Alberto Barandiaran / 2012-10-19 / 515 hitz
Etxepare Institutuak Frankfurteko Liburu Azokan zabaldu duen katalogo dotorea euskal literaturaren gutxieneko hamar liburu ezinbestekoak iradoki/ezarri/zehazteko beste ahalegin bat da. Kanona esaten zaie literatur zerrenda arautzaileei, irakurri beharreko proposamen arrazoituei, apalategi orotan egon beharreko multzo esentzialari. Hil aurretik ikusi behar dituzun 100 filmak, edo Inoiz bisitatu beharko ez zenituzkeen 100 tokiak liburuak bezala, kanonak zehazten du zer bai. Zer bai horren ifrentzua ez da, derrigor, zer ez, baina gutxienez zer bai ondo markatzeko balio izaten du.
Kritikari eta teoriko ugarik luze eta zabal argudiatu dute euskal literaturaren mailako sistema batean zer-nolako ondorioak eduki ditzaketen horrelako asmoek, intentzio arautzaile gehienak kalitatez kanpoko faktoreek eraginda daudelako, eta jakinik arazoa ez dela soilik hemengoa, hemen ondorioak nabariagoak direla begi bistakoa da. Txikiegia, agian, izatearen zama.
Estibalitz Ezkerra literatur kritikariak paratu duen liburu zerrenda berriaren proiekzioa ez da gutxiestekoa. Euskal kultura atzerrian zabaltzeko eratutako erakunde ofizialak argitaratu du, non eta munduko liburu azoka garrantzitsuenaren erakusleiho erraldoiaren argi guztien azpian aurkezteko. Etxepare Institutuak atzerrian bultzatu nahi duen edo bultzatzea komenigarria edo desiragarria iruditzen zaion literatura eredutzat har daiteke, beraz.
Eredu hori aztertuta, alde batzuk antzeman daitezke aurretik egindako beste ahaleginekiko.
«Idazlerik hoberenak» zein ziren idazleei beraiei galdetu zien Joan Mari Torrealdaik 1997an, eta emaitzak Euskal kultura gaur liburu entziklopedikoan argitaratu zituen. Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi, Joseba Sarrionandia, Ramon Saizarbitoria, Joan Mari Irigoien, Koldo Izagirrre, Txillardegi, Joxe Azurmendi, Joxe Austin Arrieta eta Juan Mari Lekuona daude hor. Hogei urte lehenagoko antzeko beste zerrenda batean, Koldo Mitxelena, Gabriel Aresti, Piarres Lafitte, Luis Villasante, Xabier Kintana, Bitoriano Gandiaga, Jose Maria Satrustegi eta Jon Etxaide zeuden.
Torrealdairena argitaratu eta bost urtera, Hasier Etxeberriak Bost idazle liburua apailatu zuen, Atxaga, Sarrionandia, Saizarbitoria, Izagirre eta Lertxundirekin. Sorpresa gutxi, beraz, baina alde garrantzitsua: irakurzale baten begiradarekin egindako hautaketa zen.
Etxeberriarena kaleratu eta hamar urtera iritsi den oraingo hautaketa honen ezaugarri nagusia da literatur kritikari baten proposamena dela, eta horrek beste begirada bat ematen diola. Zerrendan izen berri batzuk daude, eta 1997an jada hor zeuden lau ageri dira: Atxaga, Sarrionandia, Saizarbitoria eta Lertxundi. Haiez gain, Harkaitz Cano, Eider Rodriguez, Kirmen Uribe, Jokin Muñoz, Arantxa Urretabizkaia eta Iban Zaldua hautatu ditu Ezkerrak.
Kontsiderazio ugari egin litezke lau zerrendak konparatuz gero. Euskal literatura gaizki zahartzen dela, esaterako; egile gehienak gipuzkoarrak direla; azken urteotan ez dagoela atzerriko salmentarako erakargarri izan daitekeen saiakera edo poesiarik; Koldo Izagirre —anekdota bat— desagertu dela.
Bai, zerrenda liburuena da: 10 Books from the Basque Country / 10 libros del País Vasco. Liburuak aukeratu dira, ez egileak. Eta bai, bistan da oreka lortu nahi izan dela. Baina ez da «zerrenda bat besterik ez». «Zerrenda bat baino ez» litzateke, baldin eta datorren urtean beste hamar liburu proposatuko balira, baina Etxepare Institutuak urteotan antolatu dituen hitzaldi, kongresu eta abarretan ez ote dira izen batzuk maiztxo errepikatu?
Kontsolaziorako, gauzak aldatu direla. Joseba Gabilondo kritikariak duela hogei urte kanonari buruz idatzi zuen artikulu luze eta mamitsuan edozein aukeraketaren atzean dauden baldintzak zein indartsuak diren ohartarazi zuen. Euskal literaturaren kasuan, kanonean ez zela agertzen ez emakumerik ez euskaldun berririk, bi kategoria horiek ez omen zutelako balio «euskal kanonaren sistemaren erdigune eta erreferentzia izateko». Hogei urte beranduagoko zerrendan, emakumeak eta euskaldun berriak badaude.