Iñigo Astiz / 2012-10-19 / 1.475 hitz
Loraldi betean da dokumentalgintza Euskal Herrian, eta azken urteetan izandako uzta da horren froga. Aurrekontu murritzak eta aberastasun formala ditu alde, eta geroaz baikor mintzo dira adituak horregatik.
Errentagarritasuna izan zen giltza. Lumiere lantokitik ateratzen diren langileen irudiak ikustea besterik ez dago horretaz ohartzeko. Dokumentalak izan ziren zinemaren historiaren hasierako lehen lanak, baina fikzioa errentagarriagoa zela ohartu ziren berehala, eta bazterrean gelditu zen dokumentalgintza zinema aretoetan. Ez da fikzioa, historia baizik. Ez du horrek generoa ito, ordea, eta fikzio zuzendariek ere beti aurkitu dute beren sorkuntza pizteko osagairik ez-fikziozko lan esperimentalenetan. Baina goraka doaz dokumentalak azken urteetan, eta Euskal Herrian ere igarri da olatua. Donostiako Zinemaldian aurten izandako produkzioa da horren froga. Polemikak gorabehera, egitarau ofizialaren barruan zein kanpoan, handia izan da dokumentalen presentzia: Emak Bakia Baita, Leku hutsak, hitz beteak, Gazta zati bat, Mur-mur, Barrura begiratzeko leihoak, Mariposas en el hierro, Memorias de un conspirador… Ez da kasualitatea. Hori da ez-fikzioari buruzko egia: loraldi betean dago.
Loraldiaren genealogia bat egiten du Iñaki Lazkanok. EHUko kazetaritza departamentuko irakaslea da hura, eta Krzysztof Kieslowski zinemagilearen lana izan du doktore tesiko gaia. Zinemaren hasiera-hasieratik egin dira dokumentalak, eta Lumiere anaien lehen grabazioak jartzen ditu adibidetzat. Baina, dioenez, orain hamar bat urte hasi ziren dokumentalak zinema areto komertzialetara heltzen. «Oso bazterreko genero bat izan da beti dokumentalarena, zine-klubetan eta telebistan ikusten zen. Baina, bat-batean, 2000. urte inguruan zinemara heldu zen, eta publiko orokorraren arreta erakarri zuen. Zerikusi handia izan zuen Michael Moore zinemagilearen lanak, esaterako. Bowling for Columbine filma izan zen lehen kolpea, eta Fahrenheit 9/11 lanarekin Cannesen sari bat irabazi zuen, zinemaldi esanguratsuenetariko batean. Eta badira adibide gehiago. Errol Morris zuzendariaren The Fog of War filmak, esaterako, Oscar bat irabazi zuen 2003an. Eta horrek oihartzuna izan zuen Espainian eta Frantzian. Garai hartakoak dira Jose Luis Guerinen En construcción eta Jaques Perrin zuzendariaren Le Peuple migrateur. Lehenago ere egiten ziren dokumentalak hemen, baina orain iristen ari da Euskal Herrira eragin hori».
Bi dira euskal dokumentalgintzaren gorakadaren faktoreak, haren ustez: generoari propio zaizkion aurrekontu murritzak eta gure lurraldeari propio zaizkion gaiek pizten duten interesa. Globala eta lokala lotzen ditu. «Marraztu dudan nazioarteko testuinguru horrez gainera, bertako testuinguru politikoak ere badu garrantzia. Niri pertsonalki interesgarriak egiten zaizkit euskal presoen inguruko Barrura begiratzeko leihoak lana eta Jesus Egiguren PSE-EEko politikariari buruzko Memorias de un conspirador filma. Eta erakartzen naute gaiagatik. Gaiak ere erakartzen baitu jendea».
Non dago zinema?
Baina aldatu egin da zinemagintzaren paradigma azken hamarkadetan. Hori da Vanesa Fernandezen iritzia behintzat. Bertatik bertara ezagutzen du dokumental garaikidearen errealitatea. EHUko irakaslea da, urteak daramatza abangoardiako dokumentalei adi, eta gai horri buruzko liburu bat koordinatu du: Territorios y fronteras. Zabalkundean jartzen du arreta. «Zer da zinema? Galdera hori egiten zuen Andre Bazin zinema teorialariak bere liburu famatuetariko batean. Hori zen garai batean zinemaren inguruko debateen ardatza; errealismoa bai, errealismoa ez, fikzioa, errealitatea… Baina orain aldatu egin da galdera. Jadanik galdera ez da zinema zer den, baizik eta zinema non dagoen». Urtero egiten du froga bera ikasleekin. «Non dago zinema?», galdetu, eta antzeko erantzuna jasotzen du maiz: «Zinema aretoetan». Baina egiaren mutur bat baino ez da hori Fernandezentzat. Askoz ere zabalagoa da ikuspegia. «Alde guztietan dago zinema».
Errezeloz mintzo da zinema areto komertzialetan egon beharraz. Dioenez, hori ez baita jada zinema ikusteko gune bakarra. Hedatu egin dira dokumentalak ikusi ahal izateko bideak. Hori da haren ustez dokumentalgintzaren loraldian berria dena. «Berrikuntza ez da dokumental kopurua, zabalpen bideak baizik». Galdua du hegemonia areto komertzialak, eta inbentario luzea egiten du Fernandezek bere tesia frogatzeko. Zinemaldia, Bilboko Zinema Ikusezina izeneko jaialdia, Zinemira, arte galerietan ere gero eta ohikoagoa da dokumentalak ikusi ahal izatea, museoak, Iruñean egiten den Nazioarteko Zinema Dokumentalaren Ikuspuntu Jaialdia… «Hainbeste aukera dugu, beti topatuko dugu gustuko dugun zerbait». Aberatsa da eskaintza egun, eta, dioenez, badira kalitate handiko lanak. Egile interesgarririk ere ez da falta: Oscar Alegria, Victor Iriarte, Gentzane Agirre…
Bat dator Fernandezekin Juanmi Gutierrez ere. Esperientzia badu. 40 urte daramatza dokumentalak egiten, eta erreferentziazkoa da haren izena euskal zinemagintzan. Fernandezek aipatzen duen hedapen bera aipatzen du hark ere. «Oso zaila da pantaila handira heltzea, baina asko zabaldu dira bestelako kontsumo bideak, eta gorantz doaz». Lilura pizten du generoak. «Gero eta zale gehiago ditu. Fikzioarekin alderatuta, egiatik askoz ere gertuago uzten zaitu. Niri gertatzen zait. Gero eta gehiago kostatzen zait Meryl Streep etxekoandre bat izan daitekeenik sinestea. Noski, fikzioak glamourra, star-system-a eta publizitatea ditu alde. Konpainiek ez dute uste dokumental bati egindako publizitatea errentagarri izan daitekeenik».
Baina, hain zuzen ere, aurrekontu murritzak erabiltzea du alde ez-fikzioak. Bruselan ikasi zuen zinemagintza hark, eta han egin zituen lehen dokumentalak. Haiei lotuta egon da geroztik haren ibilbidea. Egin omen zuen fikzio gidoi pare bat ere, baina oso nekeza egin zitzaion produktore eta diru bila aritu beharra. «Orduan erabaki nuen fikzioarena kito zela». Ez da ondoriorik gabeko erabakia, ordea. Izan ere, euskal dokumentalgintzaren erreferente izan arren, ezezaguna da haren izena ikus-entzule gehienentzat. Fikzioak ematen du itzala; itzalpean uzten du egilea dokumentalak. «Ekonomiaren menpekoa da hori», dio. «Fikzioa errentagarriagoa da dokumentala baino, eta horregatik dauka prestigioa eta hedapena. Mendebaldeko zibilizazio ultrakapitalista honen ondorioa da. Badu logika aferak, baina horrek ez du esan nahi moral bat baduenik. Gainera, famak edo kritikaren onarpenak egun batez ohera irribarretsuago joaten laguntzen dizu, baina hori da dena».
Dioenez, lanak hartzen du gehienetan sona dokumentalgintzan eta ez izenak. Onartua du hori, gaiarekiko identifikazioaren ondorio omen delako. Amiantoari buruz egin zuen filma jarri du adibidetzat: La plaza de la música. Haren lanik ezagunena da ziur aski. Amiantoa arnastu izanaren erruz hil zen haren ama, eta, beraz, gertukoa zuen arazoa. Eta gertutik gerturako bidea eginez heldu omen da urrun filma. «Amiantoaren erabilera salatzen duten elkarteek propio egin zuten nire lana, eta Espainia osoan ibili dute. Baita Europako gune batzuetan ere. Beren borroka hedatzeko bidetzat hartu zuten, eta horregatik hedatu zuten lana. Hegan egiten dute halako filmek, eta pausatu egiten dira han-hemenka. Publiko orokorrarengana ez da helduko, baina bai inplikatutako jendearengana. Eta hori da publikorik garrantzitsuena».
Zaila da zenbaketa egitea, baina nabarmen hazi da azken urteetan beren kausa ezagutarazteko herritar talde eta elkarteek egin dituzten dokumentalen kopurua ere. 1936ko gerran emakumeek jokatutako rola aztertzen duen dokumental bana egin berri dute Intxorta 1937 eta Ahaztuak elkarteek, esaterako, Herrira elkarteak ere presoen senideen gainean egin du beste bat, Lokarrik bultzatutako Begiak mintzo dira izenekoa ere hor dago, gazte mugimenduaren esperientziak biltzeko asmoz sorturiko Tximeletak proiektua, Eguzki Bideoak taldearen urteetako lana… Gizarte mugimenduetatik abiatutako egitasmoak izaten dira maiz halakoak, eta are ezezagunagoa izaten da egilearen izena kasuotan.
Errealitate soziolinguistikoa
Zabalkunde horretan euskarak zer pisu izango duen. Hori izan daiteke etorkizunari buruz pizten den galderetariko bat. Badaude pelikulak euskara hutsean, eta interesgarriak dira haietariko asko. Fikzioan baino zailagoa izan daiteke, ordea, euskarazko dokumentalgintza bat sortzea. Izan ere, fikzioan autoreak erabakitzen ditu joko arauak, eta hauta dezake film batean pertsonaia guztiek euskaraz egitea, baita istorioa Indian kokatu arren ere. Baina bestelakoa da egoera dokumentalekin. Errealitatea da giltza ez-fikzioan, eta, beraz, fikzioan baino pisu handiagoa hartzen du errealitate soziolinguistikoak. Nekeza izan liteke euskaraz mintzo ez den errealitate bat euskara hutsez kontatzea. Kartzelako preso arruntei buruzko dokumental bat da, adibidez, Gutierrezek egin duen azkena: Mur-mur. Aitortzen du bere euskararekiko militantzia, eta euskara hutsezko film bat baino gehiago egina du horregatik. Baina argi ditu irizpideak: «Nik beti uzten diet nire elkarrizketatuei nahi duten hizkuntzan hitz egiten. Batzuek ez dakite euskaraz, baina dakitenetariko batzuk ere erosoago aritzen dira gazteleraz. Nik inoiz ez diot eskatzen elkarrizketatuari euskaraz aritzeko esfortzu bat egin behar badu. Nahikoa esfortzu egiten du kamera aurrean biluzten. Lekukotza ematea bada aski ausarta. Lekukotzaren nolakotasuna lehenesten dut».
Mugen lausotasuna
Lausotu egiten dira mugak dokumentalen kasuan. Guztiz mutua den dokumental bat euskarazkoa da? Edo euskaraz, frantsesez, gazteleraz eta ingelesez mintzo den jendea hartzen duen dokumental bat euskarazko lan bat da? Hemengo gai bat jorratzeak euskal zinema bilakatzen du? Arrapaladan datozkio galderak Vanesa Fernandezi euskarazko dokumentalgintzari buruz hastean. «Dena ezin da zaku batean edo bestean sartu. Tarteko espazioetan gelditzen dira beste batzuk». Dioenez, lausotasun horrek ez du esan nahi, ordea, euskarazko dokumentalik ez dagoenik eta gerora ere egongo ez denik.
Urrunago doa Gutierrezen baikortasuna. Euskararen hedapenak gero eta euskarazko dokumental gehiago ekarriko dituela uste du. Errealitatea aldatu ahala haren isla ere aldatuko dela, eta badira zantzu positiboak, dioenez. «Euskaraz hazi eta hezitako zinemagile belaunaldi berri bat heldu da orain, eta asmatu dute euskara beren filmetara moldatzen. Kontu berria da hori. Lehenago ere baziren saio anekdotikoak, baina orain jende talde oso bat dago bere ibilbidea euskararekin lotuta ikusten duena. Hor dago Moriarti, Telmo Esnal, Asier Altuna…». Eta izen zerrenda hori da haren baikortasunaren oinarrietariko bat.
Ikuspegi bera dute hiru adituek dokumentalgintzaren etorkizunari buruz. Baikor begiratzen diote denek geroari. «Gora eta gora» doa generoa Gutierrezen ustez, «oso osasun egoera onean» dagoela dio Lazkanok, eta urteekin Euskal Herriak generoaren mapan leku bat lortu duela uste du Fernandezek: «Egia da lehen pixka bat atzetik joan garela produkzio lanean, baina orain oso foku interesgarriak ditugu. Ez da bakarrik moda kontu bat. Orain publiko orokorrarentzako marjinalak diren autoreak laster ez dira marjinalak izango».