Imanol Mercero / 2012-10-14 / 191 hitz
- Izenburua: Ezekiel nora ezean
- Egilea: Jasone Osoro
- Argitaletxea: Elkar
Ezekiel (2009) eleberri arrakastatsuaren jarraipena kaleratu berri dute. Inondik ere, Jasone Osoro gazte literaturako sagak egiten espezialista bihurtzen ari zaigu, berea baita Jara, lau titulu eta dozenaka berrargitalpen dituen fenomeno literarioa.
Idazle elgoibartarraren arma nagusia nerabeak bitartekaririk gabe hizketan jartzea da, gaztetasunaren estereotipo jakin bat hobetsiz, eta aurreiritzi edo juzguak haien ahotan utzita. Hori eta testu irakurterraz eta ongi xehatuak eskaintzea, esfortzu minimoarekin irakurri ahal izateko batez beste dituzten 150 orrialdeak.
Hala jokatu izan du Jararekin, neskato nerabeen soslaia erretratatuz, eta halaxe ari da Ezekielekin, bere alter ego maskulinoa.
Gogora dezagun Ezekielen lehen eleberrian protagonistaren eta haren hiru lagunen musu bat lortzeko gorabeherak kontatzen zirela, neskak eta motorrak beti gogoan zituen 14 urteko laukotearen bizi-xede ia bakarra.
Oraingoan, dena antzeko jarreran aurkituko dugu.
Oraingoan ere dena Ezekielen inguruan eraikita dago: lekuak, uneak, ekintzak… Pertsonaia gehienak nerabeak dira. Lau agertokiak eskolako pasilloa, gazte lokala, taberna eta etxea dira. Eta, jakina, klimaxa ekarriko duen unean, txosna eta DJa dituen festaz gozatuko dugu.
Narrazioa arina eta elkarrizketa askokoa da, Ezekielen pentsamendu pendularrean murgildua. Mutilari errukiz jarraitu eta happy end-a nola iristen den irrikaz irakurriko dutenen bazka perfektua.