Iñigo Astiz / 2012-09-02 / 1.456 hitz
Hurrengo liburua bukatzear da Bernardo Atxaga, baina beste hamaika lanetan ere badabil. Edinburgon izan da orain egun batzuk, adibidez, mundu osoko beste 50 idazlerekin literatura nazionalei buruz eztabaidan.Eguerdia da Zalduondon (Araba). Hodeirik ez zeruan, eta 30 gradu bai gerizpean. Bere etxeko lorategiko aulki batean, elurte baten zain dagoela dio Bernardo Atxaga idazleak (Asteasu, 1951). Ez da meteorologiaz ari, idazteko nahi lukeen denboraz baizik. Dioenez, literaturaren periferian diren egitekoek hartzen diote egunaren zati handi bat, eta horregatik aipatzen du elurtearena: lasai idatzi ahal izateko. Zeruak urdin jarraitzen du, ordea, eta hurrengo liburua bukatzear den bitartean, pilatzen doazkio bestelako egitekoak: Erlea aldizkariaren 6. alea, Donostiako Zinemaldirako bi filmetan duen parte hartzea —Joxeanjel Arbelaitzen Leku hutsak, hitz beteak eta Oskar Alegriaren Emak Bakia Baita—, Ttanttaka konpainia Soinujolearen semea nobelan oinarrituta prestatzen ari den antzerki lana…
Edinburgon (Eskozia) egon da orain egun batzuk, Munduko Idazleen Bilkuran. Galdera handiak izan ditu han mintzagai sei egunez mundu osoko beste 50 idazlerekin batera. Literatura eta politikaren arteko loturaz aritu dira, mamiaren eta azalaren arteko harremanaz, zentsuraz eta nobelaren etorkizunaz, baita literatura nazionalez ere.
Bihar, berriz, Paradisua eta katuak errezitaldia emango du, Jabier Muguruzarekin batera, Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoan, Euskal Idazleen Elkarteak, Donostia Kulturak eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatutako Poesia Orduen barruan. Errezitaldiaren grabazioa CD formatuan salduko du Pamielak Durangoko Azokan.
Literatura nazionalak boterea irudikatzeko modu bat direla iradoki zenuen hizketaldi hartan egin zenuen ekarpenean. Zein da lotura hori?
Literatura nazionala prestigioarekin lotuta dago. VIII. mendeko mapa mundi bat badago, eta munduaren erdi-erdian dago Jerusalem. Lekuei zer balio ematen zaien azaltzen da mapa horretan. Bistakoa da herri askok egon nahi izan dutela maparen erdialdetik ahalik eta hurbilen. Botere militarra erabil daiteke hori lortzeko, adibidez. Baina badaude beste bide batzuk ere. Erromantizismoaren ondoren, hizkuntza bateko herri kanta eta obra literarioak ere izan dira mapa horretan agertzeko modu bat. Hor dago Shakespeareren Ingalaterra, Cervantesen Espainia, Michelangeloren Italia… Ez dago hori erakusten duen maparik, baina guztion buruan dago. Denok dugu lekuen balioari buruzko mapa bat.
Eta hori da literatura nazionalen funtzioa ere, beraz?
Gauza harrigarriak ikasi ditut Edinburgorako testua prestatzen. Historiaurreari buruz, adibidez. Arkeologoek eta paleontologoek sortutako alor bat dela pentsa daiteke, baina ez. Danimarkan sortu zen kontzeptu hori, 1840 inguruan. Herrialde hark arazo handiak zeuzkan balioen mapa horretan egoteko. Ez zuen Mediterraneoko guneekin parekatzeko moduko historiarik, eta horregatik hasi ziren beren eraikuntza megalitikoei, fosilei eta bestelakoei izugarrizko balioa ematen. Danimarkak mapan azaltzeko asmatu zuen tresna bat izan zen historiaurrea. Eta arazo bera zuten AEBetan. Independentzia lortu zuten, baina zer ziren hango eremu latz haiek Ingalaterra eta Italiako eraikinen aurrean? Baina aurkitu zituzten Grand Canyon eta Yosemite ingurua, eta arkitektorik handienak sortutako katedral bilakatu zituzten.
Eta Euskal Herrian?
Frederic Mistralek Nobel saria irabazi zuenean okzitanieraz idatziz, jendeak uste zuen okzitaniera mapan agertuko zela. Euskara ere zoragarri bilakatu zen Humboldten ondoren; paradisuko hizkuntza. Justo Mari Mokoroak esaten zuenez, euskal aditza kasik katedral bat bezalakoa zen.
Baina asko egin du behera literaturaren balio sozialak.
1960 ingurura arte-edo gauza garrantzitsua zen literatura, baina gaur egun gauza askok ordezka dezakete lehen literaturak betetzen zuen balio hori. Esate baterako, Jamaikak ez du literatura nazional handi bat; korrikalariak ditu. Literaturak beti du garrantzi bat, noski. Aintzat hartzen gaituzte hari esker, eta aintzat hartzen dugu guk ere geure burua. Baina egun literatura ez da hori lortzeko bide bakarra. Aske dago.
Baina zuri maiz aitortu zaizu euskara mapan jartzeko mandatua.
Leienda bat da hori. Eta ez dakit leienda gaizto bat ez ote den. Ekar ditzatela fakturak, ea zenbat eman didaten ustez egin dudan lan horregatik. Ez dut inongo morrontzarik. Egia da kataluniarrek ere oso gustura eraman izanen zuketela Edinburgora. Ni han egon naiz, eta nire izenaren alboan ere han egon da Basque writter izena. Egia da Basque izen hori eraman dudala normalean oso gutxi aipatzen zen lekuetara. Hori aitortu behar zait.
Horregatik esaten nuen paper hori eman zaizula.
Baina eman… Ez nago oso seguru ezer eman zaidanik. Nahiz eta oso ezaguna izan, ez naiz inoiz ibili euskal munduaren errepide nagusietan. Ez dut ezer eskatzen Basque hitza eraman dudan lekuetara eramatearen truke. Baina Seven houses in France, Zazpi etxe Frantzian liburuaren ingelesezko itzulpena atera zenetik hogei artikulu aterako ziren, eta denetan aipatzen dute Basque writer naizela. Ez da ezer, baina gutxi hori aitortu behar.
Maisulana dela esan dute Publishers Weekly aldizkariko kritikan.
Bai. Orain aterako da liburua AEBetan, eta kaleratu baino lehen egin dituzte bi kritika. Atzerrian zure patua iruzkinak dira. Hiru iruzkin txar baldin badituzu, liburu hori hil egiten da. Asko poztu nau kritikak. Niri poza ematen dit halakoetan Basque hori ikusteak. Garai batean, hasi ginenean, makina batek egin zigun burla euskaraz ari ginelako. Etxeparek esan zuen bezala, «orain dute forogatu engainatu zirela».
Henry Bengoa Inventarium ikuskizuna berriz taularatu duzue. Sortu eta 25 urtera. Zer moduzko esperientzia izan da hainbeste urteren ondoren lan hori errepikatzea?
Oso irudipen bitxia izan nuen hura irakurtzean. Beste bat ispiluan ikusiko bazenu bezala izan zen. Hura hizketan ari da, eta zu entzuten. Ez dirudi hizketan ari dena zu zeu zarenik. Zu ari zara hitz egiten ari den hori entzuten, baina, era berean, zu ari zara hizketan. Oso bikoiztasun berezia sortu zen.
Urte hauetan, asko aldatuko zen zure literaturari buruzko ikuspegia.
Idazten hasten zarenean, hemendik eta handik hartutakoekin literaturari buruzko teoria bat osatzen duzu. Baina teoria hori oso herrena da, hauskorra. Ez duzu esperientziarik. Iritzi asko aurreiritziak dira, eta ez duzu ikusten literaturaren konplexutasuna. Nire kasuan, hala izan da. Baina urteak pasa ahala, etengabeko elkarrizketa duzu zeure buruarekin literaturari buruz, eta aldatuz joaten da hasierako teoria hori.
Zertan?
Bi puntu aipatuko nituzke. Orain badakit fikzioan eta poesian hartu beharreko lehen lana dela zure ahotsa aurkitzea. Zurekin lotuta dagoen ahots hori aurkitzea. Idaztea da hori lortzeko bide bakarra. Audenek esaten zuenez, 40 urte bete baino lehen idazleak nekez aurkitzen du bere ahotsa. Eta 40 urte baino lehen halako ahots bat baldin badu, seguru beste norbaitena dela. Zure marka aurkitu behar duzu. Munduarekiko ikuspegiarekin lotuta dago hori. Gure barruko gune ezkutu bat badago, eta horrek elikatzen ditu zure poemak eta nobelak… Antzeman egiten da, baina ezin da esan. Esan badezakezu, ez da oso seinale ona. Hori da lehen lana.
Eta bigarrena?
Beharrezko ez dena ezabatzea. Nik testuaren purifikazio bat aurkitu nahi izan dut. Alde horretatik, uste dut asko hobetu dudala. Nire testuak orain askoz ere soilagoak eta trinkoagoak dira.
Esan dugunez, hamaika lan duzu esku artean. Nondik ateratzen duzu denbora idazketarako?
Arazo latz bat da gaur egun denborarena niretzat. Eta denborarik gabe ezin lagunak zaindu, irakurketak atzeratu egiten dira, liburuaren idazketa luzatu egiten da… Amets egiten dut elurte izugarri horrekin. Gure mendeko arazo handiena da denborak duen abiadura. Hori ez dago soilik gure esku. Erritmoa jarrita dago, eta erritmo horretara bizi beharra daukazu.
Eta ezin duzu lan horiekikoa moztu?
Nahi nuke, baina ezin da. Ezin ezetz esan nire lan batean oinarritutako antzezlan bati, edo hemen eman beharreko hitzaldi bati. Eta hemen nago elurtearen zain.
XIX. mendeko idazlearen nostalgia da zurea.
XIX. mendeko erritmoa oso ona zen idazlearentzat. Gaurkoa ez da hain egokia. Aurkitu egin behar da denbora hori; sortu.
————————–
«’Obabakoak’ liburuaren antza duen egitura erabili dut berriz»
Literaturaren periferiako zereginak gorabehera, Nevadako egunak deituko den liburua bukatzen dabil orain Atxaga. 300 bat orri badauzka idatzita, eta zein testu kendu, eta zein gehitu erabakitzen dabil. Azken ukituak ematen, alegia. AEBetako Reno hirian Basque Studies Programek gonbidatuta eman zuen urtea izango da haren hurrengo lanaren abiapuntua, baina ez da horretan mugatuko. Izan ere, txatalak bilduz osatu du lana. «Lan hau Obabakoak da, baina 30 urte geroago», azaldu du. Erdi txantxetan esaten duela dio lehenik. «Baina bakarrik erdi txantxetan», zehaztu du gero.
Zertan du lan honek Obabakoak-en antza?
Egituran. Puzzle egitura horretan. Nik hasieran asko maite nuen pieza desberdinak elkartzea. Testu eta liburu batzuetan itxura batera elkarrekin oso ongi josiko ez liratekeen tonu eta formak erabili ditut. Kontrajarritakoak ere badira pieza horiek, askotan, baina elkarrekin biltzen ditut. Hori egin nuen orduan, eta hori egin dut orain ere. Lawrence de Arabia-ri buruzko 25 bat orriko saiakera bat badago liburuan, Borrokaria izeneko narrazio bat, nire amari buruzko biografia bat, Barack Obamak Renon emandako hitzaldi baten kronika… Pieza horiek guztiak lotu egingo dira liburuan. Nire ustez, badago azpi-azpitik denak lotzen dituen muin bat.
Zazpi etxe Frantzian nobelarekin utzi egin zenuen kontaketa mota hori, eta Kongon kokatutako narrazio lineal bat osatu zenuen. Ironia baliatuz betiere, baina betiko abentura liburuen estilotik abiatuz.
Denok ditugu barruan ahots ezberdinak. Beti izan dut gogoa satira egiteko. Nire gazte garaian testu satiriko asko argitaratu nituen. Gogoan dut Ebatxo Peron izeneko antzerki lan bat ere idatzi nuela, baina ezezagun gelditu zen. Urteekin ez dut izan aukerarik nire alde satiriko hori lantzeko, eta denbora behar izan dut berriz hari heltzeko.
Eta, satira idatzi ondoren, berriz itzuli zara puzzle gisako estilora.
Ni ez naiz ingeniaria errepide bat egiten. Ahots desberdinak ditut, eta ahots desberdin horiekin aritzen naiz testuak egiten. Zilegi dela uste dut.