‘Whatsappina’

Julio Soto / 2012-09-19 / 245 hitz

Pertsona normalak direla irudituko zaizu lehen begiratuan. Normalak baino gehiago, arruntak. Asko motxilatxoa bizkarrean ikusiko dituzu, begiak baino betazal handiagoekin. Burua makur. Karpeta besapean beste asko, aurrekoak baino pittin bat zaharragoak. Gero eta gehiago, lepotik zintzilik zintzarria daramatenak, edo soineko eder bat. Kontsumitu egiten dute.

Bi urte izango dira droga hau gure kaleetan dabilela. Hasiera hartan, gutxi batzuk ziren hartzera ausartzen zirenak. Gaur, esango nuke gutxi batzuk garela ez hartzera ausartzen garenak. Ardi zuriak, ardi beltz. Edonon topatuko duzu salduko dizun norbait. Diote merkea dela, ez kontsumitzea baino merkeagoa. Agian hemen, neurrigabetasunaren arrazoia. Gehienek patrikan edo poltsatxoan ezkutatzen dute. Gutxi batzuek, galtzerdi baten barruan. Ez dezan hautsik har. Paradoxikoa.

Izan zen ezkutuagoan egiten zuten garai bat. Kontsumitzeak lotsa ematen zien aldi bat. Gaur, gizarte osoaren onarpena dute. Hogeita hamaika eskutik. Edozeren eta edozeinen aurrean egiten dute. Lotsa sentitzetik, sentiaraztera. Baldin itzuliko balitz iragan denbora arrotza.

Otordu garaiak izaten dira kritikoenak. Eseriko dira, eta mahai gainean utziko dute droga. Urduri daude. Ez dute masailezurrik mugitzen, bai begiak. Hizketan hasiko zatzaizkio, eta begiak konpartituko ditu. Droga eta zu, zu eta droga. Begiratuko zaitu, eta hitz egingo du. Begiratuko du, eta isilduko da. Diote begietara begira ezagutzen dela pertsona. Asmatu beharko dugu beste moduren bat.

Ez dute konprenitzen nola egiten diozun uko. Nola bizi zaitezkeen bera gabe. Probatzera tentatzen zaituzte. «Anima hadi, motel!». Harremanak asko errazten omen ditu. Lagunekin, gehiago eta zuzenago egoteko aukera eskaintzen omen dizu. Whatsappina esaten diote. Niri, aldiz, beti iruditu izan zaizkit drogak antisozialak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.