Idurre Eskisabel / 2012-09-08 / 166 hitz
EREaren mamuak janda dauka Martinen burua, eta hortik sortu zaio galdera: «Eta hemendik aurrera zer egingo dugu asteburuetan? Ze guk laster utzi beharko dugu kiroldegiko txartela… Gastu handiegia bihurtu zaigu…», bota du burumakur lagunarteko bazkarian. «Bai, bai», erantzun dio Aintzanek, «kontua ez dago erraza. Guk, aurten behintzat, eskiatzearena fuera», eta, esan ez badu ere, erosketetara lotutako larunbat arratsaldeak ere amaitu direla pentsatu du. Elkarrizketak hartu duen tankera ikusita animatu da Asier aitortza egitera: «Josunek eta biok furgoneta saltzea erabaki dugu: murrizketekin… Adio Pirinioak!».
Dirurik gabe nola bete denbora; horra hor zirkuluaren koadratura berria. Susanak proposatu du irtenbidea, txantxaz: «Dantzan hasi beharko dugu berriz; dantza taldera denak, umeak eta gu. Horrela, entsegu eta emanaldiekin, beteta asteburuko plana». Algara egiten dute denek. Baina bai, Martinek, Aintzanek, Asierrek eta Susanak izan zuten garai bat ondo pasatzeko ia dirurik behar ez zutena: dantza taldea, antzerkikoa, txistulariena, mendi taldea, eskubaloikoa, euskara elkartea, bertso eskola, gaztetxea, alderdia, hardcore taldea… Denbora ez ezik barrua betetzeko moduak. Beharbada, krisiak eragindako galerengatik berreskuratuko duten ondarea.