Mikel Peruarena / 2012-09-20 / 344 hitz
Frantziako unibertsitate batek ondorioztatu du hilkortasuna handitzen dutela, Monsantoren salgaiak probatu ostean
Arto transgenikoz elikatutako arratoiak lehenago hiltzen dira, eta tumore gehiagorekin. Food and Chemical Toxicology kazetak argitaratu duen ikerketa bat iritsi da ondorio horretara. NK603 arto transgenikoarekin eta Roundup herbizidarekin egin dituzte esperimentuak; Monsanto enpresarenak dira bi produktu horiek.
Caengo Unibertsitateko irakasle Gilles-Eric Seralinik gidatu du ikerketa. Esan du emaitzak «kezkagarriak» direla. Arratoi emeek bizpahiru aldiz hilkortasun handiagoa dute arto transgenikoz elikatzen badira. Arratoi arrei, berriz, bizpahiru aldiz tumore gehiago atzeman dizkiete.
Bi urtez egin dute ikerketa; luzera begirako emaitzak eta ondorioak kaleratu ditu, beraz. Hiru arto klaserekin elikatu dituzte arratoiak, probak egiteko: NK603 arto transgenikoarekin batzuk, Roundup herbizidarekin trataturiko arto klase berarekin beste batzuk, eta transgenikoak ez diren baina Roundup herbizidarekin trataturiko arto batekin beste batzuk. Amerikako Estatu Batuetako elikadura ohituretan oinarritutako dietak jarri dizkiete arratoiei; gutxi gorabehera, dietaren %11 osatu du artoak.
«Hilkortasun bizkorragoa»
Produktu horietako bakoitzaren erabilerak «bizkorrago hiltzea eta hilkortasun handiagoa izatea» ekarri die arratoiei, ikerketaren egileen esanetan. Tumoreak jarri dituzte adibide: batez beste, arto transgenikoz elikatutako arrei 600 ordu lehenago agertzen zaizkie; emeei, 94 ordu lehenago. Arratoi arrei azaleko eta giltzurrunetako minbiziak agertzen zaizkie batik bat; emeei, ugatz guruinetakoak.
Ikerketaren egileek nabarmendu dute lehen aldia dela gisa horretako azterketa bat hain denbora luzean egiten dena. NK603 artoa, esaterako, hiru hilabetez probatu zuten. Beste transgeniko batzuk hiru urtez probatzen direla azaldu du Seralini irakasleak, baina horren azterketa sakonik sekula ez zaiela egiten. Arratoiekin eginiko proba horiek izakiekin egin aurretik egin daitezkeen fidagarrienak direla ere azaldu du.
Ceres Fundazioak eta Charles Leopold Meyer Fundazioak finantzatu dute ikerketa. Elikadura arloko 50 bat enpresak osatzen dute Ceres fundazioa; transgenikorik gabe lan egiten dute .
Ikerketaren emaitzak jakin orduko, Stephane Le Foll Frantziako Nekazaritza ministroak adierazi du transgenikoen erabilera homologatzeko prozedurak gogortzeko eskatuko duela Europako Batasunean, «oraindik eta zorrotzagoak izateko». Frantziako ANSES osasun arloko segurtasunerako agentziari ikerketaren egiazkotasuna testatzeko ere eskatuko dio ministroak.
Jose Bove eurodiputatu eta transgenikoen aurkako ekintzaileak, bestalde, MON810 arto transgenikoaren erabilera guztiz debekatzeko eskatu dio Europako Batzordeari. Gaur egun, arto hori eta Amflora patata transgenikoa landatzea dago baimenduta Europan.