Etena

Anjel Lertxundi / 2012-10-03 / 123 hitz

Lagun artean, telebistan agertu berri den lehendakarigaiak zenbat urte ote dituen. Taldeko batek bere I-phonea atera du eta datuaren bila hasi da. Bitartean, ordea, taldea beste gai batera pasatu da, agian delako lehendakarigaiak euskarari buruz duen jarreraz mintzatzera. Handik laster, ordea, I-phonea atera duenak eztabaida hondatu du lehendakarigaiaren adina kantatuz: berrogeita hamaika urte!

Txantxak txantxa: gure zerebro xaharrak protagonismoa galdu du, gailuek hartu dute, neurri batean behintzat, gure jardun askoren dinamika. Zer jakin nahi dugun, momentuan daukagu erantzuna. Ez da txarra. Internetik gabe ez genuke jakingo zer egin. Baina kontua da teknologia berriei esker askotan datua, xehetasun txorrotxa eta anekdota nagusitzen zaizkiola diskurtsoari, osotasunari. Neuk ere maite ditut trepeta berriak, baina…

Baina, horixe: trepeta berriek zenbat lagun arteko jardun mozten eta hondatzen duten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.