Mikel Asurmendi / 2012-10-07 / 458 hitz
- Izenburua: Martutene
- Egilea: Ramon Saizarbitoria.
- Argitaletxea: Erein.
Martutene irakurtzen lau aste eman dut. Lehenago, artean eta ondoren nobelari buruz idatzitako aipuak ere irakurri ditut. Idazleak esandako hau, kasurako: «Bi milioi eta hirurehun karaktere idatzi dut, eta milioi eta erdi ageri dira liburuan». Neronek 3.400 karaktere ditut iruzkin hau osatzeko.
Hamar urte dira nobela eraikitzen hasi zela Saizarbitoria. Idazlea imajinatu dut Martuteneren genesian, etxeko biblioteka oparoan. Idazle kuttunen liburuak ditu apalategian: Max Frisch eta Gustave Flaubertenak, besteak beste. Frischen arkitekto sena bere egitea pentsatu du nobelagileak, ironikoki. Saizarbitoriak ironia sobran baitauka, baita lanerako obsesioa ere: «Sormen lanaz lekora ezin duela pozbiderik aurkitu» gogoratu zait. Bere izate gaixoaren ezaugarritzat dauka Martutene-ren idazleak aipu hori. Flauberten «Etorkizunak torturatzen gaitu eta iraganak kateatu. Horregatik egiten digu ihes orainak» aipuarekin gogoratu naiz, halaber.
Donostiako Martutene auzoan kokatu du Martin pertsonaia: idazlea. Bere alter ego, naski. Martinen lana da Martutene taxutzea. Martinen egoa, ordea, ez da nahiko nobela osatzeko. Julia bikotea du lagun. Zigor —Juliaren semea— eta Harri laguna ere ondoan paratu ditu Saizarbitoriak. Alter ego bat baino gehiago behar du idazleak, hain dira ugari bere obsesioak. Abaitua eta Pilar ere protagonista dira —Abaitua nagusia—, eta Loiola. Kepa laguna barne.
Trama hiri erditik eta aldietara bitartean garatzen da: Martutene auzoan nagusiki. Nobelak zabalera gehiago behar du, baina. Otzeta sortu du idazleak, antigoaleko jaurerriaren eta probintziaren artean dago Otzeta. Euskaldunon —eta nobelako hainbat pertsonaiaren— jatortasunaren adierazlea da Otzeta. Azkenik Bilboraino eramango gaitu nobelagileak. «Euskaldunok Bilbon salbatuko ote gara?», pentsu dut.
Euskal Herria —ez Euskadi— ez da nahiko Martutene taxutzeko. Euskara aspaldi herdoildu zen «hiri nagusian». Nobelako pertsonaien euskara lekuko. Suitza moduko bat behar du idazleak: euskara, gaztelania, baita frantsesa eta ingelesa ere. Urgull begietan, Frischen Montauk dauka gogoan. Max Frisch du eredu. Lynn pertsonaia —euskalduna ez den bakarra— aipatu gabe utzi dut, alta, bera da nobelaren gakoa. Montauk-etik ekarri du Martutene-ra egileak.
Martutenetik iragaten diren trenez beste, aireportuak gako dira Martutene-n ere, Montauk-en nola. Agertoki nagusia Martuteneko Villa Flores da, haatik. Hopper margolariaren House by the Railroad eredu. Nobela, Saizarbitoriarena, diot, erudizioa da. Julia pertsonaia Hopper-ren Hotel Room koadroaren irudi, adibidea da.
Saizarbitoriak nazionalisten istorioak lehenetsi ohi ditu. ETA alabaina, iragana da nobelan. Doian eta zeharka baino ez da ageri. «Odolkiak ordainetan» aipuak ETAren garaia ez dela samur atzenduko pentsarazi dit, halere. Otzetako Etxezar-reko Zabaleta gogoan.
Espetxerik barik, gure labirintuaren lekukotasuna da Martutene. Nobelak psikosia sorrarazten du. Existentzia —eta Euskal Herriarena— eraldatu nahi eta ezin duten burges txikien miserien —eta poz txikien— agertzaile.
R. D. Laing psikiatraren «Denok asasinoak gara, eta ez du axolarik zein kultura, gizarte, klase edota nazionalitatekoak garen» aipua gogoratu zait irakurketa amaitu ahala. Baikorra egin zait Martutene erraldoia haatik. «Baina» asko laga dit, noski, baina espazioa agortu zait engoitik. Martutene-ko pertsonaien milioi bat begiradaren artean begirasun bat da enea. Ene Martut-ene!