Anjel Lertxundi / 2012-09-11 / 117 hitz
Egunkariek mundua kontatzen omen dute, baina mundua bere mundutxora ekartzen du ezein periodikok: bere oilo-lurraren parametroetatik, kezketatik, desioetatik interpretatzen ditu gertakariak. Quebec-eko emaitzekin ere gertatu da. Hango bozak hemengo betaurrekoekin eta hemengo apetekin interpretatu dira, eta hango emaitzekin poztu zein tristatu direnek hemengo diskurtsoak bazkatzeko baliatu dute hango panorama berria.
Beti gertatzen da kontu bera, eta seguru asko ez da posible beste modu batera. Orduan? Zer egin, egunkariek kontatzen duten munduak gero eta sinesgarritasun gutxiago eragiten badu? Ez dago beste biderik: kontatzen duten mundua ulertzeko, han-hemen gertatzen denera hurbiltzeko, periodikoaren kontatzeko modua (intentzioa) eta diskurtsoa (mamia) aztertu behar.
Egunkari bat irakurtzerakoan egunero adi egon beharrak asko nekatzen duela? Badu abantailarik: adimena suspertu eta buruko gaitzak prebenitzen ditu.