Joseba Asiron: «Irabazi dugu 2012ko gudua»

Iñigo Astiz / 2012-09-13 / 625 hitz

Funtsezkoa da 2012a Nafarroako Erresumari buruzko historia ikerlarientzat, eta egindako lanak orain arteko ikuspuntua irauli egin duela dio Joseba Asiron historialariak. Euskal Herriko Historialarien III. Biltzarra antolatzen aritu da, egunotan egiten ari direna.

Aurten 500 urte bete dira Gaztelako tropek Nafarroako Erresuma konkistatu zutela. Borobila da efemeridea, eta Nafarroako agendaren erdian egon da gaia maiz. Funtsezkoa izan da horregatik urtea historialarientzat. Pozik dago orain arte egindako lanarekin Joseba Asiron arte historialari eta Nabarralde elkarteko kidea. Dioenez, inor gutxi mintzo da anexioaz orain, baina ez du ukatzen etorkizunarekiko kezka. «Urteurrena bukatutakoan, anexioaz hitz egiten jarraituko dute betikoek, baita hori gezurra dela frogatu dugun arren ere?». Urtea igaro du Euskal Herriko Historialarien III. Biltzarra antolatzen: aurreko asteburuan hasi zen, Arrasaten (Gipuzkoa), eta igandean amaituko da, Iruñeko planetarioan. Konkistaren ondorioei begira jarri ditu historialariak aurten.

Gizartean oihartzun handia izan du konkistaren urteurrenak. Historiografikoki nolakoa izan da ekarpena?

Erabateko buelta eman zaio gaiari. Lan handia egina zuten zenbait historialarik, baina esango nuke orain hiru urtera arte kalean bizirik zegoela eztabaida. Konkista izan ote zen edo anexioa? Orain mundu guztiak argi ikusi du konkista izan zela. Baina ez da eztabaidarik izan. Sektore oso bat isilik egon da. Isilik egon dira konkista anexio bat izan zela esaten urteak pasa dituztenak. Badaramatzagu hiru biltzar kontrakoa demostratzen eta haiek esandako asko iruzur hutsa direla frogatzen, baina inork ez du lehengoari eusteko ahorik ireki. Faltan sumatu dut eztabaida zientifiko hori.

Konkistak euskaran izandako eragina aztertu zenuten larunbatean, Arrasaten. Zein dira ondorio horiek?

Koldo Zuazo hizkuntzalariak esana du euskalkien jatorria ez dela orain arte uste zen bezain antzinakoa. Euskalkien garapena banaketa politikoaren ondorioa izan daitekeela dio. Garai batean Iruñea zen hiriburua, eta hortik abiatzen zen Elizaren bitarteko eragina, adibidez. Euskararen nolabaiteko bateratasuna egon zen garai hartan, baina batasun politikoa hautsi zenean, beste botere foku batzuk sortu, eta dibertsifikazioa hasi zen. Louis Davant idazle eta euskaltzainak, poetikoki, lurrikara batekin alderatu zuen konkista. Tsunami batekin. Izan ere, tsunamia lurrikara batekin hasten da, itsaso sakonean olatu bat sortzen du gero, gainazalean sumatzen ez dena, baina lehorrera heltzean olatu erraldoi bilakatzen da. Orduan agertzen da. Konkista lurrikara izan zen, eta 150 urte geroago Borboidarren inperioa heltzean, konkistaren ondorioz agertutako baldintza berriek sortu zuten tsunamia. Euskararen galeraren mapan ageri da hori.

Konkistaren ondorioak aztertu dituzue aurten. Linguistikoak, baita militarrak eta instituzionalak ere.

Aurreko biltzarretan ere hitz egin da ondorioez, baina orain arte tratatu gabeko gaiak landu ditugu oraingo honetan. Nafar estatuaren deuseztapena aztertuko du larunbatean Mikel Soraurenek. Klabea da ikuspuntu hori. Une batera arte estatu izan zena nola desegin zuten aztertu du. Paktista izan zen erregetza batetik absolutismora eman zen jauzia.

Trilogia bat omen dira biltzarrak. Hirugarren hau izango da azkena?

Ez dugu planteatzen besterik. Nafarroako erresumari buruzko ikerketek ez dute ematen urtero kongresu bat antolatzeko. Hiru urte hauetako biltzarrak hamarkadetan izandako isiltasunaren ondorio izan dira.

Konkista edo anexioa. Eztabaida hori gaindituta dagoela diozu. Zein da orain, beraz, eztabaida?

Nire susmoa da urte deseroso hau pasatzeko zain dagoela Nafarroako Gobernua. Gu desagertu eta haiek betiko bertsioa errepikatzen jarraitzeko. Irabazi dugu 2012ko bataila historiografikoa, baina zer gertatuko da 2013an? Anexioaz hitz egiten jarraituko dute betikoek? Nik lortu nahi nukeen helburua da konkistari buruzko kontakizuna aldatzea. Eta batez ere eskolan lortzen da hori. Baina susmoa dut datorren urtean erakundeen onespena jasoko duten testuliburuetan eutsi egingo diotela betiko historiari, baita hori gaindituta dagoela jakinik ere. Badut beldur hori.

Zuen hiru biltzarrak, Xavier Mina elkarteak aurten egindakoa, UEUrena, Nafarroa Bizirik taldeak egindako hitzaldiak… Asko dago oraindik konkistari buruz esateko?

Dudarik gabe! Bi ikerketa bide aipatuko ditut. Zein izan da beaumondar legitimisten egitekoa? Agramondarrak independentziaren alde eta beaumondarrak Gaztelaren alde aritu zirela dio historiaren ikuspegi sinplistak, baina ez da horrela. Badira beaumondar legitimistak ere. Hori da ikerketa ildo bat, adibidez, eta 1200. urtean Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiaren galerari buruzkoa izan daiteke bestea. Asko dago ikertzeko.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.