Igor Susaeta / 2012-09-13 / 411 hitz
‘Piztiaren begiak’ nobela beltza kaleratu du Alberto Ladron Aranak, euskal gatazka oinarri gisa erabilita
Xabier Betelu da protagonistetako bat: kondena bete, eta kartzelatik atera berri den etakidea. Bestea, Dasilva, polizia torturatzailea izandakoa, egun enpresari arrakastatsua dena. Eta Jon Iriarte da hirugarrena: 11 urte lehenago auto istripu batean emaztea eta alaba galdu zituena; edo hori uste du, behintzat. Triangelu horrek hezurmamitu du Piztiaren begiak (Elkar) Alberto Ladron Aranaren azken eleberria. Aurrez kaleratutako bost nobeletan bezala, genero beltzari, poliziakoari heldu dio. «Etiketak ez ditut gustuko, baina thriller-arenak ondo adierazten du irakurleak aurkituko duena», argitu du. «Eta ingelesezko thrill aditzak zirrara, emozioa esan nahi du». Elementu horiekin bete du triangelua, euskal gatazka oinarritzat erabilita.
Ladron Aranak badu «publikoaren onespena», Xabier Mendiguren Elkarreko editorearen ustez: «Salmentetan» nabari da. Eta egileak aurreko lanetako «zenbait elementu» erabili ditu Piztiaren begiak-en ere. «Lehen kapitulutik irakurlea harrapatzen ahalegindu naiz, eta gero suspenseari eusten». Amaiera, berriz, «indartsua» da, «irakurleek atsegin bezala». Ladron Aranak ere irakurtzea gustuko duena idazten du.
Erritmo arinaren aldeko hautua egin du, eta «elkarrizketa biziak» bezala, «flash-en moduko irudiak» erabili ditu deskribapenetarako, «tankera honetako nobela batek eduki behar duen erritmoaren eta punch-aren mesedetan».
Elementu horiek ohikoak dira idazlearen nobelagintzan. Protagonisten kopurua aldatu du, ordea, liburu berrian. «Normalean protagonista bat, edo gehienez bi eduki izan dituzte. Honetan, aldiz, hiru». Bakoitzari abiapuntu bat eman dio. Betelu Iruñeko hilerrian sartuko da, eta hilobi bat zabalduko du. «Gero jakingo da zergatik egin zuen». Dasilva 1990eko hamarkadan Iruñeko Poliziako brigada antiterroristaren inspektorea izan zenak, berriz, «xantaia bitxi bati» aurre egin beharko dio.
Bi pertsonaien arteko «gerra bat» hasiko da, eta elkar ehizatzen saiatuko dira, «etengabeko jazarpen frenetikoan». Eta gerra horrek, hain zuzen, erdian harrapatuko du Iriarte. Emaztearen eta alabaren heriotza gainditzen hasita dagoenean, beste familia bat eraikitzekotan hastekotan, eskutitz bat jasoko du, gertatu zena istripu bat ez zela izan esanez. «Zer gertatu zen jakin arte ez du bakerik izango».
Orainaldian, «XXI. mendeko Euskal Herrian», kokatu du eleberria Ladron Aranak. Orain arte iraganeko kontuez hitz egin izan du, baina oraingoan krisia, langabezia, euskal gatazka eta antzekoak eraman ditu liburura, adibidez. Argi utzi nahi izan du, ordea, ez dela euskal gatazkari buruzko nobela, «suspense trama» bat egiteko hori baliatu duen arren.
‘Booktrailer’-a, sari gisa
Irakurleen interesa saritzeko, «zerbait berezia» egin nahi izan du. Hortaz, batetik, www.albertoladron.com webgunea sortu du, eta nobela bakoitzaren iruzkinak zintzilikatu ditu. Eta, bestetik, webgunean bertan jarri du azken lanaren booktrailer-a. Nobelari buruzko irudiak dira, musikarekin lagunduta.
Bestalde, Txertoa argitaletxea Ladron de Aranaren Arotzaren eskuak (Elkar, 2006) liburua gazteleraz plazaratzekotan da.