Jabier Agirre / 2012-09-18 / 517 hitz
Udazkenarekin batera datozen tenperatura aldaketak eta lanean hartu beharko ditugun konpromisoak kolokan jar ditzakete gure defentsak. Babesik gabe ez geratzeko, besteak beste, klimaren gorabeheretara apurka egokitzea, estresa saihestea eta kirola egitea gomendatzen dute.
Eguneroko errutinara itzultzea, aurreneko hotzak etortzea, argia falta izatea… Arrazoi horiek eta beste batzuk direla medio, uda ostean gure gorputzaren immunitate-sistema goitik behera eror daiteke. Gripeari aurrea hartzeko eta udazken partean ohikoak diren beste gaitz batzuetatik babesteko, hauxe duzu zure defentsak indartzeko garairik aproposena.
Gure gorputza uste dugun baino sentiberagoa da kanpo-eragileen aurrean. Klimak, estresak, dietak nahiz gogo-aldarteak eragin handia izan dezakete gure osasunean, eta nekatuagoak sentitzea edo errazago gaixotzea ekarriko dute. Udazkenak dituen bat-bateko tenperatura-aldaketekin eta lanean hartu beharko ditugun ardura eta konpromisoekin, sasoi delikatu samarra da gure defentsentzat. Horregatik, eta babesik gabe geratu aurretik, jarraitu aholku hauei.
Gorputzari indartsu eusteko
Aurreneko urratsa urte-sasoi berrian modurik onenean sartzeko, estrategia egokia prestatzea izango da:
• Egokitze graduala. Gorputza gaitzetatik babesteko, onena klimaren gorabeheretara pixkanaka egokituz joatea da, udan ohikoak diren aire zabaleko jarduerak egiten jarraituz. Eguzkia dagoen orduetan arituz gero, neguan baxu samar egon ohi diren D bitamina-mailak gehitu egingo ditugu.
• Zaindu estresa. Presak, denetara iritsi nahiak, eguneroko kezkek eta laneko ardurek gure gorputza akitu eta defentsak gutxitzen dituzte. Horregatik, lehentasun batzuk ezarri behar dira; ez saiatu zurea ez denari erantzuten. Horrela, bizitza lasaiago hartuko dugu, eta ez gara hain erraz gaixotuko.
• Egin kirol gehiago. Hori izaten da urte-sasoi honetan guztiok geure buruari agintzen dizkiogun asmo nagusietako bat, askotan, tamalez, kale egiten badugu ere. Saia zaitez aurten hutsik ez egiten, ariketa erregularki egiteak gorputza oxigenatu eta toxinak kanporatzen ditu-eta.
Dietaren garrantzia
Gure immunitate-sistema baldintzarik onenetan edukitzeko, jan-neurri egokia egitea ezinbestekoa da, edozein adin, sexu, lanbide eta baldintzatako pertsonentzat:
• C bitamina ugariko jakiak. Azkenaldi honetan zalantzan jarri izan den arren, gure defentsak asko murrizten dira C bitaminarik gabe. Besteak beste, azaren familia osoan, piperrean, kiwian, zitrikoetan (laranja, limoia, mandarina) eta meloian dago C bitamina. Egunero 20-60 gramo bitarteko dosia jasotzea gomendatzen da. Laranja bat, kiwi bat edo bi mandarina hartuz lortzen da kopurua hori.
• Laktobaziloak dituzten esnekiak. Gomenigarria da jogurtak, mamia eta kefirra hartzea, hesteetako defentsak indartu eta estimulatzen dituztelako.
• Bost errazio fruta eta berdura egunean. Bitaminak eta mineralak kantitate egokian ziurtatzeko modurik onena da. Fruta osorik jatea komeni da, eta, ahal dela, azal eta guzti. Barazkiak, berriz, gordinik edo gutxi eginda jatea komeni da, lurrunetan egosita edo ur gutxitan irakinda.
• Murriztu toxinak. Aurretik prestaturiko jakiak, gantz saturatuek, gozokiek, kafeak eta alkoholak gure organismoa ahitu eta defentsak gutxitzen dituzte. Janari horiek kontsumitzeari uztearekin batera, zure osasun-mailak nabarmen egingo du hobera.
Antibiotiko naturalak
Antibiotikoak laguntza baliagarria izan ohi dira bakterioek eragindako infekzioei aurre egiteko, baina sekula ez dira norbere kasa hartu behar, ez baitira kasu guztietan eraginkorrak izaten. Gainera, beharrezkoak ez direnean antibiotikoak hartzeak gure defentsak ahuldu eta gehiagotan gaixotzea ekar dezake. Mikrobioak antibiotikoekiko erresistente bihur daitezke botika horiek gaizki erabiliz gero.
• Automedikazioari ez. Gurpil zoro horretan ez sartzeko, antibiotikoak medikuak agindutakoan soilik hartuko dira. Kontuan hartu behar da botika horiek ez dutela dena sendatzen; izan ere, birusek eragindako infekzioetan —eta gripea da horietako bat— apenas balio duten ezertarako.