Marian Iriarte / 2012-10-25 / 422 hitz
Berriztagarri kontzeptua ahoz aho darabilgu. Gehienetan, energia berriztagarriei buruz aritzen gara, baina gaurkoan beste alde batetik azalduko dugu. Industrian eta laborategietan aspalditik hartu izan dira kontuan Lehengai Berriztagarriak (LB). Zer den berriztagarria eta zer ez, denborak mugatzen du. Gehienetan berriztagarriak ez direnak esaterakoan erregai fosiletan ari gara pentsatzen. Baina oso denbora epe luzea hartuko bagenu kontuan, erregai fosilak ere berriztagarriak izan zitezkeen, milioika urte pasatu eta landaredia erregai fosil bihurtuko baita. Aldiz, eguzkitiko energia berriztagarritzat jo edo, hobeki esanda, energia alternatiboen artean sartu ohi dugu, nahiz berriztagarria ez izan. Eguzkiaren energia lehenago edo beranduago agortu egingo da, baina gizakion denbora-eskalan berriztagarritzat har dezakegu.
Honela definituko genuke, beraz, lehengai berriztagarria: gizakion denbora-eskalan birsor daitekeen lehengaia. Lehengai berriztagarrietatik energia lor daiteke, eta produktu kimiko ugari lortzen dira. Zein da lehengai berriztagarri nagusiena? Biomasa deritzona. Biomasa esandakoan, bai animalietatik, bai landareetatik eta mikroorganismoetatik datorren material oro esaten ari gara. Garbi dago lehengai horiek beti hor egongo direla, baina ez da hain erraza horietatik abiatuz hainbat substantzia kimiko interesgarri lortzea; horretarako, prozesuak hobetu egin behar dira. Adibidez, egurretik eta nekazaritzako hondakinetatik produktu kimikoak lortzeko, hainbat prozesu kimiko egin behar da: lehenik, hasierako materiala frakzionatu; ondoren, hidrolisia…
Jarraian biomasan agertzen diren hainbat substantzia ikusiko ditugu, eta zeintzuk diren horietatik lortzen diren produktuak.
Talderik nagusiena biomasa horren barruan karbohidratoak dira (azukreen familiakoak). Polisakaridoak (karbohidrato konplexuenak) dira, zelulosa, almidoia eta kitosanoa adibidez, biomasan agertzen diren ugarienak. Eta zertarako erabiltzen dira? Bertatik, polimeroak lor daitezke, erregaiak, material berriak emango dituzten monomeroak… Beste talde garrantzitsuena lipidoena da, edo hizkuntza arruntean esanda, gantzak edo koipeak. Egun industria kimikoak gehien erabiltzen duen lehengai berriztagarria osatzen dute. Landare koipeek abantailak dauzkate koipe mineralen aldean: biodegradagarriak dira, ingurumenari ez diote kalterik egiten, biodiesela lortzeko erabil daitezke, baina baita hainbat produktu kimiko garrantzitsu lortzeko ere. Koipe horiek normalean hazietatik lortzen dira, eta gero, hidrolisia eginez, koipeen osagaiak lortzen dira (gantz-azidoa eta glizerina). Horietatik hainbat produktu lortzen dira, lubrikatzaileak, disolbatzaileak, azidoak, erretxinak, egonkortzaileak, itsasgarriak, pinturak eta gainestaldurak, produktu farmazeutikoak…
Beste talde garrantzitsu bat proteinak dira (makromolekula naturalak). Proteinak lortzeko, artoa, koltza eta gari-glutena erabiltzen dira gehienbat. Egun, proteinen produkziorik handiena (ia 90%) jaki-industrian erabiltzen bada ere, ari dira beste aplikazio interesgarri batzuk bilatzen: surfaktanteak, materialen gainestaldurak, itsasgarriak…
Lehengai berriztagarrien artean aipatu beharreko beste talde bat biopolimeroena da. Oraindik ere erregai fosiletatik (petroliotik) eratorritako polimeroen aldean ez dira oso ugariak, nagusiki horiek lortzen zailagoa eta garestiagoa delako. Baina polimeroen industrian etengabe ari dira lanean gero eta biopolimero hobeak eta merkeagoak lortzeko. Produktu horiek aplikazio asko dauzkate; beste batzuen artean, nekazaritzan erabiltzen diren film biodegradagarriak, hondakinentzako poltsak, aplikazio biomedikoak…