Arantxa Urretabizkaia / 2012-10-14 / 230 hitz
Gizona naiz: ezin ditzaket bi gauza batera egin», aitortzen dute aukera dutenero. Solidaritate gaizki ulertu batez batzuek, konplizitatez beste batzuek. Konplexuz ere bai bakarren batek, baina gehienek ateraldia arrakastatsua izan ohi delako. Irribarrea eragiten du sinpatiaz edo errukiz. Behin. Lehendabiziko aldian. Bigarrenean, erantzuteko gogoa. Eta hurrengoan, zutabea idaztekoa.
Gizon guztiak ez dira berdinak. «Ez, noski: batzuek bizarra uzten dute», idatzi zuen Margaret Atwoodek letxetxar handiz. Baina «gizona naiz: ezin ditzaket bi gauza batera egin» ateraldia sarri erabiltzen dutenak bi multzo nagusitan bana daitezke, bizardun edo ez: alferrak eta azkar-ustekoak. Alferrentzat aitzakia perfektua da bi gauza egiten ez saiatzeko. Azkar ustekoentzat esaldi aparta emakumeoi aparteko gaitasunak errekonozitzen zaizkigula sinestarazi, gurekin ondo geratu (ateraldi triste bat gurekin ondo geratzeko nahikoa dela uste duen elementu asko dago oraindik inguruan!) eta bide batez, ezer ez egiteko. Beraz, multzo bakarra da oinarrian. Alferrena, izan bizardun, azkar-usteko, edo biak.
Eta barkatu lerrootan akats tipografiko edo argumentuzkoren bat sumatu baduzue. Joango zen inkongruentziaren bat ere, beharbada. Idazten ari naizen bitartean biharko zereginen zerrenda osatu dut —bururatutakoan apuntatu ezean ahazten hasita gauden txikikeria horiek—, deia itzuli didaten lagun pare batekin hitz egin dut telefonoz, mailen bat erantzun eta arropak zabaldu, labadorak bukatu ondoren denbora gehiegiz bertan utziz gero zimurrak kenduko dizkien plantxarik ez dutelako sortu oraindik.
Ez naiz gizona. Baina ez etorri niri ateraldi horrekin. Edo haserretu eta erantzun egingo dizut hurrengoan. Ez batera. Baina bai aldi berean.