Igor Susaeta / 2012-10-03 / 441 hitz
‘Alter ero’ kaleratu du Bertol Arrietak, minetik abiatuta emozioen literatura «sotila» egiten duen ipuin liburua
Bizi izan ez dituen bizitzak «imajinatzeko» aukera ematen dio literaturak Bertol Arrietari. «Erotu gabe huts-hutsetik hasteko modu bakarra da». Horregatik kaleratu du Alter ero ipuin liburua (Susa). «Nire alter ego ero, ilun horiek bizi dituzten bizitzak kontatu ditut». Zortzi ipuin pilatu ditu, eta «emozioen literatura sotila» egin du, idazterakoan «minetik» eta gertakizun «xumeetatik» abiatuta. Bigarren liburua du. Lehenengoa, Txikira beti hordago! (Erein), 2004an argitaratu zuen.
Twist eleberria aurkezterakoan, Harkaitz Canok esan zuen idazteko orduan oso garrantzitsua dela konpasaren orratza non jartzen den jakitea, liburuak non min egiten duen jakitea. Arrietak bere zilborraren gainean jarri du konpasaren orratza. «Eta konpasari bueltak eman dizkiot gorputzean zehar, orratzak non min ematen didan nabaritzeko». Izan ere, bizirik sentiarazten duen literatura gustatzen zaio. «Eta bizirik sentitzeko ez dago mina sentitzea bezalakorik». Halere, ipuinak ez dira oso dramatikoak, eta «umore handia» dute.
Gertakizun «xumeak» dituzte abiapuntuan. «Ez horregatik ohikoak». Eta kontakizun xume baina ezohiko diren horien pare bat adibide eman ditu Arrietak. «Auto bat parkingean aparkatu du gizon batek, eta bueltan autoa ez dago lehengo tokian. Edo hondartzara joan denak nola ikusten duen gizon trajedun bat plastikozko botila itsasoko urarekin betetzen eta maletan sartzen».
Ipuin horiek garatzeko modua, berriz, «bisuala da, zinemaren eraginez». Eta hiru zinemagile aipatu ditu kontatzeko modu horren adibide gisa: Carlos Sorin, Aki Kaurismaki eta Jim Jarmusch. «Izan ere, kontakizunak bisuala izan beharra dauka sotiltasuna lortzeko». Hartara, ez da barneratu pertsonen «barne gatazketan edo buru janetan».
Alter ero-ko minak bereak dira Arrietaren esanetan, baina ez dira derrigor hari gertatutakoak. Ipuinetan heriotzak sortzen duen beldurraz mintzo da; eta denboraren iragateak eragiten duen minaz. «Azkarregi bizi garela uste dut, presaka. Neure burua ikusi izan dut une berean pixa egiten eta hortzak garbitzen». Horregatik da literatura, Arrietarentzat, «slow life-a» egin dezakeen eremua. «Hain azkar doa dena, ez gara konformatzen bizitzea tokatu zaigun bizitzarekin». Uste du denbora iragatearen minak eramaten duela pertsona «hainbat bizitza» bizi nahi izatera. «Denok nahi genuke Hegoamerikan motxila hartuta ibili, Parisen logela ilun batean bizi den poeta izan, edo zazpi seme-alaba dauzkan gizona». Eta erotu gabe, «gizartearen arauen kontra» daudenen bizitzak bizi ahal izan ditu Arrietak. «Hortik dator, hain zuzen, liburuaren izena». Julio Cortazar euskaldunean berraragitu da. Ordezko eskubaloi atezainaren larruan sartu da, eta albokoak krispetak jateagatik sumindu den zinemazalearen sentimenduak bereganatu ditu, besteak beste.
Literaturak «salbatu» du Arrieta. «Bizitza ulertzen lagundu dit, eta izan dena eta izan zitekeena imajinatu ahal dut hari esker». Dena dela, eta Lobo Antunesek kontatzen zuena kontuan hartuta, «oztopo» ere bihur daiteke. «Esaten zuen gertatzen zitzaion edozein gertaera, txikiena edo ezbeharrik handiena, literaturarako nola aprobetxatu pentsatzen ibiltzen zela». Huts-hutsetik hasteko aukera ematen zion, alegia.