Alex Gurrutxaga / 2012-10-14 / 443 hitz
- Izenburua: Hamar
- Egilea: Andrej Longo
- Itzultzailea: Josu Zabaleta
- Argitaletxea: Pasazaite
Pasazaite argitaletxe sortu berria euskarara itzulitako obrak argitaratzeko asmoz sortua da, eta kaleratua du jada lehen liburua, Andrej Longoren Hamar ipuin bilduma, Josu Zabaletak itzulia. Nekez pentsatuko zuen Andrej Longok (1959, Isquia, Italia) hamaika argitaletxek Dieci (2007) atzera bota ziotenean Adelphi argitaletxe txikiak argitaratu ondoren Bagutta, Vittorini, Chiara edota Bergamoko Narratiba sariak irabaziko zituela. Lehen narrazioa 1992an argitaratu bazuen ere, esan daiteke arrazoiz esan dutela Italian Longorena crescendo editoriale bat dela.
Hamar ipuin, Hamar Aginduak eta Napoliko giro itxia: horra liburuaren osagai nagusiak. Ipuin bakoitzak agindu baten izena du, eta hari nagusia horrekin zuzenean lotuta dago. Baina ez agindua betetzen duten pertsonaiak ditugulako, alderantziz baizik, pertsonaia horiek ez baitute lege moral edo etikorik jarraitzen. Hamar Aginduak bizikidetza soziala antolatzeko lehenengoetariko legeak dira, batzuk erlijiosoak eta beste batzuk etikoak nahiz moralak, eta Longok berak honela esan zuen (La Repubblica, 2007): «Edonolako lege moral eta etikoren absentzia kontatu nahi izan dut. Nola uzten dituen absentzia horrek pertsonak bakarrik, biluzik eta etsita euren buruaren aurrean». Eta halaxe aurkituko ditugu ipuinotako pertsonaiak, arazoen aurrean babesgabe, bakarrik eta itxaropena galduta.
Gertaerak Napolin kokatzen dira, Italiako bizi-kalitate eskasenetakoa duen hirian, Camorrak itotzen duen eta gizonak nagusi diren gizartean. Giro horretan uler daitezke ipuin guztiak, eta horrek ematen dio batasuna ipuin bildumari (pertsonaren bat birritan agertzen da), nahiz eta autoreak berak esana denez, Mendebaldearen irudi bat ere izan nahi lukeen bildumak oro har.
Gaiak gogorrak dira, nahiz eta batzuk topikoak izan: camorrarenak (estortsioa, lapurretak, hilketak, etab.), gaueko istiluak, drogazale baten hondoratzea, haurdun geratzen den neskatilarena, etab. Alde horretatik istorio harrigarririk ez dugu aurkituko Hamar-en, eta nago hori ote den ipuin liburu honen gabezia, gaiek irakurlea gehienetan ez harritzea.
Alabaina, kontaketa biziak berehala sartzen du irakurlea gertaeren zurrunbiloan. Narratzaileak istorioaren barnean daude beti, protagonistak eurak dira bizipenak lehen pertsonan kontatzeko lana hartzen dutenak. Bestalde, eta hau da ipuinon ezaugarri nabarmenena, dramatizazioa etengabea da; esan nahi da, elkarrizketa luzeak eta estilo zuzenean emanak dira nagusi. Are gehiago, zenbait pasartetan apenas dago narraziorik, eta ia antzerki-akotazio hutsak iduri dutela esango genuke. Narrazioa, gainera, oso hotza da estilo aldetik; horrek kontraste interesgarria sortzen du gertaeren gogortasunarekin baina, hala ere, tonua hotzegia da nire gusturako, neutroa erabat, ia kronika baten parekoa.
Elkarrizketen nagusitasun horrek ipuinei abiadura eta bizitasuna ematen die, eta era berean oso egoera bisualak eta zinematografikoak sortzen ditu. Horrez gain, aipatu beharrekoa dela uste dut ipuin gehienek ongi eusten diotela tentsioari amaierara arte, eta nola askok azken unean irakurlea harritu ere egiten duten.
Azken batean, gaiek, gogorrak izanagatik, ez gaituzte beharbada asko harrituko, baina lirismorik gabeko errealismo gordinak, elkarrizketa ugariak dituen kontaketa biziak eta istorioek mantentzen duten tentsioak irakurketa gustagarria ziurtatzen dutelakoan nago.