Amaia Portugal / 2012-10-11 / 655 hitz
John B. Gurdon ingelesak eta Shinya Yamanaka japoniarrak jaso dute Medikuntza eta Fisiologiaren alorreko aurtengo Nobel saria, zelula helduak pluripotente izateko birprogramatu daitezkeela frogatu dutelako.
Duela mende erdi uste zen zelulen espezializazioak ez zuela atzera bueltarik; heldu eta zeinek bere funtzioa hartzen zuenean, betiko zela. John B. Gurdonek (Ingalaterra, 1933), baina, galdera bota zuen: zelula guztiek DNA informazio bera al dute? Eta hala balitz, ez al lukete malguagoak izan behar? Igel baten arrautza bateko zelula heldugabearen —eta, hortaz, espezializatu gabearen— nukleoa hartu, eta heste zelula heldu batena txertatu zuen horren ordez. Arrautza horretatik atera zen zapaburuak garapen arrunta izan zuen. Zelula helduen geneek bazuten nahikoa informazio atzera zelula heldugabe bihurtu eta orduan ere beren lana behar bezala betetzeko.
Gurdonek artikulu hura argitaratu zuen urte berean jaio zen Shinya Yamanaka (Japonia, 1962). Berrogei urte geroago, saguen zelula helduak birprogramatu eta ama zelula heldugabe bihur zitezkeela egiaztatu zuen. Lau gene besterik ez zuen txertatu behar izan arrakasta izateko. Horrela, espezializazioa kendu eta zelula pluripotenteak sor zitezkeela erakutsi zuen; atzera heldugabeak izaki, gorputzeko edozer zelula izateko egokitu zitezkeen.
Zelula helduak pluripotente izateko birprogramatu daitezkeela frogatzeagatik jasoko dute biek 2012ko Medikuntza eta Fisiologiaren Nobel saria, astelehenean jakinarazi zutenez. Zeluletan denboran atzera egitea iraultzailea izan daitekeela erakutsi dute.
Sari egokia
Gurutz Linazasoro Inbiomedeko presidenteak uste du bi saridunen ekarpenak sekulako aldaketa ekarri duela. «Pentsaezina zen zelula baten erloju biologikoa atzeratzea. Iraultza aurrera egitea dela iruditzen zaigu denoi, baina 50 urteko zelula bat jaio aurretiazko zelula bihurtzea lortu dute. Filosofikoki ere zer pentsa ematen du. Nor bere buruari bueltaka hasiz gero, hilezkortasunaz hausnartzen buka dezakezu», adierazi du.
Aurtengo Nobel sariek biologia zelularrean egindako ikerketak sarituko zituzten ustea bazegoen, eta nahi adina hautagai zituzten alor horretarako. Zergatik Gurdon eta Yamanaka, ordea? Maria del Mar Vivanco CIC Bioguneko Biologia Zelularraren eta Ama Zelulen Unitateko talde buruaren ustez, ez da harritzekoa; hasteko, AEBetako Albert Lasker saria jaso zuten 2009an, eta askotan Nobelaren atarikotzat jo ohi da hori.
Aukeraketa oso egokia dela dio: «John Gurdon aitzindaria izan zen: hark hasi zituen lan horiek, eta oso merezi du. Yamanakak beste urrats bat egin zuen gero, Gurdonen esperimentuetan oinarrituta. Gurdonek organismo batekin egin zuen, eta Yamanakak, zelula bakarrarekin».
Ikertzaile askok eman diote segida Gurdonek hasitako bideari; Ian Wilmut eta Keith Campbell Dolly ardiaren sortzaileek, esaterako. Hala ere, Linazasorok dioenez, Yamanakak egindakoak «ez du erreferenterik: erabat iraultzailea eta berritzailea da; ez zen erraza [Gurdonek hasitako bidetik] ondorio horiek hautematea».
Aplikazio klinikoak
Ekarpen horiek oso garrantzitsuak dira Vivancoren eta Linazasororen jardunean. Zelulen malgutasunaren kontzeptuak, esaterako, zerikusi handia du lehenak CIC Biogunen egiten duen lanarekin: «Bularreko minbiziari buruzko ikerketan aplikatzen dugu. Agian tumore zelula batek ez du zertan behin betikoa izan; agian hori ere birprogramatu daiteke nolabait, horren kaltegarria ez izateko». Linazasorok gidatzen duen Inbiomeden, berriz, birprogramazio zelularrerako plataforma bat dute, eta besteak beste Yamanakaren prozesuak oinarri hartuta lan egiten dute.
Bi Nobel saridunek oinarrizko zientziari dagokionez egin dute ekarpena; hau da, luze joko du oraindik ikerketa horiek aplikazio klinikoak izan arte.
Baina, aplikazioetan pentsatzen hasita, medikuntza birsortzailea aipatzen da gehien. «Printzipioz, badirudi erraz lor daitezkeen zelulek (azalekoek edo odolekoek) beste edozer zelula ordezkatu dezaketela; esaterako, bihotz edo garunekoak», esan du Vivancok. Linazasorok gaineratu duenez, «gure geure informazio genetikoari dagozkion zelulak izan daitezke. Gure bihotzak kalteak baditu, gure zelula propioekin birsortuko genuke horrela».
Hala ere, Inbiomedeko presidentearen ustez, oso litekeena da aplikazio nagusiak beste bide batetik etortzea: «Birprogramatutako zelula pluripotenteekin, laborategiko hazkuntza plakan bertan izan ditzakegu gaitzen ereduak. Hartara, eredu horien gainean aztertuko genuke, adibidez, zergatik hiltzen diren neuronak alzheimerra edo parkinsona edukita».
Ohi bezala, abenduaren 10ean, Alfred Nobelen heriotzaren urteurrenean jasoko dute oroigarria Gurdonek eta Yamanakak, Stockholmen.
Astelehenean bertan, Yamanakak adierazi zuen ohore handia zela saria Gurdonekin batera jasotzea. Bere ibilbide profesionalari zirujau gisa ekin zion, eta oraindik ere bere lehentasuna gaixoei laguntzea dela adierazi zuen: «Zelula amen teknologia alor klinikora eramatea da nire bizi osoko helburua». Gurdon, berriz, oso baikor agertu zen zelulen ikerketak etorkizunean urratuko duen bideari dagokionez: «Uste dut, azkenerako, dena ulertuko dugula zelulen funtzionamenduari buruz».