Gorka Julio / 2012-09-20 / 284 hitz
Murrizketek eta prezioen igoerek garai hauetako eskolarako buelta garestiago egingo dute. Ez da erraza izango material garesti horiek erosi behar dituzten ikasle eta familientzat, ez horixe. Nola da posible materialak merke edo doan jasotzeko biderik ez egotea hezkuntza sistema publiko eta derrigorrezko batean? Era digitalean zabaltzeko dauden erraztasunak kontuan hartuz? Materialak egin egiten dira, diru publikoaz lagundurik asko. Beste asko, irakasleek beren lan orduetan hobetu edota sortzen dituzte. Ez al dago erabilitako baliabide horiek hobeto erabiltzerik? Eta horretaz bizi diren enpresak, zer? Oinarrizko eskubide bat den heinean, eztabaida horrek ez luke gertatu beharrik ere, baina hala ere tokia edukiko lukete oraindik; materialak hobetzen, bide berriak jorratzen, lanak koordinatzen, zuzentzen… Ordua da eztabaida hau plazaratzeko; bestela ere jendeak bere bideak bilatuko ditu, alderdi piratakoek egin duten moduan: http://pirata.cat/p2p/.
Haratago, hezkuntza sistema tradizionalaz kanpo ikasteko aukera gero eta gehiago dago. Teknologiaren alorrean bakarrik asko dira programazioa, diseinua, maketazioa… ikasteko tokiak. Codeacademy (http://codecademy.com) da beharbada ezagunena, eta bertan arlo askotako gaiak ikas eta irakats daitezke.
Mozilla Labs (http://mozillalabs.com) barnean ere badira hezkuntzarekin harremana duten bi proiektu interesgarri ere: iHeartCode eta School of Webcraft. Lehenak era automatikoan Python programazio hizkuntza ikasteko aukera eskaintzen du. Bigarrenak P2PUrekin batera (http://p2pu.org) estandar irekiak erabiliz web aplikazioak sortzeko ikastaroak eskaintzen ditu.
Badira, halaber, jokoak oinarri hartuz irakaskuntza modu berriak probatzen dituztenak ere. Scratch (http://scratch.mit.edu) programazio bisualaren bidez aplikazioak eta jokoak sortzeko komunitateak arrakasta handia du. Badira asmakizun eta erronkak oinarritzat sinpleak, baina erakargarriak direnak ere; probatu bestela notpron (http://notpron.org/notpron/). Aipatutako P2PU Peer to Peer University webgunearen eredua oso esperientzia interesgarria da; gai ezberdinei buruz ikasi eta irakasten duten pertsonak biltzen ditu. Bakoitzak dakiena eskaintzen du, eta ikasi nahi duenak, jaso, besterik ez. Ez al luke gure hezkuntza sistemak horren antzekoagoa izan behar?