Bestela esanda: eskolen rankingak egingo dituzte, emaitzak oinarri hartuta.

SISTEMAREN EGITURA
Lanbide Heziketa helburu

Hezkuntza sistemak orain arteko egitura izango du oro har: 16 urtera arte derrigorra izango da eskolara joatea eta irakats-aldien banaketak ere berdin jarraituko du. Bigarren Hezkuntzan eta LH Lanbide Heziketan daude aldaketak. Azkenean Batxilergoak eta Erdi Mailako Lanbide Heziketak ez dituzte hiru urte izango —hori iragarri zuen Mariano Raxoik inbestidura saioan—. DBHko azken urtea, laugarrena, aldatuko dute: hastapeneko ikasturtea izango da, gero Batxilergoa edo Lanbide Heziketa, zer ikasi nahi den. Adar batetik edo bestetik jo, ezberdina izango da amaierako proba. Aukera orain baino urtebete lehenago, 15 urterekin, egin beharko da.

Madrilgo gobernuaren xedea da Lanbide Heziketara orain baino jende gehiago bideratzea. Zein ikasle da kontua. «Berdintasuna sustatu behar da, baina guztiek ez dute talentu bera», esan zuen atzo bertan Wertek. Lehen ere iradoki izan du nota kaskarragoak dituztenak bideratu nahi dituela LHra.

Lanbide Heziketako eredua aldatu egingo dute. Heziketa duala izango da: goizean eskolara joango dira, eta arratsaldean, lantokira, ofizioa ikastera. Hegoaldean badago horrelakorik dagoeneko.

Erdi Mailako titulua aterata, errazagoa izango da Goi Mailako Lanbide Heziketara pasatzea. Azterketa bat zegoen orain arte; zubia ikasgai osagarrien bidez egin ahalko da. Xedea: Batxilergora jende gutxiagok jotzea —gehiegi joaten dira orain, Werten ustez—.

Lanbide Hastapeneko Programak kendu egingo dituzte. DBHn komeriatan dabiltzanak hara igortzen zituzten, lanbide bat ikasi eta graduatua lortzeko modua izan zezaten. Aurrerantzean, Oinarrizko Lanbide Heziketarako Programak izango dira; bi urtekoak izango dira, eta derrigorrak. Bide hilak izango dira plan horiek: ikasleei ez diete titulurik emango beste ikasketa batzuetarako. Lanera zuzenean jo beharko dute, DBHko graduatua ere izan gabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.