Siesta

Idurre Eskisabel / 2012-09-15 / 161 hitz

Iristen da momentu bat seme-alabek galdeketa etengabeko batean sentiarazten zaituztena: «Amatxo, eta hau zergatik?», «aitatxo, eta hau nola?». Eta hura, eta bestea, eta hurrenagokoa… Eta eguneroko lan eta kezketan kamustutako zure adimena, ezinean, jarioak ez ezik galderen zorroztasunak gaindituta. «Ama, zergatik ez da erortzen hegazkina?», «aita, zer da hiltzea?», eta ezjakin sentitzen zara. Baina galderarik gogorrenak beste mota batekoak dira: «Ama, zergatik egin behar dut siesta orain nekatuta ez banago?». Hau da, zure komenentziarako —are, zure agintea indartzeko— sortutako arau eta betebeharrak auzitan jartzen dituzten galderak. Horrelakoetan, egiazko arrazoia ezkutatu nahi duzunez —hau da, «nik nahi dudalako» tiranoa—, erantzun iruzurtien txorrota irekitzen duzu: «komeni zaizulako», «osterantzean txiki geratuko zarelako», «zure onerako delako», eta limurtze saioak funtzionatzen ez badu, ebidentzia faltsua hartzen duzu argudio: «Zentzuak agintzen duelako» edo «ez duzu ikusten, hala behar duelako!».

Gu umearen siestarekin bezala, halaxe ari da finantza eta merkatuen izenpean mozorrotutako plutokrazia gurekin, haien komenentziarako baino ez den murrizketa saldoa ebidentzia, ezinbestekotasun eta zentzu komun iruzurtiekin argudiatzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.